Albistea entzun

Etxeko langileak

«Iruzurra» izurrite

Etxeko langile asko 2019an legez dagokiena baino gutxiago kotizatzen ari direla azaleratu dute hainbat elkartek. Gizarte Segurantzari eskatu diote ikerketari ofizioz ekiteko, sektoreko langile askorentzat oso zaila delako salaketa jartzea.

Etxeko langile bat, ontziak garbitzen.
Etxeko langile bat, ontziak garbitzen. BERRIA Tamaina handiagoan ikusi

Imanol Magro Eizmendi -

2019ko abenduak 13

«Iruzurra da». Isabel Otxoa Etxeko Langileek Elkarteko (ELE) ordezkariak argi du. «Gizarte Segurantzak berez egin beharko lukeen eguneraketa bat da, ardura hori bizitza osoan nomina bat ikusi ez duten langile baten gainean utzi gabe». Etxeko langile kontratudunak 2019an pairatzen ari diren egoeraz mintzo da; izan ere, urte hasieran lanbide arteko gutxieneko soldata igo zenetik, asko beharko luketen baino gutxiago kotizatzen ari dira. Etxeko langileen kotizazioa mailakako sistema baten bitartez egiten da, irabazten duten soldataren arabera. 2019an, lanaldi osoan egon eta gutxieneko soldata kobratzen dutenek zazpigarren mailan beharko lukete —hamar dira guztira—, 1.050 euroko oinarri batekin kotizatzen; baina Gizarte Segurantzak ez dituenez bere datu baseak eguneratu, jardunaldi osoan diharduten etxeko langile asko seigarren mailan ageri dira, 877 euroko oinarri batekin kotizatzen. Modu horretara, enplegatzaileek gutxiago ordaindu behar diote Gizarte Segurantzari.

 

ELEk Gizarte Segurantzaren eta Arartekoaren atea jo du dagoeneko, eta eztabaida Eusko Legebiltzarrera iritsi da. Kasu bilketa hasi du, gaiaren hedadura ezagutzeko, eta hor Bidez Bide gizarte sustapenerako elkartearen eta SOS Arrazakeriaren laguntza jaso du, zeren etxeko langile asko, eta batez ere egoiliar daudenak —enplegatzaileen etxean lo egiten dutenak— etorkinak baitira. «Ikertzen ari gara, eta gero eta kasu gehiago agertu dira», argitu du Katia Reimberg Bidez Bideko kideak. «Langileak ageriko zaurgarritasunean daude, eta ez dute sistema ezagutzen. Enplegatzaileak edota kudeaketa agentziak dena ondo egin duela uste dute, eta lasai daude», gehitu du. Hiru elkarteak, baina, bat datoz esatean enplegatzailea ez dela kriminalizatu behar. «Enplegatzaileek, gehienetan, ez dute horren berri; ez bazaie esaten, ez dute aldatzen. Kuota ordaintzen dute, eta legea betetzen ari direla uste dute. Horregatik dagokio Gizarte Segurantzari ekimena hartzea».

ELEk langile baten galderaren ondorioz ezagutu zuen egoera, haren lan bizitza agiria aztertzean. Lanaldi osoko kontratua zuen, lanaldi osoko soldatarekin, baina lanaldi partzialean zegoela ageri zen agirian, alegia, %100etik behera. Kasu ugari aurkitu dituzte. Esaterako, 2012tik etxe berean lanean aritu eta soldata inoiz egokitu ez zioten langile bati 743 euroko kotizazio oinarria ageri zaio, eta %69,4ko lan jardunaldia.

Kasu lazgarriagoak badaude: esaterako, 2016an lanaldi osoko kontratua sinatu zuen Nikaraguako emakume batena. Orduko gutxieneko soldata ezarri zioten, 764 euro hilean, aparteko ordainsaririk gabe. Oinarria eguneratu ez ziotenez, %73,4ko lanaldia du aurten. Eta, okerragoa dena, 2019an mailakako sistemaren ratioak aldatu dituztenez, zazpigarren mailatik seigarrenera igaro da; alegia, bere kotizazio oinarria 856 eurotik 743 eurora pasatu da.

Aurkitu dituzten kasu ugarien bi eredu baino ez dira, eta argi dute Gizarte Segurantzak ikertu beharko lituzkeela. «Hau konpontzeko egoera oso on bat galdu dugu. Lan ikuskaritza gutxi daude, etxebizitza eremu pribatua dela argudiatzen baita», zehaztu du Reimbergek. Eta hasi dira pausoak ematen. Ekainean, ELEk, etxeko langileen Espainiako beste 33 elkarterekin batera, eskutitz bat bidali zion Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiari, egoera konpon zezan eskatuz. Aldaketarik ez zegoela ikusita, azaroaren 11n Espainiako Arartekoari idatzi zioten, eta hark tramiterako onartu du eskaera.

Otxoak argi ditu berehalako eskaerak: «Dena legezko bihur dezatela, bidean egon diren prestazioak errebisa ditzatela, eta langile eta enplegatzaile bakoitzari jakinaraz diezaietela. Kasuak ateratzen jarraituko dugu zuzentzen duten arte». Zuzenketak, gainera, «atzerako eraginez» egin beharko liratekeela uste du, «baina zigorrik gabe».

Azken eskaera hori ondo azaltzen duen kasu bat ezagutu du Otxoak, langile bat kontratatua zuen adineko bikote batena. Orain jakin dute urte hasieratik gehiago kotizatu behar dutela, eta %20ko gainkarga aplikatu diete kotizazioetan, zigor gisa. «Atzeraturiko kotizazioen aldea ordaindu behar dute, baina gainkarga, ez. Errua ez da haiena, Gizarte Segurantzarena baizik». Otxoak ondo daki zer dioen; Nominen Kudeaketa irakaslea izan zen EHUn.

Konponbide orokorra nahi dute, eta Gizarte Segurantzak har dezala ekimena. Gaur-gaurkoz, langile bakoitzak bere kasa egin behar du erreklamazioa, eta, salatzaileen ustez, hori da aldatu beharreko puntuetako bat. Langileek askotan ez dute nominarik jasotzen, eta hain gertuko eremu batean botere harremanak azaleratzen dira. «Askok ez dute aukerarik euren eskubideak aldarrikatzeko. Emakume pobreak dira, eta ez bakarrik atzerritarrak, asko ama bakarrak dira, alargunak... Gero, kontuan hartu behar da ez dutela langabezia saririk, eta horrela ez da erraza zure enplegatzaileei erreklamazioa egitea». Baina zergatik ez da egin? Otxoa irmo mintzo da: «Interes politiko bat dago atzean: enplegatzaile pribatuei zama ez handitzea».

Elkarteek argi dute epe luzera etxeko langileen estatus berezia abolitzea izan behar dutela asmo, eta beste edozein lanpostutakora egokitzea. Ulertezina da, besteak beste, langabezia saririk ez izatea, edo mailakako sisteman jarraitzea, «soldataren eta kotizatzen duzunaren artean aldea dagoelako», azaldu du Otxoak. Kontuan hartzekoa da egoiliarren kasuan enplegatzaileen etxea dela euren bizitokia, eta egun batetik bestera teilaturik eta langabezia saririk gabe gelditu daitezkeela.

Eztabaida legebiltzarrean

Etxeko langileen baldintzen inguruko hainbat eztabaida eta eskaera egon dira Eusko Legebiltzarrean. Azkenekoa azaroaren 14an izan zen; bertan, EH Bildu eta Elkarrekin Podemos taldeek propio eskatu zuten Gizarte Segurantzak kotizazioen auzia espresuki iker zezala, besteak beste oso zaila delako langileek eurek salaketa jartzea, haien egoera pertsonalak ikusita. Eskaerak ez zuen gehiengoa lortu; bai, ordea, EAJ eta PSEren zuzenketak zituen testuak. Bi alderdi horiek bakarrik bozkatu zuten alde. Bertan, OIT Lanaren Nazioarteko Erakundearen etxeko langileentzako hitzarmena berresteko eskatzen zioten Espainiako Gobernuari, eta gaiari buruzko informazio kanpaina bat abiatzeko Jaurlaritzari. ?

Otxoa gonbidatu gisa egon zen Eusko Legebiltzarrean, eta haserre bukatu zuen Carmen Sanchez PSEko legebiltzarkideak emaniko erantzunekin. Sanchezek etxeko langileen lan baldintzek izandako hobekuntzak aipatu zituen, eta onartu zuen oraindik badagoela zer egina, baina «iruzurra egonez gero» salaketa langileak jarri behar duela. ELEko kideak erantzun egin nahi izan dio: «Gezur tekniko bat da hori, eta argudio klasista bat, eta kontuan hartzen ez duena lan hauetan diharduten emakumeen zaurgarritasuna».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Mitxel Lakuntza eta Mikel Noval, gaur, Bilbon. ©ELA

ELAk uste du inoiz baino premiazkoagoa dela zerga erreforma bat

Iker Aranburu

Eusko Jaurlaritza, Nafarroako Gobernua eta aldundiak kritikatu ditu kapitalaren gaineko zergak handitu nahi ez dituztelako.

Kamoi bat AP-8 autobieko bidesari batean ©Gari Garaialde (Foku)

Bizkaiko AP-8a eta Supersurra %10 merkeagoak izango dira kamioientzat

Jokin Sagarzazu

Horrez gain, erabilera maiztasunaren araberako deskontuak %13rainokoak izango dira, eta motor alternatiboak erabiltzen dituzten kamioiek %25ekoa izango dute gehienez. Aldundiak 5,5 milioi gutxiago jasoko ditu.

Urkullu Ingeteameko buruekin. ©BERRIA
Amiantoaren biktimen protesta, 2021ean, Espainiako Gorteen aurrean. ©Juan Carlos Hidalgo / Efe

Amiantoaren biktimen funtsa sortu dute, eskatu eta 11 urtera

Iker Aranburu

Eusko Legebiltzarraren eskaerari azkenean baiezkoa eman diote Espainiako Gorteek. Hasiera batean 25 milioi izango ditu funtsak

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...