Dinosauroak nagusi zirenekoa

Ikusgai dago Bilbon 'Turiasaurus' izeneko dinosauroaren berregitea, Europan inoiz aurkitu den handiena. Parada egokia da Euskal Herrian aurkitu eta euskal izena duten beste hainbat espezie ere gogora ekartzeko: ezagunenetarikoa, liranosauroa, haren itxura lirainagatik halaxe bataiatua.
<em>Turiasaurus</em> bikote baten irudikapena.
Turiasaurus bikote baten irudikapena. CARMELO LOPEZ / DINOPOLIS FUNDAZIOA

Juanma Gallego -

2016ko urriak 30
Europako dinosauro handiena ez da Bilbokoa, baina ezaguna da bilbotarrek nonahi eta nahi den itxurarekin jaiotzeko eskubidea dutela. Nolanahi ere, Bizkaia Aretoaren teilatuan dagoen Turiasaurus riodevensis deritzon erraldoiaren berregitea ikusteko parada dute bilbotarrek eta bertara biltzen direnek. Lehen aldiz erakusten da osorik duela 150 milioi bat urte bizi izandako animalia horren hezurdura, EHU Euskal Herriko Unibertsitateak antolatutako Zientzia Astearen harira. Koloso jurasikoak erakusketa azaroaren 27ra arte ikusgai izango da Bizkaia aretoan.

Bilbokoa izan ala ez, Euskal Herritik 200 bat kilometrora topatu zuten turiasauroa, Teruelen (Espainian). Riodeva izeneko herrian agertu zen 2003an, eta haren hondarrak ikertzean konturatu ziren zientzialariak Europan inoiz topatutako dinosauro handienaren hezurrak eskuetan zituztela.

«Dinosauro baten berreraiketa egiterakoan, beti kalkuluetan mugitu behar dugula kontuan izan behar dugu», ohartarazi du Teruelgo Dinopolis Fundazioko zuzendari Luis Alcalak. «Zuhurrak izan gara eta berreraiketan 21 metroko luzera eman diogu dinosauroari, baina 25 metroko tamaina zutela uste dugu».

2006an eman zituzten espezie berri horren inguruko xehetasunak Science aldizkarian. Puzzlea osatuta edukitzeak, gainera, handik hona barreiatutako pieza galduak kokatzeko bidea ireki du. «Hezurduraren erdia baino askozaz gehiago lortu dugu, eta hau ez da ohikoa dinosauroen kasuan. Ehun bat hezur baino gehiago ditugu».Hortaz, dinosauro erraldoien inguruko ikerketak egiten dituztenentzat tresna bikaina bihurtu da Teruelen aurkitutako muskertzarra. «Hurrengo astean, esaterako, Frantzian beste dinosauro erraldoi bat topatu duten ikertzaileak etorriko dira Dinopolis museora, haien materiala eta gurea alderatzeko», azaldu du adituak.

Jurassic Park liburua irakurrita edo filma ikusita badute ere, Bizkaia Aretora biltzen direnek ez dute beldurrik izan behar, 40 tonako erraldoia belarjalea baitzen. «Landare asko jan behar zuten ezinbestean eta, taldeka ibiltzen zirela kontuan hartzen badugu, pentsatu behar dugu lurraldean zehar asko mugituko zirela, elikatzeko landare berrien bila. Gaur egungo elefanteek, kasurako, berdin jokatzen dute».

Euskal Herriko dinosauroak

Turiasauroaren tamainaren aldean txikiak badirudite ere, Euskal Herrian bazen dinosaurorik. Orain arte oso leku gutxitan topatu dira: Trebiñuko bi aztarnategitan fosilak eta Gorlizko (Bizkaia) harkaitzetan oinatzak agertu dira.

Gutxi izateak ez die garrantzirik kentzen, ordea. Are gehiago, Laño (Araba) herritik gertu azaldu zen aztarnategian bakarrik Kretazeoko hamar espezie eta zazpi talde deskribatu dira lehen aldiz. Albaina eta Laño artean dagoen harrobi batean topatu ziren arrastoak. Halakoetan gertatu ohi den moduan, kasualitateak eraman zituen adituak altxorra aurkitzera. Izan ere, 1984an EHUko geologo bat Laño inguruetan zegoen bestelako kontuak ikertzen.

Trebiñun topatu izanak Gaztela eta Leongo administrazioarekin buruhauste batzuk ekarri zizkien paleontologoei. Xabier Pereda-Suberbiola EHUko Estratigrafia eta Paleontologia saileko adituak azaldutakoaren arabera, «azkenean politikaren gainetik zientzia nagusitu zen», eta gertuen zegoen zientzia museora eraman ziren aztarnak, Gasteizko Natur Zientzien Museora, hain zuzen ere. Bertan dira, oraindik ere, Lañoko aztarnategian aurkitutako fosilak.

Zientziarentzat guztiz berriak ziren espezie horien artean Euskal Herrian deskribatu den lehen dinosauroa zegoen, Lirainosaurus astibiae izenekoa. Bere itxura ederra deskribatzeko asmoz izendatu zuten horrela; «musker liraina» zelako, alegia.

Hura ere belarjalea zen, eta duela 73 milioi urte bizi izan zen. Data palomagnetismoaren teknikaren bitartez lortu dute. Lurraren historia geologikoan polo magnetikoen orientazioa aldatu izan da hainbat eta hainbatetan. Estratu batean burdin mineralek duten orientazioa ikertuta ikertzaileek harkaitz bakoitza zein garaikoa den iragar dezakete.

Buru txikia zuen lirainosauroak, eta lepo zein buztan luzeak. Diplodocus-arekin edo turiasaurioarekin alderaturik, tamaina txikikoa zen. «Helduen luzera ez zen 6 metro baino gehiagokoa, eta 2 eta 4 tona arteko pisua zutela kalkulatzen dugu, hau da, gaur egungo elefante bat baino gutxiago pisatzen zuen». Bizilekuari dagokionez, adituek badakite bertan txirikorda itxurako ibai bat zegoela, eta itsasoa ere gertu zegoela. «Garai horretan Europa uhartedi bat zen», gogora ekarri du ikertzaileak. «Krokodiloak ere aztarnategian ageri dira, eta, hortaz, garai hartako klima tropikala edo subtropikala zela jakin dezakegu».

Desagerpen masiboa

Musker liraina ez da, ordea, euskal kutsua duen Lañoko espezie bakarra. Badira gehiago. Musturzabalsuchus buffetauti krokodiloa, Lainodon orueetxebarriai ugaztuna edota Herensugea caristiorum sugearen izenak ikustea besterik ez dago. Dortoka vasconica ere tartean da, izena azaltzeko beharrik ez duena. Horiez gain, Struthiosaurus izeneko ankilosauroa eta Rhabdodon ornitopodoa ere ageri dira.

Bai turiasauro erraldoia zein lirainosauroa ere, biak aspaldi desagertutako erreinu baten testigu isilak dira. Paleontologoek desagertze hori duela 66 milioi bat urte izan zela uste dute. Detektibeen antzera, aspaldi izandako gertakari horren zioak ulertu nahian dabiltza oraindik ere. Mexikoko Yucatanen eroritako 10 kilometroko meteorito bat izan da susmagarri nagusia aspalditik, baina, detektibeen nobeletan gertatu ohi den moduan, hemen ere gauzak ez dira hasieran diruditen bezain sinpleak. «Meteoritoa erori zela eta planeta osoan eragina izan zuela argi dago, besteak beste, munduan zehar iridiozko aztarna utzi zuelako. Baina bestelako faktoreak ere izan ziren», argitu du Pereda Suberbiolak. «Garai berean, mundu osoan eragina izan zuen sumendi jarduera egon zen. Gaur egun, India osatzen duen azpikontinentearen plaka hotspot edo puntu bero baten gainetik igarotzean sortu zen jarduera hori», azaldu du. «Baina Kretazeoaren amaieran ere itsasoaren maila asko jaitsi zen planeta osoan», azaldu du Pereda Suberbiolak. «Duela gutxi ospe handiko paleontologo talde batek ikerketa berri plazaratu du, aferaren inguruan dauden datuen analisi estatistikoa erabilita. Ondorioztatu dute Kretazeoaren amaiera dinosauro leinu gehienak gain behera zeudela meteoritoak talka egin baino lehenago». Luis Alcalak ere paisaia iluna marraztu du. «Planeta osoa aztoratuta zegoen. Kontinenteen eta itsasoen osaketa aldatzen ari zen eta aldi berean sumendi erupzio erraldoiak gertatzen ari ziren. Ez zen bizitzeko une goxoa, baina! Egoera horri gehitu iezaiozu meteorito erraldoi baten talka, eta akabo».

Hala ere, organismo askok bizirautea lortu zuten, besteak beste, ugaztunek. Halere, aditu biak bat datoz ideia berdina azpimarratzeko orduan: dinosauroak ez ziren desagertu. Are gehiago, gaur egun 10.000 espezie inguru daude munduan. «Tira, dinosauro baten eta hegazti baten hezurdurak begien aurrean jarriz gero, ezetz asmatu bakoitzari zein dagokion», erronka egin du Pereda Suberbiolak. «Dinosauro haragijale talde batetik datoz hegaztiak. Anatomiaren eta filogeniaren ikuspuntutik zalantzarik ez dago», berretsi du Alcalak. «Oilasko bat jaten duzun hurrengo aldian, oroitu dinosauro bat irensten ari zarela».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna