Basabizitzaren kontserbazio zuria

Fauna eta flora basatia zaintzeaz arduratzen diren Mendebaldeko erakundeen jarduerak ondorio larriak izan ditu Kenyako herri askotan. Herri horietako asko artzaintzaz bizi dira, eta lurrak galdu dituzte kanporatzeen eta hesitzeen ondorioz.
Ngare Ngiroko artzain samburuak. Han geratu ziren haien lurretatik kanporatu ondoren.
Ngare Ngiroko artzain samburuak. Han geratu ziren haien lurretatik kanporatu ondoren. OSKAR EPELDE

Oskar Epelde -

2018ko irailak 25
Kenya erdian dago Laikipia konderria. Hango mendi eta lautada oparoen gaineko eskubideak zuri jatorriz europarrek hartu zituzten Erresuma Batuaren kolonia zen garaian —XIX. mende bukaeratik 1963raino—. Han bizi diren pokot eta samburu herriak noraezean utzita dituzte gaur egun. Abeltzaintzatik bizi dira. Rumurutitik Nanyukirako bidean dagoen Matigari herrian, bide ertzeko belarretan elikatzen dituzte abelburuak. Hesi elektrifikatuak dituzte bi aldeetan: alde batean, ADC Mutara izeneko etxaldea dute, jabetzaz gobernuarena, William Ruto presidenteordearen eskuetan geratu den zatia, hain zuzen ere; beste aldean, berriz, gobernuari mesede asko egin omen dizkion jabe somaliar baten hesia dago. Gisa horietako etxaldeek erruz zabaldu dituzte lurrak, basabizitzaren kontserbazioa helburu duten Mendebaldeko gobernuz kanpoko erakunde handiei esker. Eta, hesien artean, jatorrizko komunitateak ito dituzte.

Aurten, Laikipian ez dira gertatu iazko gatazka odoltsuak, eta agian zerikusia izan du abere taldeak murrizteak. Herri lurrak eskasak dira, eta oso degradatuta daude hurrengo lehorteari eutsi ahal izateko. Nanyukirako lurrezko bideak, hesien artean, Ngare Ngirora darama. Hango bizilagun gehienak dira Ol Pejeta kontserbazio eremu pribatuko ranger-ak —turkana herriko kideak dira— eta esportaziorako lore faktorien langileak —kikuyu herrikoak—. Ol Pejetako hesitik bizpahiru kilometrora urrunduta, berriz, bizirik dirauen artzain samburuen komunitate bat dago, ohi duten bezala elkarren ondoan baina inguru zabal batean sakabanatuta. Peter Lenamaitak azaldu du 200 bat boma edo korta direla; 2007an, bortxaz kanporatu zituzten Kabarak etxaldetik —jatorrian Eland Downs izena zuenetik—, eta samburu familiek hilero mila bana euro jartzen dute jadanik hamar urtez luzatu den auzia ordaintzeko. Daniel arap Moi presidente ohiak (1978-2002) eskuratu zuen arte, samburu familiek Kabaraken bizi eta lan egiten zuten. Lenamaitak dio hango basabizitzarekin ere harmonian bizi zirela, haien kulturaren tabuek animaliak babesten dituztela, eta, gainera, hesien beharrik ez daukatela. «Elefante batek behi bat hilko balit, behi hori ere ezingo nuke jan». Baina etxaldea AWF Afrikako Basabizitza fundazioaren esku geratu, eta orduan hasi ziren arazoak.

Jazarpena eta bazterkeria

Poliziak boma-k erretzen zituen, eta artzainek berreraiki egiten zituzten, auzitegi baten babesa jasoko zuten itxaropenarekin. Polizia itzuli egiten zen, ordea, eta, berriz dena suntsitzen zuelarik, samburuek handik ateratzea erabaki zuten. Orain, Ngare Ngiron bizi dira, baina elikatzeko ziurtasunik gabe. «Ur pixka bat ere ez», dio artzainen nagusietako batek. Orain, gobernuz kanpoko erakundeek ekarri behar diete ura. «Egunsentia baino lehenago hasita, gure ahalegin guztiak abereentzat elikadura bilatzera bideratu ohi ditugu; ez daukagu beste aurrerabiderik», dio Lenamaita artzainak. Azaldu du inguruko kontserbazio erakunde pribatuek baliabide guztiak irentsi dituztela samburuei inolako onurarik banatu gabe. Ol Pejetak 600.000 akre inguru ditu FFI Nazioarteko Fauna eta Floraren esku; Loisaba kontserbazio etxaldeak ere, beste hainbeste; TNCk, Segerak, Sossianek, Ol Maisorrek... 30 bat etxalde dira guztira, eta Laikipiako lurren %80 behintzat hesituta daukate. Turismoa garatzen dute, etxaldeen barruan diseinatu dizkieten luxuzko hoteletan eta safari lodge-tan. Baina turistak nekez joaten dira maniata-etara, bertako biztanleen herrixka tradizionaletara.

