Bangladeshek mende erdi bete du

Pakistango armadarekin bederatzi hilabeteko gerra odoltsu bat eduki eta gero, bengalarrek 1971ko abenduan lortu zuten independentzia. Bi hamarkada pasatu zituzten ekonomikoki, sozialki eta linguistikoki azpiratuta, nahiz eta gehiengoa ziren.

Bangladeshek mende erdi bete du.
Igor Susaeta.
2021eko abenduaren 17a
00:00
Entzun
Mende erdi bete zen atzo Bangladesh estatu gisa jaio zenetik. Bederatzi hilabete iraun zuen gerra odoltsu baten ondoren lortu zuen independentzia. Borrokatu ziren Pakistango armada, AEBek babestuta, eta bengalarren etniakoek osatutako erresistentzia, Indiako armadaren azken uneko laguntzarekin. Bigarrenak nagusitu ziren.

Gertatu zena hobeto ulertzeko, ia 80 urte egin behar dira atzera. Indiako koloniak Britaniar Inperiotik independentzia lortu zuenean, 1947an, lurraldea bitan banatu zuten: batetik, egungo India, gehiengo hindua zuen eskualdea; eta, bestetik, Pakistan, gehiengo musulmana zuena. Bitan zatitu zuten: Mendebaldeko Pakistan eta Ekialdeko Pakistan. 2.000 bat kilometroko distantzia zegoen bien artean, eta, erlijio bera izan arren, batzuen zein besteen artean handiak ziren ezberdintasunak etniei, ohiturei edo, besteak beste, hizkuntzari zegokienez. Kuantitatiboki gehiengoa izan arren, ekialdekoak, bengalarrak, gutxietsita sentitzen ziren ekonomikoki eta sozialki. Gainera, haien hizkuntza, bengalera, zokoratua zegoen, mendebaldeak erabaki zuelako hizkuntza nazional bakarra urdua izatea.

1952an hartu zuen erabaki hori Pakistango Batzar Konstituziogileak. Dhakan, Ekialdeko Pakistanen, hizkuntz eskubideen aldeko protestak piztu ziren, eta Poliziak ikasle batzuk hil zituen otsailaren 21ean. Hain zuzen, gertakari hori dela eta, 2000. urteaz geroztik Ama Hizkuntzaren Nazioarteko Eguna da otsailaren 21a.

Hurrengo bi hamarkadetan mendebaldearen menpe egon zen ekialdea. Armadan punjabiak eta paxtunak ziren nagusi, eta bengalarrek ia ez zuten tokirik estatuaren egituretan. Ekonomikoki ere galtzaile atera zen. 1947 eta 1970 bitartean, inbertsio industrialaren laurden bat eta inportazioen %30 besterik ez zuten bideratu ekialdera, nahiz eta esportazio guztien %60 han fabrikatu.

1970eko hauteskundeak

Bengalarrak, oro har, azpiratuta sentitzen ziren. Eta sentipen hori handitu egin zen 1970eko azken hilabeteetan. Azaro hasieran zikloi batek ekialdea jo zuen, eta 500.000 bat hildako eragin zituen. Gobernuari leporatu zioten katastrofeari ez ziola erantzun egokirik eman, eta horrek erresumina areagotu zuen.

Handik gutxira, abenduaren 7an, egin zituzten Pakistango aurreneko bozak, eta bengalarren autonomia aldarrikatzen zuen Awami Liga alderdiak irabazi zituen, erraz, botoen %39,2 lortuz. Sheikh Mujibur Rahman buru zuen indarra gobernua osatzeko negoziazioak hasteko moduan zen, baina agintean zegoen erregimenak ez zituen emaitzak aitortu, ez zuelako nahi bengalarrek herrialde osoa gobernatzea.

Ezinegona gero eta handiagoa zen ekialdean. Martxo hasieran negoziatzen aritu ziren Pakistango presidente Yahya Khan jenerala eta Rahman, baina ez zuten akordiorik lortu. Bien bitartean, kalean, bengalarrek autodeterminazioa eskatzen zuten. Egoera aintzat hartuta, Pakistanek milaka soldadu bidali zituen ekialdera, eta Khanek gerra legea ezarri zuen. Martxoaren 25ean Rahman atxilotu zuten, eta, hurrengo egunean, bere alderdikideek independentzia aldarrikatu zuten.

Gerra hasia zegoen. Ez dago datu zehatzik, baina zenbait ikerketaren arabera, hurrengo bederatzi hilabeteetan 300.000 eta hiru milioi pertsona artean hil zituen Pakistango armadak, eta 200.000-400.000 emakume bortxatu. Historialari gehienak bat datoz: genozidio bat izan zen. Abenduan bukatu zen gerra, Indiako armada erresistentziaren alde jarri eta aste batzuetara. Ordurako, hamar bat milioi bengalar zeuden erbesteratuta, batez ere Indiako Mendebaldeko Bengala estatura.

Independentziaren ondoren Rahman izan zen aurrena presidentea eta, gero, lehen ministroa. 1975ean hil zuten, haren familiako hainbat kiderekin batera, militar batzuek emandako estatu kolpe batean. 1990era arte, demokrazia berrezarri zuten arte, militarrak egon ziren agintean. 2009az geroztik, Rahmanen alaba bat da lehen ministroa: Sheikh Hasina Wazed. HRW Human Rights Watchek eta giza eskubideen aldeko beste hainbat taldek salatu dute Sheikh Hasinaren administrazioa «autoritarioa» dela, «ustelkeriaz gaindi» dagoela, eta kontra daudenen aurka indarkeria erabiltzen duela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.