Jessica Hsu. Antropologoa eta ekintzailea

«Hondamendien inguruan voyeurismo moduko bat dago»

Hsuk dioenez, herrialde hondoratu baten irudia ematean, hedabideek eta GKEek Haitiren «kolonizazioa» justifikatzen dute. Haren ustez, herrialdea suspertzeko, dituen gaitasunak areagotzen lagundu behar da.

BERRIA.
Julen Aperribai.
2021eko abuztuaren 22a
00:00
Entzun
Haiti duela astebete astindu zuen lurrikaratik altxatzen lagundu nahi dutenei elkartasunez lagundu dezatela eskatu die Jessica Hsuk (Syracuse, AEB, 1975), eta ez karitatez, uste baitu horrek «ekintzaren eragina ulertzea» esan nahi duela. Antropologoa eta Haitirentzako LaguntzaEraginkorra elkartearen fundatzaileetako bat da Hsu. Urteak daramatza gobernuz kanpoko erakundeek Erdialdeko Amerikako herrialdean egindako lana kritikoki aztertzen, duela 11 urteko «hutsak» errepikatu ez daitezen.

Nola dago Haiti, lurrikaratik astebete igaro den honetan?

Oso desorekatua izan da lurrikararen eragina. Herrialdearen hego-mendebaldea hondatu du, batez ere. Han, milaka lagunen bizilekuak suntsituta geratu dira, eta ehunka dira hildakoak. Eremu horretan zentratu da laguntza, eta premiarik handiena ere han dute. Hala ere, laguntza horrek bazter utz ditzake landa eremuetako herritar askoren beharrak. Bestalde, laguntza ondo koordinatzeko zailtasunak daude, gobernua horretan saiatzen ari den arren.

2010eko hondamendia gogora ekarri du lurrikarak, eta askok ohartarazi duzue gertatutakoari emandako erantzunak desberdina izan behar duela orain. Zertan desberdina?

Uste dut honezkero irakasgai asko aterata behar genukeela. Gobernua ari da saiatzen heldutako laguntza ondo koordinatzen, eta primeran iruditzen zait. Hala ere, 2010ean askoren eskaria izan zenak gaurkotasun osoa dauka: laguntza ez dadila guztiz kontzentratu eremu kaltetuetan. Zuzeneko kalteak jasan dituztenen premia albo batera utzi gabe, beharrezkoa da gainerako herritarrei ere laguntza zabaltzea, eta landa eremuak indartzea. Izan ere, geroz eta herritar gehiagok jotzen du hiriguneetara, nekazaritza jardun ekonomiko nagusia duten inguruetatik, eta hori ondorio kaltegarria da biztanleen ongizaterako. Botere politikoa eta ekonomikoa zentralizatzeko urteetako saiakerak herritarrak hirietara eraman ditu bizitza hobearen bila, baina hiriguneak herritarrez gainezka daude, eta ekonomia, berriz, hondoratuta. Arazo horri heldu behar zaio.

Laguntza zentralizatzeko ahaleginean, nahikoa ari da egiten Haitiko Gobernua?

Oso zaila da auzi horri ondo heltzea, baina gobernuak hutsune handi bat dauka. DPC Babes Zibilerako Zuzendaritzaren esku dago eginbehar hori, eta Barne Ministerioaren barruan dago departamentu hori. Arazoa da, ordea, ministerio horren aurrekontuaren zati oso txiki bat soilik jasotzen duela DPCk. Babes eta diru gehiago jasoko balu, oso mekanismo eraginkorra bihurtuko litzateke, baina, gaur-gaurkoz, haren ahalmena oso mugatuta dago.

Laguntza humanitarioa premiazkoa da, baina laguntza hori ondo bideratzearen beharraz ohartarazi duzue zenbait erakundek. Nola egin daiteke hori?

Laguntza eman asmoz Haitin dauden gobernuz kanpoko erakundeek harreman sendoa izan beharko lukete hango komunitateetako kideekin. Horretarako egokienak, aldiz, Haitiko bertako erakundeak dira, haitiarren konfiantza eta errespetua dutenak eta hango herritarren gaitasunak handitzen lagunduko dutenak. Sarritan, baina, erakunde horiekiko zuzeneko harreman izateko zailtasunak handiagoak dira, eta hori baliatzen dute gobernuz kanpoko erakundeek. Saiatzen ari gara horien inguruko informazioa hedatzen, munduko herritarrek ez diezaioten dirua edozein fundaziori eman. Ulertzen dut jendeak laguntza lehenbailehen emateko presa izatea, baina eman nahi den laguntza horrek herrialdeari zer ekarpen egingo dion ere pentsatu behar da.

Herrialdea indartzera bideratu behar dira indarrak, diozuenez. Kontrakoa egin izan dute kanpoko GKE gobernuz kanpoko erakundeek?

Badira horren alde egin izan duten erakundeak, Haitiko gaitasunak handitzearen alde lan egiten dutenak, eta uste dut hori dela halako gertakari batek kaltetutako herrialde bati lagundu nahi dion orok egin beharko lukeena. Zoritxarrez, baina, badira bestelakoak ere. GKE askok sartu izan dute eskua Haitin; baita bertatik lan egin gabe ere. Diru irabaziak lortzea izan dute xede. Alde horretatik, duela hamar urteko hondamendiaren ostean laguntzetara bideratutako funtsekin izandako anabasaren ondorioak jasaten ari da herrialdea oraindik.

Halako hondamendiren bat dagoenean, hedabideek Haitiren errealitatea desitxuratzen dutela ere salatu izan duzue, herrialdea nazioarteko esku hartzeen menpekoa dela aditzera emanez eta herritarrak biktimizatuz.

Hedabideek nekez nabarmentzen dute hango errealitatea zein den joan den astekoaren moduko gertakariak daudenean. Voyeurismo moduko bat dago hondamendien inguruan, herrialdearen erroko arazoak ez erakusteko erabiltzen dena. Haiti munduan okerren dagoen herrialdeetako bat dela esan ohi dute, eta bertako herritarrak, etengabe sufritzen ari diren pertsonak. Gainera, arreta guztiak herrialdera begira jartzen dute soilik hondamendi bat dagoenean edo muturreko indarkeriaren berri emateko. Etengabe sufritzen ari diren pertsona moduan erakusten dira. Narratiba horrek ez dio mesederik egiten Haitiri. Izan ere, halako ikuspuntuek mezu kolonizatzaileak indartzen dituzte, eta hamarkadetako kolonizazioa da, hain justu, Haitiren zaurgarritasunaren eta gabezien oinarrian dagoena.

Gobernua horretarako gai ikusten duzu, jakinda krisi politikoa bideratzeko ahaleginetan ere ari dela?

Uste dut zaila izango dela gobernuarentzat herritarren eta agintarien artean dagoen distantzia txikitzea, eta, hala bada, estatu egiturak ahuldu egingo dira aurrerantzean ere. Irailean egitekoak diren hauteskundeak, alde horretatik, garrantzitsuak izango dira. Herritar asko ari da bozak lehenbailehen egin daitezela eskatzen, baina berriz ere data atzeratzen badute, haserrea handituko da herritarren artean. Politikarekiko urruntasunik handiena landa eremuetakoek dute, askok ez baitute konfiantzarik herrialdeko instituzioetan; ustelkeria eta agintekeria handia dagoela uste dute, eta estatuak ez dizkiela aldatuko beraien bizi baldintzak. Eta irudi lezakeen baino arazo handiagoa da hori, landa inguruetan bizi baita Haitiko biztanleriaren zati handiena, nahizeta ematen den informazio gehiena Port-au-Princen ingurukoa izan.

Uste duzu hauteskundeak irailean egiteko modurik izango dela?

Egungo gobernua behin-behinekoa da, eta haren barruan badira [uztailean hil zuten presidente] Jovenel Moiserenalderdiko kideak ere, zeina herritar askok gaitzesten duten. Alderdien arteko negoziazioen araberakoa izango da hauteskundeetako data, baina, edozein kasutan, herritarrak presio handia egiten ari dira, bozak demokratikoak izan daitezen eta agintekeriak ez dezan irabazi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.