ZORTZI URTE KRISIAN

2018ko ekainaren 23a
00:00
Entzun
2009. urtean hasi zen Greziaren amesgaiztoa. Atzoko akordioaren arabera, aurtengo abuztuaren 20an amaituko da herrialdearen hirugarren eta azken erreskatea.

2009

Urriak 20. Kontserbadoreak boteretik bota eta gobernura iristean, Georgios Papandreu (Pasok) lehen ministroak alfonbra altxatu zuen, eta erakunde batzuek ohartarazitakoa egiaztatu zuen: aurreko gobernuek kontu publikoak makillatu zituzten 2001. urtean euroan sartzeko, 2004ko Atenasko Olinpiar Jokoen gastu izugarria ezkutatzeko, eta klientelismoaren eta zerga iruzur masiboaren erruz gaizki funtzionatzen zuen estatuari aurpegia garbitzeko. Gobernu sozialistak ziurtatu zuen %12,5 izango zela urte horretako defizita, baina azkenean %15 izan zen. Rating agentziek zorraren kalifikazioa murrizteari ekin zioten. Ordurako larri zegoen ekonomia gehiago hondoratu zen. Alarmak piztu ziren Europan.

2010

Otsailak 9. Papandreuren gobernuak lehen austeritate neurriak onartu zituen, eta gehiago etorri ziren martxoan. Funtzionarioei ordaina izoztu, eta zergak igo zituen. Lehen protestak iritsi ziren.




Apirilak 23. Merkatuetan dirua lortzerik ez, eta Greziak finantza erreskatea eskatu zuen ofizialki.

Maiatzak 2. EBk, EBZk eta NDFk 110.000 milioi euroko kredituak onartu zituzten, Grezia hiru urtez finantzatu ahal izateko. Trukean, gobernuak austeritate neurri gehiago iragarri zituen.

Maiatzak 5. Krisiaren aurkako protesta handietan hiru lagun hil ziren, Marfin Egnatia bankura jaurtitako koktel batek eragindako sutean.

Maiatzak 8. Greziarena kasu bakartu bat izango ez zen beldur, euroguneko agintariak antzeko krisiei aurre egiteko neurriak prestatzen hasi ziren: EFSF behin-behineko erreskate funtsa sortu zuten (gero ESM Europako Egonkortasun Tresna). Ez zebiltzan oker: Irlandak erreskatea eskatu zuen 2010eko azaroan, eta Portugalek 2011ko apirilean. Haien patuari ihes egiteko, eta EBko erakundeak behartuta, Zapaterok austeritatearen aroa zabaldu zuen Espainian 2011ko maiatzean.

2011

Ekainak 29. Greziako Parlamentuak oniritzia eman zion laugarren austeritate programari, protesta handien artean. Zerga igoera gehiago sartu ziren indarrean, bai eta langileen soldatak jaisteko erreformak ere.




Azaroak 6. Papandreuk dimititu egin zuen. Aurretik, konfiantza galdera irabazia zuen parlamentuan, Greziako hartzekodun pribatuei kita bat egiteari uko egin zionean. Lukas Papademos teknokratak ordezkatu zuen agintaritzan, euroguneko beste kideen pozgarri.

2012

Otsailak 21. Ikusita kontua ez zela onbideratzen, euroguneak bigarren erreskatea onartu zuen. Greziak 130.000 milioi jasoko zituen, interes tasa txikiagoekin eta epe luzeagoekin. Gainera, bankuek 100.000 milioiren zorra barkatu behar izan zioten Greziari. Trukean, Atenasek onartu egin behar izan zuen Europako Batzordeak, EBZk eta NDFk osatutako troikaren (irudian) ikuskaritza zorrotza.



Ekainak 17. Hilabete eta erdian bi hauteskunde egin ziren. Demokrazia Berria eskuindarrak lortu zuen gobernua eratzea, bigarren bozetan, Pasok sozialistaren babesarekin. Andonis Samaras izendatu zuten lehen ministro.

2013

Ekainak 11. Gobernuak ERT Greziako irrati-telebista publikoa itxi zuen.

Uztaila. Langabezia tasak goia jo zuen: populazio aktiboaren %27,7. Harrezkero, poliki-poliki jaitsi da, eta 2017an %21,5era iritsi zen. Baina hobekuntza horrek ez ditu ezkutatzen beste datu latz batzuk. Pobrezia klase ertainera zabaldu da, milioi erdi lagunek herrialdea utzi dute —gazteek batez ere—, eta lan merkatua oso eskasa da: langabeen %90 epe luzekoak dira, eta eskaintzen diren lanpostuen %44 baizik ez dira lanaldi osokoak.

2015

Urtarrilak 25. Syriza ezkerreko koalizioak garaipen handia lortu zuen hauteskundeetan, austeritatea amaitzeko promesarekin. Negoziazio tirabiratsu batzuk hasi zituen euroguneko beste kideekin, Gianis Varufakis Finantza ministro ospetsuaren bitartez.

Uztailak 5. Alexis Tsipras lehen ministroak erreferenduma egin zuen Troikak erreskatea luzatzeko egindako eskaintzari buruz, eta, hark nahi bezala, oxi (ez) esan zuten greziarren %61ek. Tentsio handiko egunak ziren; kapital kontrolak jarri ziren, diru ihes handia geratzeko.

Uztailak 13. Erreferendumaren emaitzak ez zituen euroguneko beste herrialdeak bigundu, eta, beste irtenbidea eurotik ateratzea zela ikusita, Tsiprasek men egin zuen. Hirugarren erreskaterako akordioa egin zuen: 86.000 milioi gehiago maileguetan.

Irailak 20. Greziarrek ez zioten traizioa ordainarazi Tsiprasi, eta Syriza berriro garaile izan zen hauteskunde aurreratuetan. Urtarrilean bezala, ANEL eskuindarrarekin osatu zuen gobernua.

2017

Uztailak 20. NDFk 1.600 milioiko kreditua onartu zuen Greziarentzat, baina ohartarazi zuen ez zuela erreskatean parte-hartuko zorpetzea arintzeko neurririk ezarri ezean.

Uztailak 25. Greziak 3.000 milioiko zorra saldu zuen merkatuan, %4,6ko interesaren truke. Erreskatea bukatutakoan, bere kabuz finantzatu ahal duen jakiteko saio bat izan zen, eta arrakastatzat jo zuten guztiek.

2018

Maiatzak 19. Erreskate programaren laugarren berrikusketa gainditzeko baldintzak adostu zituzten gobernuak eta kreditu emaileek. Greziak 88 neurri bete behar zituen erreskatearen azken partea jasotzeko.






Ekainak 14. Gobernuak agindutako azken erreformak aurrera atera zituen parlamentuan.

Ekainak 21. Greziak akordioa lortu zuen Eurotaldean abuztuaren 21ean erreskateak eta finantza laguntzak atzean uzteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.