LEHIAKORTASUNA IZUTZEKO MUNSTROA

Euskal enpresak ahaleginak egiten ari dira Espainiako argindarraren erreformak dakarren kaltea saihesteko. Arabako SEA patronalak lehen erosketa bateratua bultzatu du enpresen alorrean.

BERRIA.
xabier martin
2015eko otsailaren 15a
00:00
Entzun
Tarifaren defizita izan da lehergarria. Sistemak ustez argindarraren sektoreko erraldoietan sortzen duen zuloa estaltzeko, Espainiako Gobernuak argindarraren erreforma onartu zuen iaz, eta horrek aldatu egin ditu orain arteko arauak prezioei dagokienez. Kontsumitzaile txikientzat mesede baino kalte handiagoa izan dela iritzi diote aditu gehienek —nahiz eta Jose Manuel Soria Espainiako Industria ministroa kontrakoa zabaltzen saiatu—, baina kontsumitzaile handiei ere, alegia, enpresei kalte handia egin die argindarra pagatzeko sistema berriak Hego Euskal Herrian. Horiek horrela, euskal industriak parez pare dauka bere lehiakortasun mailari eusteko mehatxu handia den erronka, eta azken hilabeteetan hainbat ekinaldi politiko eta tekniko izan dira, betiere argindarraren prezio garestiak dakarren zama arintzeko.

Eusko Jaurlaritzak etengabe erreparatu dio azken urtean argindarraren erreformaren harlauzari, Madril aldera begira, «euskal enpresetan oso haserre» daudelako egoera deserosoarekin. Tarifaren defizitaren aurka PPk hasi zuen gurutzadak —Endesa, Iberdrola, Gas Natural eta energia alorreko beste boteretsuen mesedetan— ondorio kaltegarriak dituela gogoratzen du aldiro Arantza Tapia Garapen Ekonomikoko sailburuak, eta kontuak eskatu ere bai Soria ministroari, aurreko urtean EAJrekin adostutako akordioa ez delako «osorik» bete.

Andoni Ortuzarren alderdiak legegintzaldi osoan Rajoyren gehiengo absolutuan arrantzatu duen pieza bakarrenetakoa da EAJk lortutako promes hori, 2013ko azaroan. Akordioari jarraikiz, Industria Ministerioak erdira murriztu ditu sariak 30 kW baino gehiagoko konexioetan, euskal enpresa gehien-gehienek duten konexioetan, alegia. Haatik, urtarrilarekin batera jarri zuen indarrean Madrilek tarifa merkeagoa, ez lehenago. Akordioak 50 milioi euro aurreztea ekarri behar zion euskal industriari, baina, oraingoz, 30 milioiko aurrezkia baino ez dio ekarriko 2015. urtean. «Aurreko urtean egin beharreko aldaketa guztiek legezko oinarria eduki zitzaten, urratsak egiten ibili ziren», esan dio BERRIAri Pedro Azpiazu EAJko diputatuak. «Kontua da iaz hasi behar zuela tarifa berriak gure enpresentzat, eta aurten jarri da martxan».

Alegia, Soriak ez du osoro bete hitza, eta, Azpiazu bezala, Tapia kexu da iazko argindarraren fakturak islatu behar zuen 20 milioi euroko aurrezkia ez delako inondik ere azaldu. «Akordioa betetzeari ongi deritzogu, baina berandu iritsi da, eta jatorrian zuen helburu osoa ez du beteko», esan du Tapiak berriki. Hala ere, alderdiko bereko Madrilgo parlamentariak garbi utzi du «oso pozik» daudela lortutakoarekin, «argindarraren erreforma gure botoekin edo gabe onartuko zelako». Hau da, PPk ez zituen behar jeltzaleen botoak, euren gehiengoaren alperra pasatuta nahikoa zelako.

Industriaren gasolina

Azken hamar egunetan erregaia %3,5 inguru igo bada ere, petrolio merkearen aroan jarraitzen du euskal industriak, Brent upela 50 dolarretatik gertu jarraitzen duelako oraindik (56). Bada, industria iaz eman ez zuen jauzia emateko prestatzen ari da aurten, energiaren merkatzea lagun, hazkundeak abiadura har dezan bigarren sektorearen ekarpena oinarrizkoa baita. Argindarrak, ordea, itzal handia du oraindik ere, gutxika-gutxika eguzki printza batzuek betetzen duten jokaleku batean.

Baina nolatan onartu du PPren gobernuak EAJren eskaera aintzat hartzea eta, adostutako neurrian ez bada ere, euskal enpresen alde jokatzea? Hona auziaren gakoa: oraindik inork azaldu ez duen zerbaitengatik, Iberduerok konexio garestiagoa diseinatu zuen euskal enpresentzat bere garaian. 30 kW eta hortik gorako tentsioko azpiegituretara daude lotuak enpresa gehienak Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, eta horrek historikoki inguruko beste lurraldeetako enpresek baino gehiago pagatzea ekarri die. Kantabria, Asturias edota Errioxako enpresekiko desabantaila hori arintzea da akordioaren xedea. Bi urtean penalizazio hori erdira jaistea zen asmoa, baina portzentaje hori ez da beteko. Eta jatorrizko arazoa ez da konpondu, konexio motarengatik euskal enpresek besteek baino gehiago pagatu beharra alegia.

Asturiasen eta Espainiako beste hainbat erkidegotan oso bestela ikusten dute auzia, eta protesta handiak egin dizkiote Espainiako Gobernuari EAEri emandako «oparia» dela eta. Kataluniako enpresetan ere ez daude kontentlehiakortasunari zuzenean eragiten dion auzian euskal industriek lortutako aurrezkiarekin. «Izan ere, oso garrantzitsua da gure enpresen lehiakortasuna hobetzeko. Tarifa merkeagoa izango dute aurrerantzean; hau da, aldaketa hori kontsolidatu egingo da, horrek urtez urte dakarren aurrezkiarekin», dio Azpiazuk.

Erosketa bateratua

Dena da lagungarria ekoizpen eta zerbitzuen kostuak jaisteko energiaren atalean, eta ildo horretatik Arabako patronala egitasmo berri bat jarri du martxan. Etxeko kontsumitzaile txikien artean ez da berria, baina enpresa txiki eta ertainen eremuan bai. SEAk bultzatuta aurki argindarraren erosketa bateratua egingo dute 148 enpresek. Denen artean 7,7 milioi kW-ko kontsumoa dute, eta fakturari begira, 2 milioi euroko kontsumoa biltzen dute. «Datu horiek guztiak argindarra merkaturatzen duten hamabi konpainiei jakinarazi dizkiegu», esan dio egunkari honi SEAko sektoreko ataleko arduradunak, Luis Cebrianek; «eskaintzen zain gaude orain». Eskaintza horiek datorren ostegunean egingo den enkantearen abiapuntuak izango dira. «Ez da gauza bera oilasko bakarra edo milaka oilasko aldi batean erostea», dio Cebrianek. «Ekimenean sartu diren enpresa guztiek sinatu dute kontratu bat non garbi geratzen baita lortzen duten prezioa errespetatuko dutela urte osoan». Alegia, eskaintza egiten dutenei bermea eskaintzen zaie, segurtasuna, jakin dezaten 148 bezero horiek urte osoan izango dituztela. «Eskaintza onak lortuko ditugula uste dugu».

Ekimen horrek bermatzen du enpresek inoiz baino merkeago eskuratuko dutela argindarra? «Ezin da horrela esan, baina egun horretan eskaintzen den preziorik hoberena lortuko dute, hori bai»; eta batez ere, ekimen hori abiapuntuaizan daiteke enpresek aurrerantzean argindarra eskuratzeko beste modu baterako, betiere prezio merkeagoak lortzeko.

SEAko idazkari nagusi Jaime Ugarterentzat «energia saltzeko eta erosteko mugarria izango da» operazioa. Azaroan zabaldu zuen Arabako patronalak proiektuan parte hartzeko epea, eta otsailaren 4an itxi.Tentsio baxuko enpresei begira pentsatua dago, herrialdeko enpresen %80ari begira alegia. Zerrendan dauden 148 enpresa horien artean, tailerrak, jatetxeak, eraikuntzako enpresa txikiak, okindegiak, gasolindegiak eta beste hainbat negozio daude. «Petrolioa merke dago oraintxe, eta argindarra ez dago une garestienean, horregatik uste dugu prezio ona lortuko dugula, baina egia da beti daudela gure esku ez dauden aldagaiak», dio Cebrianek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.