Ruanda urratua

Ruandako genozidioaren urtemuga da bihar, inoiz munduan izandako masakrerik handienetako batena. Milioi bat lagun hil zituzten ehun egunean, gehienak tutsiak, baina baita hutu moderatuak ere, eta, 25 urte geroago, zauriak zabalik daude.

Kigaliko Ntarama elizan genozidioan hildako dozenaka lagunen garezurrak daude. DAI KUROKAWA / EFE.
Kristina Berasain Tristan.
2019ko apirilaren 6a
00:00
Entzun
Ehun egunean milioi bat lagun hil zituzten Ruandan. Artean sei milioi laguneko herrialdea zen; hortaz, sei lagunetik bat hil zuten, hamar mila eguneko, laurehun bat orduko; gehienak tutsiak, baina baita hutu moderatuak ere, asko eta asko aihotz kolpez. Tarte berean 250.000 emakume bortxatu zituzten, eta gerrak milaka umezurtz utzi zituen.

1994ko apirilaren 7an hasi zen genozidioa, biharko egunez, eta 25. urtemuga gogoan izateko ekitaldi bat egingo dute Kigalin. Paul Kagame presidenteak kandela bat piztuko du hiriburuko Genozidioaren Memorialean. Hantxe daude 250.000 lagunen garezurrak. Gero, Amahoro estadiora joango da, tutsiak babestu zituzten futbol zelaira, kinyaruanderaz bakearen izena daramana, eta han hitzaldi bat emango du, ehun eguneko dolu nazionalari hasiera emanez.

Hilen memoria oroitzeko ekitaldia izango da urtemuga, baina bizirik daudenentzat izango da mesedegarria, zabal-zabalik dauden zauriak itxiz joateko, oinazea handia baita oraindik Ruanda urratuan.

Handicap International gobernuz kanpoko erakundeak zabaldutako txostenaren arabera, hiru lagunetik bat estresaz bizi da, oraindik oso handiak baitira genozidioak utzitako arrastoak, eta bost lagunetik batek, berriz, depresioa dauka tarteka. Chantal Umurungi psikologoaren hitzetan, egunotan sentiberago daude herritarrak, eta ohikoagoak dira izu atakeak: «Une hauetan elkarri babesa ematea eta sentimenduak partekatzea oso lagungarria da indarkeriaren eta saminaren zirkulua ixteko».

Kolonialismoaren ondarea

Juvenal Habyarimana orduko presidentea zeraman hegazkinaren leherketa izan zen genozidioaren abiapuntua; Kigalin lurreratzear zenean bi misil bota zizkioten gaurko egunez duela 25 urte. Genozidioaren bezpera zen. Kagameren RPF Ruandako Fronte Abertzaleak uztailean herrialdearen kontrola hartu zuenean amaitu zen historiako inoizko masakrerik handienetakoa izan zena.

Inoiz ez da argitu nor izan zen erantzulea. Ikerketa batzuek Kagame presidentea bera seinalatzen dute —tutsia da—, eta beste batzuek, muturreko hutuak, baina argi dago hutuen eta tutsien arteko gerra kolonialismoaren ondarea dela.

Herrialdea Belgikaren kolonia izan zen 1962an independentzia eskuratu zuen arte, eta ordurako bermatuta zegoen elite tutsien nagusitasuna. Belgikak, bada, barkamena eskatu du aste honetan bertan, ez erantzukizunagatik, baizik eta garai hartan milaka ume mestizo bahitzeagatik. Kongon, Burundin eta Ruandan 20.000 ume bahitu zituzten —kolonizatzaileek emakume beltzekin izan zituztenak—, eta metropolira eraman.

Frantziaren konplizitatea ere aipatzen da; hutuekin behintzat mahuka-zabala izan zen. Miliziak trebatzeaz gain, armak banatu zizkieten miliziano hutuei. Parisek ere, beraz, itxi gabe dauka memoria historikoaren atal hori. Eta Emmanuel Macronek Kigalira joateko gonbidapenari uko egin badio ere, keinu bat egin zuen atzo, jakinaraziz ikerlariz osatutako batzorde bat eratuko duela, eta artxiboak zabalduko dizkiela, azter dezaten zer rol jokatu zuen metropoliak genozidioan. Frantziako presidentea erantzuleak zigortzeko urratsak egiteko prest ere agertu da, herrialdean babestuta dauden akusatuak justiziaren aurrera eramateko prest. Frantziak 2014an eman zuen lehen zigor epaia. Parisko Kriminaleko Auzitegiak 25 urteko kartzela zigorra ezarri zion Pascal Simbikangwari; Ruandako kapitain hutu ohia zen, eta justizia unibertsalaren printzipioa aplikatuz epaitu eta zigortu zuten.

Erantzuleak

Frantzian, baina, ustez erantzule ugari erbesteratu daude, eta kontua da genozidioa gertatu eta 25 urtera ez dela justizia egin. Nazio Batuen Erakundearen arabera, genozidioa «modu sistematikoan eta metodikoan planifikatu zen», eta, hortaz, saihets zitekeen sarraskia. Erantzule asko, hala ere, libre daude.

1995ean, Ruandarako Nazioarteko Zigor Auzitegia eratu zen. Arushan (Tanzania) dauka egoitza, eta urteotan 93 zigor ezarri ditu militarren, milizianoen, elizgizonen eta kazetarien kontra. Ordurako, gacaca izeneko herri epaitegietara eramaten zituzten auzipetuak; ia bi milioi lagun epaitu zituzten epaitegi horietan, harik eta 2012. urtean bertan behera utzi zituztenarte, nazioartearen inpartzialtasun kritiken ostean —2013tik 2017ra auzitegi horietan kondenatutako 5.000 lagunek helegiteak aurkeztu zituzten—. Ruandak, aldi berean, beste epaitegi bat sortu zuen.Ruandako Auzitegi Gorenak 55.000 lagun prozesatu ditu 1995etik.

Konstituzioak jada hutuen eta tutsien arteko bereizketa egitea debekatzen du, genozidioaren ostean, baina, hutuek diote kontragenozidio bat gertatzen ari dela. Kagamek 2000. urtean boterea hartu zuenetik, ekonomia %7 handitu da urtero, baina, bien bitartean, autoritarismoz agintzen du, oposizioa isilaraziz eta prentsa askatasuna urratuz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.