Protestarekin elikatzen

170 preso inguru gose greba egiten ari dira Egipton.

100dik gora pertsonak egin dute bat ekinaldiarekin, elkartasunez.

Protesta Legearen aurkako daude
Ogia eta Askatasuna alderdiaren Kairoko egoitzan gose greba egiten ari diren bost ekintzaileak. Betaurrekoekin, Ahmad Mamdouh.
Ogia eta Askatasuna alderdiaren Kairoko egoitzan gose greba egiten ari diren bost ekintzaileak. Betaurrekoekin, Ahmad Mamdouh. SERGI CABEZA

Sergi Cabeza -

2014ko irailak 28
Mohamed Sultanek preso urtebete bete zuen egunean, haren alde zerbait egin behar lukeela pentsatu zuen Sarah Mohamedek. Sultan ahaide txikia du. Egun hartan bertan, abuztuaren 25ean, Alaa Abdel Fatah ekintzaile preso ezagunaren ama eta arrebak gose greban hasi ziren, Alaak hainbat aste lehenago Torako espetxean (Kairo) hasia zeukanarekin bat eginez. Sarahek ez zuen bitan pentsatu: gose greba egiten hasi zen bera ere.

Egun batzuk geroago, Alaa aske utzi zuten, bermea ordainduta. 15 urteko kartzela zigorra ezarria zioten manifestazio batera joateagatik. Ordurako greban zeuden dozenaka ekintzaileek eutsi egin zioten protestari. Preso guztiak askatzea dute helburua. «Presoek gure babesa senti dezan egiten dugu, ez da ez Alaagatik ez Mohamedengatik», Saraheren arabera. Baraualdian segituko du, «osasun egoerak utzi bitartean».

Duela bi aste, Mohamed Sultan konorterik gabe eta ahotik odola zeriola aurkitu zuten ziegan, lurrean erorita. 240 egunetik gora dira gose grebari ekin ziola; lehena izan zen baraualdia hasten. Atzetik, Marwa Arafaren arabera, Egiptoko 170 preso politiko gehitu zaizkio. Nahikoa izan dugu presoen aldeko kanpainaren koordinatzailea da Arafa.

Glukosa egunak

Agirien arabera, Sultan egipziar-estatubatuarra da; etxean atxilotu zuten, 2013ko abuztuko Rabaa al-Adawiyako sarraskiaren ostean —segurtasun indarrak Mohamed Mursi presidente kargutik kenduaren aldekoen aurka oldartu ziren, eta 700dik gora pertsona akabatu zituzten egun bakarrean—. Ahmed Sultanengatik galdetu zuten ate-joka heldu zirenean, Anaia Musulmanetako kidea zelako, baina Mohamed semea eraman zuten.

Ogia eta Askatasuna alderdi politikoak Kairo erdialdean daukan egoitzan, bost gaztek kanpatokia daukate ezarrita. Han ari dira gose greba egiten. Ahmad Mamdouh medikuntza ikaslea da euretako bat. Haren eta beste lauren presioa eta glukosa neurria aztertzen ditu, bi aldiz egunean. Dena kontrolpean edukitzearren. «Ura, gozatu gabeko tea edo mantzanilla besterik ez dugu edaten normalean, baina zenbaitetan hidratatzaileak eta V-12 osagarri bitaminikoak hartzen ditugu, kalte larriak ekiditearren», dio Ahmedek.

Presoen gose grebarekin bat eginez, 100dik gora ekintzailek baraualdia hasi dute, baina kalekoen greba ez da oso zurruna. Ahmedek eta beste askok, esaterako, «oporrak» hartzen dituzte protestaldiari atzera indartuta heltzeko. Beste batzuek, berriz, bikoteka antolatu eta txandaka egiten dute astebeteko baraualdia, batean bai eta bestean ez. Gehienak, berriz, bat egiten dute grebarekin 24 edo 48 orduz. «Ez da protestatzeko modu ona, badu bere arriskua, baina ezin dugu kalean egin, beste formula batzuk asmatu behar izan ditugu beraz», Ahmeden esanetan.

Presoei elkartasuna adieraztea ez da gose grebalarien helburu bakarra, ordea. Protesta Legea bertan behera uzteko ere eskatzen dute. Lege horrek Abdel Fatah Al-Sisiren gobernuaren kontrako manifestazio oro galarazten duelako, de facto. Protesta Legearen bitartez espetxeratu zuten azkenekoz Alaa Abdel Fatah, esaterako. Mubaraken agintean, hura eraitsi zuen iraultzaren osteko gobernu militarrarenean, Mohamed Mursirenean eta Al-Sisirenean egon da preso.

Mahienour Al-Masry ekintzailea ere egun indarrean den lege bera erabiliz atxilotu zuten, Alexandrian. Duela gutxi utzi dute libre, epaile ebazpen bitxi bati esker. Askoren ustez, bi ekintzaileok aske uzteko benetako arrazoia John Kerry AEB Ameriketako estatu Batuetako estatu idazkariaren presioak dira. Duela egun batzuk, Apirilaren 6a mugimendu iraultzaileko buruzagi Ahmed Maher libre uzteko eskatu zuen Kerryk jendaurrean.

Sindikatuen babesa

Ogia eta Askatasuna alderdiak ez ezik, ezkerreko beste zazpi alderdik ere bat egin dute kanpainarekin. Baita Al-Sisik udaberriko lehendakaritzarako hauteskundeetan izan zuen arerio bakarrak ere: Hamdin Sabahi. Sindikatu profesinal askok, medikuenak, kazetarienak eta abokatuenak kasurako, kanpaina babestu dute, protesta legeak erasan egiten dielako haiei ere.

Grebakideei mediku azterketa egin ostean, trasteak eta bere 22 urteak hartu eta kazetari sindikatuaren egoitzara doa Ahmed. Hango harrera gelan, gose greban dauden 19 kazetariak elkartu egiten dira zenbait orduz, solasa eta babesa elkarrekin banatzeko. Ahmedek presioa hartu eta hatza sastatzen die odoleko azukre maila neurtzeko. Dena ondo.

Omar Al-Naghy freelance-ak dioenez, egungo Protesta Legeak kazetarien lana ere galarazten du: «Gure eskubide demokratikoen kontrakoa da». Zigarroa ketan du eskuan. «Jateari utz diezaiokegu, baina oso zaila da erretzeari uztea», dio Ahmedek.

Mediku sindikatuko Amer Al-Shuraren arabera, azken urtebetean 270 mediku atxilotu dituzte, eta horietatik 66 besterik ez daude libre. «Kartzeletatik infekzio eta gaitz askoren berri heldu zaigu, eta fiskal nagusiari espetexetara sartzeko baimena eskatu diogu, baina ez digu eman». Presoek osasun zerbitzurik ez dutela jasotzen erantsi du. «Legez, gure sindikatuak osasun publikoa kontrolatu behar du, baina ezin dugu egoitza militarretara, kartzeletara eta Barne Ministerioaren etxeetara sartu». Amerrek 24 orduko baraualdia egin du kanpainarekin bat eginez.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna