Fronte Polisarioak militarrak bidali ditu Guergueratera lurraldetasuna bermatzeko

SEADek eremuaren gaineko kontrola hartzeko eskatu dio Minursori. Marokok ohartarazi du su-etena hausteko arriskua dagoela. NBE kezkatuta agertu da

Fronte Polisarioak militarrak bidali ditu Guergueratera lurraldetasuna bermatzeko.
Kristina Berasain Tristan.
2018ko urtarrilaren 7a
00:00
Entzun
Inorena ez den lurralde gisa da ezaguna Guerguerat. Mendebaldeko Sahara eta Mauritania arteko mugan kokatua dagoen buffer zone edo tarteko babes eremu desmilitarizatu horrek, baina, tenkatu egin du, beste behin, gatazka ahaztu baten soka. Fronte Polisarioak militarrak bidali ditu eremu horretara, eta kontrol postu bat ezarri dute kontinentearen iparraldea hegoaldearekin konektatzen duen errepide estrategiko horretan. Minurso Mendebaldeko Saharan Erreferenduma Antolatzeko Nazio Batuen Misioak behatu beharko luke eremua, baina iragan ekainaren 4an erretiratu zen handik, eremu berean sortutako azken krisia behin baretu ostean. Polisarioak, baina, kontrola hartzeko eskatu dio, beste behin, nazioarteari, argudiatuz horrela egin ezean zilegi duela kontrol postu bat jartzea.

Marokok azken hilabetean eremuan tropa kopurua areagotu ostean hartu du erabakia Polisarioak. Brahim Gali SEAD Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoko presidenteak okupazio indarren jokaera salatu du «irmokeriaz, arinkeriaz eta desafioz» jokatzeagatik: «Marokok Guergueraten jarraitzen badu, ekintza militarrak abiatuko ditugu zilegi zaigun defentsa gisa». NBEko 2351 ebazpenaren edukia ere gogorarazi du Galik.

Marokok eta Fronte Polisarioak 1991n sinatuta, su-etenak buffer zone-ko bost kilometroko tartea mantentzera behartzen ditu aldeak. Ez da aurreneko aldia, baina, eremu horretan krisi diplomatikoa pizten dela. 2016ko abuztuan inoiz baino gertuago egon ziren aldeak berriz ere gatazka armatua piztetik, orduko hartan, bost hilabetez, 120 metro eskasera izan baitziren militar sahararrak eta jendarme marokoarrak.

Maroko frutak, barazkiak eta bestelako produktuak garraiatzeko baliatzen duen errepidea asfaltatzen hasi zen orduan, eta neurri horrekin de facto urratu zuen nazioarteko legedia —100 eta 150 kamioi artean pasatzen dira egunero Guergueratetik—. Polisarioak gerra deklaraziotzat jo eta alerta gorena ezarri zuen, militarrak eremura bidaliz. NBEra ere jo zuen.

Minursok, hasiera batean, uko egin zion bere eginkizuna betetzeari, baina militar sahararrak eremura joan ostean kontrola eskuratu zuen, eta bi aldeei alde egiteko eskatu. Mohamed VI.a Marokoko erregeak iragan otsailaren 24an jakinarazi zion idazkari nagusiari haren eskaera bete eta erretiratuko zirela, ordurako 2,4 kilometro asfaltatu bazituen ere. Antonio Guterresek erabakia txalotu eta gauza bera egiteko eskatu zion Fronte Polisarioari. Polisarioa geroago erretiratu zen, apiril bukaeran, goi mandatariak, presidentea tartean, itsasertzeraino joan eta argazki historiko bat atera ostean.

Rally baten kontua

Rally bat izan da oraingoan, antza, gatazkaren iturri. Africa Eco Race auto lasterketaren etapa bat, seigarrena, Dakhla (Mendebaldeko Sahara) eta Boulanouar (Mauritania) hirien artekoa, eremu horretatik pasatuko da bihar. Ibilbide horren mapak okupazioa sostengatzen duela iritzi dio Polisarioak: «Sahararren borondateari eginiko iraina da, nazioarteko erakundeari eginiko desafio bat, kolonialismoa babestea eta menia urratzea». Marokok rally-aren segurtasuna babesteko militarrak bidali ditu, baina, sahararren presentziaren aurrean, berehala erantzun du esanez su-etena hausteko arriskua dagoela. Omar Hilali Marokok NBEn duen enbaxadorearen hitzetan, «arrisku ilunak» daude ekintza militar horren atzean, eta «sartu-irten» horiek eragozteko eskatu dio Minursori.

Nazio Batuen Erakundean ere kezka sakona eragin du auziak. Guterresek ohartarazpena bidali die aldeei eskatuz gerra enfrentamendu bat eragin dezaketen eta statu quo-a aldaraz dezaketen ekintzak saihesteko eta tentsioa ez goratzeko. Horst Kohler NBEko ordezkariari negoziazio prozesu berri bat abiarazteko eskatu diola ere jakinarazi du Guterresek.

NBEk iragan abuztuan izendatu zuen Mendebaldeko Sahararako bidali berezi Horst Kohler. Chistopher Ross izan zen azken mandataria, eta hark egindako ahalegin diplomatikoak antzuak izan dira, duela hamar urtetik ez baita zuzeneko negoziaziorik izan bi aldeen artean. Kholer asteartean elkartuko da Federica Mogherini Europako Batasuneko Atzerri ordezkariarekin.

Sahararrak, bien bitartean, erreferenduma noiz egingo zain daude. Polisarioak eta Marokok 1991n sinatutako su-etenaren ardatza da galdeketa, eta horretarako sortu zen Minurso. Misioak buru berria dauka iragan abendutik: Colin Stewart kanadarra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.