Erdoganen aireratzeko pista

Turkiako presidenteak Istanbul aireportua inauguratu zuen herenegun, herrialdearen festa nazionalaren egunean. Munduko aireporturik handiena bilakatu nahi du, eta «garaipen bat» dela esan du. Sindikatuek, ordea, lan baldintzak salatu dituzte, eta lau urtean lanean hil diren langileen kopuru izugarria eman dute: 175, gutxienez.

Istanbul aireportua, herenegun, inaugurazioaren egunean, lanen garabiak ondoan zituela. ERDEM SAHIN.
Istanbul
2018ko urriaren 31
00:00
Entzun
Gure eskubideengatik kalera atera eta Poliziak atxilotzea egun hauetan ikusi dudan gauzarik lotsagarriena izan da». Istanbulgo aireportu berrian lanean ari den eta izena eman nahi ez duen langile baten hitzak dira. Orain dela lau urte inguru hasi ziren Istanbulgo hirugarren aireportuko obrak. Munduko aireporturik handienen artean bigarrena izango da, Dubaiko Al-Maktumen ondoren. Baina aireportu ikaragarri hori eraikitzeko moduak arazo handiak sortu ditu. Gobernuaren arabera, obretan 30 langile hil dira. Proiektuaren zuzendari Kadri Samsunluk esan du segurtasun falta ez dela arazoa: «Langileek kontu handiagoa izan behar dute lan egiteko orduan». Sindikatuek, ordea, oso bestelako bertsioa dute. Zifrak ikaragarriak dira: ziurtatutzat dute lau urteko epean 175 langile hil direla, baina uste dute kopurua handiagoa dela. Recep Tayyip Erdogan presidenteak, ordea, entzungor egin dio egoera horri, inaugurazioaren egunean bere irudia zuten afixetan ageri zen mezuak erakutsi bezala: Hau ez da aireportu bat bakarrik, hau garaipen bat da.

DISK/Dev Yapi-Is sindikatuko buruzagia da Nihat Demir. Hildakoen kopuru handia emateaz gain, kontatu du 200 langile baino gehiago «desagertuta» daudela, lana utzi eta alde egin dutelako. Joan den hilabete bukaeran, langileek greba egitea erabaki zuten. Laneko segurtasunaz gain, soldata duinak, eta garbitzeko eta bizitzeko leku duin bat aldarrikatu zituzten. «Ez daukagu urik lana bukatu eta gero dutxatu ahal izateko, eta lanean gauden bitartean edateko daukagun ura oso kutsatua dago; horrela ezin dugu lan egin», salatu du Demirrek. Aldarrikapen horien guztien aurka, indarra erabiltzea izan zen gobernuaren erantzuna. Protesta egunean 401 langile atxilotu zituzten. Atxilotuen artean zegoen Demir.

Hurrengo egunetan protestak areagotu egin ziren, baina gobernuak modu berean erantzun zuen. Esan daiteke orain okerragoa dela langileen egoera, lan baldintza berberak baitituzte, baina estatuaren kontrola askoz handiagoa da. Protesta horien ondorioz 24 langile espetxeratu dituzte. Horiekin batera, beste 60 langile kartzelan sartzeko arriskuan daude. Hori guztia kalera ateratzeagatik eskubideen hobekuntza aldarrikatzeko.

Presiopeko lana

«Ezinezkoa da aireportu berri honen obretako eremuan sartzea. Soilik langileok daukagu sartzeko aukera, eta lan orduetan bakarrik. Ezin izan da informazio handirik eman arazo honi buruz, oso kontrolpean baitaukate guztia», azaldu du Demirrek. Lau urte pasatu eta gero azaleratu da guztia, baina arazoa bertan zegoen obrak hasi zirenetik. «Hainbat egoera latz bizi izan dira obra honetan; adibidez, langile bat hiltzea istripu baten ondorioz, eta hiru egun pasatu arte ez aurkitzea gorpua».

Proiektu honetan nabaria den beste arazo larri bat: langileek erlojuaren kontra lan egin dute. Gobernuaren helburua zen aireportua urriaren 29rako bukatzea. Urriaren 29a Turkiako festa nazionala da —1923an errepublika aldarrikatu zuten eguna—, eta Erdoganentzat garrantzi handia zeukan egun horretarako proiektua prest edukitzeak. Lana behar den bezala ez egitea izan du ondoriotzat presa horrek. «Egoera larri bat da hau, azkarregi lan egiten ibili gara data jakin baterako bukatzeko, baina horrek ondorio latzak ekar ditzake etorkizunean aireportuko erabiltzaileentzat», adierazi du aireportuko obretan lanean ari den langile batek. Dioenez, aireportua guztiz prest egon baino lehen jarri nahi dute martxan.

Betoa parlamentariei

Orain dela aste batzuk, hiru istripu larri gertatu ziren aireportuko obretan. Berri hori parlamentura iritsi zen, eta HDP Herriaren Alderdi Demokratikoko parlamentari batek gune horretara joatea erabaki zuen —Kurdistanen burujabetzaren aldeko alderdia da HDP, parlamentuko hirugarren indarra—. Iritsi zenean, segurtasun zerbitzuak ez zion sartzen utzi, nahiz eta parlamentari izanda eskubide osoa zuen horretarako.

Erdoganek helburua lortu du, herenegun aireportu berriaren inaugurazioa egitea lortu baitzuen, bukatuta ez dagoen arren. Langileek protesta egiteko asmoa zeukaten egun horretan, baina bertan behera utzi zuten, Erdoganek oso segurtasun neurri handiak hartu baititu, eta ez baitute nahi joan den hilabetean gertatutakoa errepikatzea. Ondorioz, Turkiako lehendakariak lortu du kontra zuen egoerari buelta eman eta alde jartzea. Urriaren 29an, dena ondo zegoela ikusarazi zuen, eta langileen krisiari maindire bat bota zion gainetik, orain arte bezala deus gertatu ez balitz bezala jarraitzeko.

«Istanbul ez da gure hiririk handiena bakarrik, gure markarik preziatuena da», adierazi zuen inaugurazio ekitaldiko hitzaldian. Horregatik, jakinarazi zuen aireportuak Istanbul izena edukiko duela, eta urte amaierarako Ataturk aireportuaren eginkizuna hartuko du. Erdoganek ekitaldiari nazioarteko oihartzuna eman nahi izan zion, eta hemezortzi herrialdetako ordezkariak joan ziren; horien artean, Albaniako, Mazedoniako, Kosovoko, Serbiako, Kirgizistango eta Sudango presidenteak eta Qatarreko emirra.

Gobernuak dio dena ongi egin duela, eta langileei eskatu duten guztia eman diela. «Guk formakuntza ematen diegu beren lana ongi egiteko, langileek kontu handiagoz lan egin behar dute horrelako egoerak ez gertatzeko», esan du Samsunluk, proiektuaren zuzendariak. Hark dioenez, langileek kexaren bat izanez gero gobernuarekin hitz egiteko aukera dute. « Irekita nago edozein eskaera entzuteko, baina beti indarkeriarik gabe. Arazoren bat baldin badago, konponduko dut, baina modu baketsuan». Samsunluren ustez, langileak eskubideak aldarrikatzeko kalera ateratzea indarkeria erabiltzea da. «Nire ustez, norbaitek errepidea ixten badu, ez da modu baketsuan eskaerak egitea».

Irtenbide bakarra, kalea

Gobernuaren eta langileen sindikatuen arteko erlazioa hutsala izan da. « Gure aldetik, saiatu gara gobernuarekin hitz egiten», adierazi du Demirrek, DISK/Dev Yapi-Is sindikatuko buruak. «Saiatu gara adierazten lan baldintzei buruz pentsatzen duguna. Hildakoei buruz hitz egiten saiatu gara. Baina ez digute inoiz erantzun». Sindikatuek eta langileek ikusita gobernuak ez zuela erantzuten, geratzen zitzaien aukera bakarra aukeratu zuten: kalera atera beren eskubideak defendatzera.

Oraingoz, aldaketak ez dira iritsiko, eta langileek egoera latz horretan jarraituko dute. Turkiako egoera politikoak ere ez du lagundu, eta oposizioko alderdiek ez daukate inolako indarrik egoera horri buelta emateko. Horiek horrela, langileek kalera ateratzeko asmoari eutsi diote. Arazoa ezkutatzea da helburu nagusia gobernuarentzat, eta, oraingoz, Turkiako lehendakariak lortu du hori.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.