Alarmarik ez, kontrol gehiago bai

Azken urteotan giza amorruaren hainbat kasu izan dira Europan. Euskal Herrian gaixotasuna aspaldi desagertu bazen ere, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako albaitarien kontseiluak eskatu du txertoa derrigorrezkoa izatea.

Txakur bati txerto bat jartzen Johannesburgon, Hegoafrikan. JON HRUSA / EFE.
Edurne Begiristain.
2020ko apirilaren 9a
00:00
Entzun
A morruaren gaixotasuna mundu osoan zabalduta dago. OME Osasunaren Mundu Erakundearen arabera, urtero 59.000 pertsona inguru hiltzen ditu. Afrikako eta Asiako herrialderik gehienetan gaixotasuna berezkoada: landa eremuetan gertatzen dira Afrikan eragiten dituen heriotzen %99a eta Asiako %80a. Bi herrialde horietan, kasuen %95 txakurren hozkak eragindakoak dira. Ameriketan, saguzarrak dira batez ere amorrua transmititzen duten animaliak. Europan, berriz, hiru dira nagusiki amorrua izan dezaketenanimaliak: txakurrak, animalia basatiak (azeriak eta mapatxeak) eta saguzar intsektujaleak.

Euskal Herrian hamarkadak dira animaliek amorruaren gaixotasunik ez dutela. Europan bezala, animalien txertaketari esker, aspaldi desagertu zen eritasun hori gure lurraldean.Hori dela eta, etxeko animaliei—batez ere, txakurrei eta katuei— amorruaren aurkako txertoa jartzea ez da derrigorrezkoa toki guztietan. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, esaterako, hautazkoa da txertoa jartzea duela hamar urtetik hona, eta Ipar Euskal Herrian ere ez da derrigorrezkoa. Nafarroan, aldiz, txakur guztiek eduki behar dute amorruaren aurkako txertoa jarrita, lau hilabete betetzen dituztenean.

Hala ere, azken urteotan, amorrua berezko gaixotasuna den lurraldeetan kutsatu diren hainbat pertsonaren kasuak egon dira Europan. Kasu bakanak izan dira, baina alerta piztu dute. Albaitariek ekarri dute gaia hizpidera. «Ez dugu alarma piztu nahi, baina adi egon behar dugu». Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Albaitarien Kontseiluko presidente Alvaro Mateosek egin du oharra. «Amorrurik ez dugu gure inguruan, kontrolpean dagoela esan dezakegu, baina arrisku faktoreak aldatzen ari dira, beste herrialde batzuetatik gero eta animalia gehiago ekartzen direlako».

Kezka horretatik abiatuta, albaitarien kontseiluak eskaera formala egin dio Eusko Jaurlaritzari: errabiaren aurkako txertoa derrigorrezkoa izatea nahi dute. Gaur egun, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako txakurren %40 inguruk dute amorruaren aurkako txertoa jarria. Mateosen ustez, ez da nahikoa gaixotasuna kontrolpean izateko. Gutxienez, erroldatutako txakurren %70 txertatuta egotea aholkatu dute albaitariek. Eusko Jaurlaritza prest agertu da proposamen hori aztertzeko.

ECDC Gaixotasunen Prebentziorako eta Kontrolerako Europako Zentroak bere urteroko txostenean dio Europan ez dagoela amorruaren gaixotasunik. Kasu bakan batzuk baino ez dira egon azkenurteotan. Frantzian izan ziren kasu horietako bi,2016an eta 2017an, eta Euskal Herrian bestea, 2019an. Hiru kasuotan, Europatik kanpora egindako bidaia batean kutsatu ziren. Euskal Herrian izandako kasua iaz gertatu zen. Gizonezko bat kutsatu zen abuztuan, Marokon (Afrika, katu batek hozka egin baitzion. Iazko abenduan hil zen, Gurutzetako ospitalean (Bizkaia).

Kasu horien ondoren, albaitariek eskatu dute ireki dezatela amorruaren aurkako txertoaren garrantziari buruzko eztabaida. Bi arrazoi eman dituzte txertoaren derrigortasuna eskatzeko: animalien eta pertsonen osasuna bermatzea. Mateosen esanetan, azken urteotan nabarmen aldatu dira gaixotasun hori zabaltzeko arrisku faktoreak, batez ere animaliekiko begirunea eta errespetua handitu den heinean. «Beste herrialde batera joan, eta kaleko txakur edo katutxo bat hartu, eta etxera eramaten dute askok , borondate onarekin, baina arriskuaz jabetu gabe».

Izan ere, animalia horrek amorrua baldin badu, eta txertatua ez dagoen beste animalia batzuekin kontaktuan badago, guztiak hiltzea behartzen du legeak, badaezpadako neurri gisa. «Erabateko porrota da animalia bakar bat hil behar izatea, badaezpadako neurri gisa», ohartarazi du Mateosek. «Sakrifizioak ez du inolako zentzurik, eta prebentzioarekin eragotz dezakegu». Haren esanetan, gaur egun amorrua kontrolpean izatea lortu bada, hori txertoari esker izan da. «Abantailak baino ez ditu». Besteak beste, gizakia kutsatzeko arriskua ere txikitu egingo litzateke txertoarekin, haren aburuz. Eta oharra egin du: «Ematen du ahaztu garela, baina amorrua hilgarria da, ez du sendabiderik».

«Astakeria bat da»

Haatik, denek ez dute bat egiten albaitarien alarma mezuarekin. Animaliekin lan egiten urteak daramatza Joxerra Aihartza biologoak, EHUko Zoologia eta Animalia Zelulen Biologia departamenduko irakasle gisa, eta irmo mintzo da amorruaren gaixotasuna gure inguruan zabaltzeko aukeraz: «Astakeria bat da».Egunero probak eta analisiak egiten dizkie animalia ugariri, eta,ziurtatu duenez, sekula ez du amorrurik topatu,ezta antzeko birusen arrastorik ere. «Urteak daramatzagu ikerketak egiten, eta ez dugu aurkitu ezta amorru ahulak izan daitezkeen aldagairik ere».

Animaliekin egunero aritzen direnez, arrisku taldetzat hartzen dituzte Zoologia eta Biologia sailetan behar egiten dutenak, eta, aldiro, osasun kontrolak igaro behar dituzte. Tartean, amorruaren aurkako txertoa jartzen diete, eta odol analisiak egiten dizkiete. «Arrisku talde batean gaude, animaliak urtero manipulatzen ditugulako, eta, kanpora ere bidaiatzen dugunez, kutsatu egin gaitezke hainbat gaixotasunekin, baita amorruarekin ere». Alarma egoera gizarte osoari zabaltzea tokiz kanpo dagoela uste du, eta lasaitasun mezua bidali du: «Gu bizirik egotea da arriskurik ezaren frogarik handiena».

Inportatutako animaliek ekarri ohi dute amorrua, eta haiengan jarri behar dira kontrol neurriak, Aihartzaren ustetan. «Mugetako kontrolak zorroztu egin behar dira, inork kanpotik animaliarik ekar ez dezan. Hor dago gakoa». Albaitarien Kontseiluko presidentea bat dator horrekin, baina ñabardura bat egin du: «Kontrolak egin egiten dira, baina okerrak egon daitezke, eta badaude. Beti egongo da norbait legea errespetatuko ez duena eta txakurren legez kontrako salmentarekin dirua irabazi nahi duena». Herrialdeen arteko mugetan, bereziki Afrikaren eta Espainiaren artekoan, animaliak oraindik ere legez kanpo pasatzen direla ziurtatu du Mateosek. Baina ez hori bakarrik. Jakinarazi duenez, kontrol guztiak igarota iaz Iberiar penintsulara sartu ziren animalien %2 amorruaz kutsatuta zeuden.

Datuok eskuan, kezkatzeko arrazoiak badirela uste du albaitariak, eta berretsi du txertoa dela irtenbidea. Halaber, ukatu egin du euren eskaeraren atzean interes ekonomikorik egotea. «Inolaz ere ez. Txertaketa albaitari klinika baten fakturazioaren %2 edo %3baino ez da. Ez gaude diruaz hitz egiten ari». Aihartzaren irudiko, ordea, eztabaidaren atzean albaitarien interes ekonomikoak egon daitezke. «Txerrien gripearekin ere biztanleak txertatzeko eskatu zuten, eta, gero, alarma horiezerezean geratu zen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.