Katalunia

Koalizioa adosteko bidean

Bozetarako Junts Pel Sitik haragoko zerrenda bat osatzea du asmo ERCk ere. CUPek 12an erabakiko du zer egin, baina bitartean izen bat erregistratuko du

Marta Rovira ERCkoa erdian, atzo, ezker-eskuin eta atzean kartzelan dauden ERCko lau kontseilarien aulki hutsak dituela. ANDREU DALMAU / EFE.
Igor Susaeta.
2017ko azaroaren 5a
00:00
Entzun
155. artikuluaren aplikaziotik eratorritako abenduaren 21eko Kataluniako bozetan parte hartu nahi duten alderdiek etziko eman behar dute izena, bakarka edo koalizioan. Oraingoz ezer argitu ez duten arren, indar subiranistek koalizio bat adostea dute asmo. «Herri zerrenda handi bat egiteko unea da», nabarmendu zuen Marta Pascal PDECateko koordinatzaileak, herenegun. ERC Esquerra Republicanak ere intentzio hori dauka. ERCrentzat, Junts Pel Sitik harago joan beharko luke koalizioak, eta Podemen Albano Dante-Fachinen tesiak ontzat ematen dituztenak, Democrates, MES eta CUP batu beharko lirateke. Antikapitalistek azaroaren 12ko batzarrean erabakiko dute zer egin, baina jakinarazi dute etzi izen bat erregistratuko dutela hauteskunde batzordean. Hala, parte hartzea erabakiz gero, igandean deliberatu ahal izango lukete bakarka joan ala koalizioan.

Dante Fachinek esana dauka ez dela independentista, baina Katalunian bizitzen ari diren egoera kontuan hartuta, gobernuaren erdia espetxeratuta egonik, hauspotu nahi duen koalizioarekin independentziatik harago joan nahi du ERCk. Horren harira, eta zerrenden osaketa gogoan, ondokoa esan zuen Carles Puigdemont Kataluniako presidenteak, atzo, Twitterren: «Demokrata guztiak biltzeko unea da: Kataluniarengatik, presoen askatasunarengatik».

ERCk, baina, argi dauka «ilegitimoak» direla hauteskundeak. Marta Rovira idazkari nagusiamintzatu zen, atzo, alderdiaren bileraren aurretik, eta exijitu zion Espainiako Gobernuari baldintzak jar ditzala bozek «berme demokratikoak» eduki ditzaten. Horretarako «beharrekoa» da, haren esanetan, «preso guztiak», salbuespenik gabe, kartzelatik ateratzea. «Ezin gara hauteskunde batzuetara joan, lider soziak eta politikoak kartzelan egonda».

Eta, bide batez, eskatu zien alderdi unionistei onar dezatela independentziarako pausoak ematea, baldin eta hori defendatzen dutenek bozak irabazten badituzte: «Programa independentista batekin aurkeztu eta hauteskundeak irabazi ez ditugunean, emaitzak errespetatu izan ditugu beti. Galdera da ea haiek [unionistak] gai izango diren hori egiteko guk legitimatutako hauteskundeetan».

Mezua Catalunya en Comuri

Catalunya en Comukoei ere aritu zitzaien Rovira, eta jakinarazi zien «iraultza» ez dela egingo haiek nahi bezala, «hori kalean baitago aspalditik». Zera ohartarazi zien, gainera: «Iraultza demokratikoak ez ditu xehetasun horiek eta ekidistantzia onartzen: edo iraultzarekin edo errepresioarekin zaude».

Beste alderdiek esaten dutenari erreparatu gabe, «lanetik eta politikatik» hartu nahi ditu erabakiak CUPek, Nuria Gibert alderdiaren idazkaritza nazionaleko bozeramailearen hitzetan. Balizko koalizio batetik baztertuak izatea saihestuta etzi izena emanez, antikapitalisten militanteek dute azken hitza, datorren larunbatean. Poble Lliure CUPen barruko barne joerak «hautagaitza zabal bat» osatzea proposatu zuen, atzo. Horrek 155. artikuluaren aplikazioa arbuiatu beharko luke, eta abenduaren 22tik aurrera errepublika gauzatzeko konpromisoa erakutsi.

Hauteskunde egutegiaren arabera, hilaren 12tik 17ra bitarteanaurkeztu behar dira zerrendak eta hautagaien izenak, eta 25ean argitaratuko dituzte.

Bozei begira jarri gabe, PP, PSOE eta Ciudadanos izan zituen hizpide Rovirak. Pentsatzen du demokraziaren «joko arauak» errespetatu behar direla, baina hiru alderdi horiek ez dutela hala jokatzen. «Sinpleki, ezarri egiten dituzte eta indarrez inposatu. Eta horretarako eskura dauzkaten tresna guztiak erabiltzen dituzte». Rovirarentzat, «erabateko botere gehiegikeria» da hori. ERCkoak galdetu zuen, atzoko agerraldian, ea unionistek emaitzak errespetatuko dituzten garaile ateratzen ez badira eta balizko koalizioak proiektu independentista bat bultzatzen baldin badu. Enric Millok erantzun zion. Espainiako Gobernuak Kataluniak daukan ordezkariak esan zuen, atzo, bere beste alderdikide batzuek azken egunetan egin bezala, automatikoki neurri berak hartuko dituztela, hauteskundeetako irabazleak ez badu, gero, «indarrean dagoen legedia» errespetatzen.

Kanpaina egiten hasita

Oraindik ez dituzte hautagaitzak kaleratu, baina Ciutadans eta PP hasi dira kanpaina egiten. Sant Andreu de Llavaneresen egon zen Ines Arrimadas Ciutadansekoa, eta han egindako ekitaldi publiko batean adierazi zuen subiranisten «gezurrak esateko makina» desegin beharra dagoela. Bildutakoei eskatu zien parte har dezatela bozetan, «kalaka independentista» bukatzen lagundu dezaten.

Xavier Garcia-Albiolek Puigdemont izan zuen ahotan. «Kataluniaren azken mende erdiko okerrena ordezkatzen du». Gironako auzo batera joan zen, atzo, PPko hautagaia, eta presidentea «iragana» dela adierazi.

PSCk, bere aldetik, bere burua «alternatiba» gisa aurkeztu du. Hala nabarmendu zuen, atzo, Miquel Iceta idazkari nagusiak, alderdiaren barne eztabaida batean. «Lubakiak zulatu edo mugak altxatu beharrean, zubiak eraiki behar dira».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.