Lenamaita hauteskundeetara aurkeztu zen iaz, Laikipiako batzarkide bihurtu nahian, baina porrot egin zuen. Laikipiako lur-jabeen tituluak zalantzan jartzen dituen hautetsi bat ere ez da geratzen konderrian, ezta Kenyako Legebiltzarrean ere; Mathew Lempurkel diputatu nazional samburua izan da erori den azkena. Hauteskunde aurreko lehortean jazotako artzainen lur inbasioak bultzatzea leporatu zioten, eta bederatzi bider auziperatu zuten. Abokatuak ordaintzeko, aziendaren laurdena saldu du, eta beste horrenbeste galdu du lehortearen eta Poliziak sarraskitu dizkion behien ondorioz. 2017ko abuztuko hauteskundeen emaitza ofizialak berak dioen bezala manipulatu balituzte ere, Lempurkeli ez zitzaion geratu lehiatzeko indarrik. Lehenengo bost sumarioetan, epaileek kargurik gabe askatu zuten. Beste lau geratzen zaizkio oraindik. «Indarra ematen didan gauza bakarra zera da, ni hilda ere nire ideia ez dela hilko».

«Ardiak eta behiak»

Estatuak diputatuen esku jartzen dituen baliabideekin, Lempurkelek Mouarak zentroa eraiki zuen Mugie eta Loisaba kontserbazio etxaldeen arteko herri lurretan. Pokotek eta samburuek Laikipiako alde horretan elkartzeko, errotzeko eta sendotzeko aukera izan dezaten egin zuen; izan ere, kontserbazio erakundeen eta etxaldeen babesarekin, nekazari kikuyuak Laikipan zabaltzen ari dira; hortaz, gero eta ziurgabeagoa da artzainen herri lurretarako eskubideek iraungo ote duten. Lempurkelek eskola politekniko bat egin zuen Mouaraken, baina zentroak ez du aurrerabiderik. Txapazko etxola talde bat da, denda txikiak, gazteak, motorrak, alkohola, hautsa eta harria baino ez dituena. «Ardiak eta behiak; hori da gure bizimodua, eta arriskuan dago», dio Lempurkelek.

Erresuma Batuak II. Mundu Gerraren ondoren banatu zituen lur-jabe zurien tituluak. Armadako ofizialak ziren onuradun gehienak. Lurren usufruktua 999 urteko epearekin ezarri zen, baina, 2010eko konstituzioaren ondoren, ez dira onartzen 99 urte baino gehiagokoak. Hala ere, ez dago argi iraupena noiztik zenbatu behar litzatekeen; lur-jabe zurien arabera, tituluak iraungi eta gero ere erosteko lehentasuna izaten jarraituko lukete. Horixe dio Martin Evansek, Ol Maisorreko jabeak. Haren ustez, artzainak iparraldeko beste konderrietara joan daitezke. «Gaur egungo egoerara egokitu behar dute». Ol Maisorren hiru ranger hil zituzten iazko indarkeria ekintzetan, baina egoera lasai dago gaur egun.

Evansen esanetan, iazko hauteskunde orokorrak amaitzerakoan gatazka guztia amaitu zen. Uhuru Kenyattaren garaipenarekin gatazka irabazitzat eman dute, nahiz eta hesiaren alde batekoek zein bestekoek armak eskura dauzkaten oraindik.

Kudeaketa pribaturantz

Etxalde gehienak kontserbazio eremu pribatuak bihurtu direnetik, basabizitzaz, horren zaintzaz eta horrek dakartzan onurez jabetu dira etxalde nagusiak. 2013ko basabizitzaren legeak kontserbazio eremu pribatuak estreinako aldiz aipatu bazituen ere, arautzea egiteke dago. Mordecai Ogada doktorearen arabera, gaur egun «edozer gauza» izan daiteke kontserbazioa. Lehen, legea sortu aurretik, Laikipiako Basabizitza Elkartea sortu zuten Laikipiako komunitate guztien artean, eta Ogada bera aukeratu zuten elkarteko buru. Baina, 2014an, elkartea barrutik irentsi ondoren, etxaldeetako jabeek Ogada kargutik kendu zuten, eta, ordutik, elkarteak hasierako nortasun guztia galdu du.

«Mendebaldeko kontserbazio erakunde handiek Mendebaldean ematen duten irudia da maitekorrak direla, bakezaleak eta animalia nahiz pertsonen lagunak; ezkerrekoak eta inklusiboak diren itxura, alegia. Baina, Afrikara etorritakoan, erakunde berek armak, balak eta helikopteroak ekartzen dituzte, eta hesiak jartzen dituzte kontserbazioaren izenean; baita jendeari tiro egiten ere». Ogada zuzen eta aho bizarrik gabe mintzatu da. «Estatu Batuetan, natura eta bakea maite dutenek dirua ematen diete, eta jende bihozbera horren diru hori erabiltzen dute Afrikara etorri eta gerra bat sortzeko. Hori da, hitz batean, Kontserbazioaren Gezur Handia», azaldu du Ogadak, idatzi duen liburuaren izenburua aipatuta (The Big Conservation Lie, jatorrizkoan, ingelesez). Ogadaren helburuetako bat da Mendebaldean TNC Natura Kontserbazioa, WWF Naturarentzako Mundu Funtsa eta halako erakundeak erantzule bihur ditzatela. Baina, doktorearen esanetan, Kenyako herritarren «kontzientzia eta jokabidea» aldatu behar dira, baldin eta natura babestearren olioztatzen diren botere sistema eta bidegabekeriak errotik eragotziko badira.

Kontserbazionismoak Afrikan duen diskurtsoa lotsaraztea lortu du Ogadak. Aditua da animalia haragijaleen ekologian, eta, onartu badu ere erronka handia dela basabizitzaren eta gizakien arteko harremanak iraunarazi eta zaintzea, esaten du ez dagoela «laburbiderik», basabizitza babesteko ezin dela «jendea zapaldu»; «horrek oinarrizkoa izan behar du». Mendebaldeko ereduak konponbide sinpleak bilatzen dituela dio: «Bi mezu nagusi zabaltzen dira: bata, Afrikako basabizitza arriskuan dagoela; eta bestea, arrisku hori beltzek eragiten dutela». Horrez gain, Ogadak baieztatu du kontserbazio erakundeek «diru kontu ilunak» dituztela, ustez irabazi asmorik ez badute ere.

Etxaldeen eraldaketa

Laikipiako artzainez gain, Samburu konderrikoak ere, herri horren izen berbera duenekoak, larri daude. Mendebaldeko kontserbazio erakundeek NRT Northern Rangeland Trust eraman dute hara; NRTk helburutzat du «komunitate kontserbazioak» sortzea, eta Samburuko lurraldearen %30az jabetu da. Hastapenak Lewa Downs Laikipiako kontserbazio pribatuaren inguruko masaiekin egin zituen. Ian Craigek, Lewa Downsen jabeak, etxaldearen ingurua baretzea lortu zuen NRTren bidez. Etxalde bakoitzak kontserbaziorako erakundeak sortu behar ditu, lur-jabe bezala eratu eta diru iturriak dibertsifikatu, lehortearekiko erresilientzia indartzeko. Turismoa sustatu behar dute NRTrekin batera herri lurretan duten basabizitzaren inguruan, eta hamaika onura agintzen zaizkie larreak kudeatzen dituztenei.

Hainbatek atzerriko diru laguntzak jaso dituzte —USAID AEBen garapen agentziarenak, TNCrenak eta Mendebaldeko hainbat zoorenak—, baina, orain, ikusi denez kanpoko dohaintzek ezin dutela bermatu betirako sostengua, NRTk irabazi asmoa duen enpresa bat sortu du, NRT-Trading, turismoa eta beste jarduera batzuk garatuz mozkinak lortu eta berriz kontserbazio programetara bideratzeko. Programa nagusietako bat da 2.000 bat ranger armatu duen segurtasun indar bat bermatzea. Tom Lalampaa NRTko buruzagi exekutiboaren esanetan, ranger-ek «komunitateen arteko abere lapurretak eta ezkutuko ehiztarien gaiak kudeatzen dituzte batez ere». NRTren esanetara dauden ranger-en jarduerak zeresana eman du, ordea; izan ere, ustezko ezkutuko ehiztari bat ikusten badute, segituan tirokatzen dute, eta askotan bertako komunitateetako kideak izaten dira biktimak.

Merkaturako ganadua izena du Samburun NRT garatzen ari den beste programa batek. NRTk behiak erosten dizkie artzainei erakunde kontserbazionisten diru laguntzen bidez; gero, horiek garestiago saltzen ditu merkatu handietan, eta mozkinak NRTren eta artzainen artean banatzen dituzte. Lalampaaren iritziz, programa horren helburua da aurrezki sistema alternatiboak garatzea komunitateetan. «Herri lurren %70 zeharo degradatua dago. Zer espero duzu? Larreak kudeatzea beharrezkoa da. Lehorte bakoitzak egundoko kolpea ematen die komunitateei; 200 buru badituzu, azkenean hogeirekin bakarrik geratzen zara».

Ogadak, ordea, bestelako ikuspuntu bat du. «Jakina, lurrak degradatuak daude. Demagun: lehen, artzainek 50.000 akreko eremu bat bazuten lehorteari aurre egiteko, orain 20.000koa besterik ez dute». Sorterriko Noragabekoak mugimenduko herritarrentzat ere, artzainen azienden txikizioa da NRTk Samburun egin nahi duena. Ogadak dio komunitateak manipulatzen dituela kanpotik datorkion diruarekin, Mendebaldeko kontserbazio ereduari bidea egiten diola Kenya iparraldeko herri lurrak menderatzearren. «Artzainei lur eskubideak kentzea da haien helburua», salatu du Ogadak. «Artzaina abere taldeak lotzen du sorterrira. Masai batek, esate baterako, abererik ez badauka, zereginik ere ez dauka toki horretan, eta alde egingo du. Horixe da kontserbazio erakundeek lortu nahi dutena basabizitza babesteko asmoarekin».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna