Asteroko azterketa

Ladis Galarza hirugarren aldiz ari da binakako txapelketan, eta, aurrenekoz, erregulartasunez. Irailean itzuli zen Aspera, eta gustura dago jasotzen ari den aukerarekin eta tratuarekin.
Ladis Galarza, pilota zail bat bueltatzeko makurtzeko ahaleginean. Alboan Mikel Urrutikoetxea du begira.
Ladis Galarza, pilota zail bat bueltatzeko makurtzeko ahaleginean. Alboan Mikel Urrutikoetxea du begira. J. M. / FOKU

Imanol Magro Eizmendi -

2019ko urtarrilak 4
Argal dago Ladis Galarza (Baraibar, Nafarroa, 1990), oso argal. Etxeko pisuak erakusten dizkion 83,8 kiloek gutxi dirudite 1,89 metro luzeko aldamiodun atzelariarentzat. «Debutatu nueneko pisu bera da, baina orduan 19 urte nituen, eta orain, 28», azaldu du. Urteak dira elikadura aldatu eta jana asko zaintzen hasi zela. «Berez, pisua hartzeko joera dut; zaintzeari utziz gero, berehala pasatuko nituzke 90 kiloak, baina, hemen, guztiak daude fin». Berak prestatzen du jana, gainera, «Nafarroako barazkiak, bereziki», zehaztu du. Beotibar pilotalekuko kantxatik mintzo da atzelaria, entrenatu berri.

Elikadura zaintzea profesionaltasun zantzua da, eliteak eskatzen duena. Aurten elitera itzuli baita Galarza, Asperen eskutik. Irailean itzuli zen Eibarko enpresara, eta oso eskertua dago enpresari jasotako aukerengatik. «Bere garaian Aspe utzi eta Asegarcera joan nintzenean, harreman onak utzita egin nuen, bai pilotariekin eta bai enpresaburuekin, eta horrek asko erraztu zidan itzulera. Abuztuan eta irailean gutxi jokatu nuen, baina indartsu sumatzen nuen neure burua. Hala ez balitz, ez nintzen hain bizkor jarriko maila honetan jokatzeko».

Behin neguan, aukeretan onena jaso du: binakakoan parte hartzea; eta aukera hori zukutzeko gogoz dago. «Oso gustura nago jasotzen ari naizen tratuarekin. Aukera ona da, baina pilotalekuan zure jokoa erakutsi behar duzu hura baliatzeko». Hirugarren aldiz ari da binakako txapelketan. Iaz, ligaxkako bigarren partidan utzi zuen, oinean min hartuta. 2014an, berriz, Asegarcek txapelketatik atera zuen kirol maila baxuagatik, baina Galarzak berak gerora onartu zuen eskuko minez ari zela eta ez ziola esan enpresari. Eta oraingo hau azterketa al da? «Ez, maila honetan partida guztiak dira azterketak. Astero dago bat».

Joseba Ezkurdiarekin ari da; «hau dagoeneko izar handi bat da», zehaztu du. «Afizionatu mailatik ezagutzen dut, eta ikusgarri dabil. Halere, ez nau harritu, nik banekien zer zuen barruan». Ezin gusturago dabil harekin, baina sei partidatik lau galdu dituzte; azken biak, 22-18an. «Eskura izan genituen, baina pilota tonto batzuk gora bota genituen, hiruzpalau txapa jo ditugu... Ikusten dugu partidetan agintzen dugula, piloteoan-eta, baina zorte pixka bat falta zaigu irabazteko. Baina, tira, txapelketa luzea da oraindik». Beraz, helburua finalerdiak dira? «Helburua gure jokoa erakustea da».

Galarza erregulartasun txikiko pilotaria izan da profesionaletan hasi zenetik. Bolada onak eta txarrak tartekatu ditu. Urduria izan da, eta lotuta ekin izan die partidei. Oraindik ere sumatzen du; «pilotari guztiei gertatzen zaie», zuritu du bere burua, eta gabezia bera dute Ezkurdiak eta berak: hotz hasten dituzte partidak. «Tira, Josebak horretan ere asko egin du hobera. Baina egia da hitz egin dugula horri buruz. Partida guztietan indartsu hasteko ahalegina egiten dugu, jokoan goiz sartzeko». Bihar dute hurrengo partida, eta hobe dute bai ondo hastea, hala izan ezean kostata irabaziko baitiete Artolari eta Mariezkurrenari, eta, galduz gero, bi garaipeneko desabantaila izango dute laugarren sailkatuarekin.

Rezusta, etxean

Gaur hasiko da txapelketako ligaxkako zazpigarren jardunaldia, lehen itzuliko azkena, Bergaran (Gipuzkoa, 22:00). Elezkano-Rezustak eta Urrutikoetxea-Aretxabaletak neurtuko dituzte indarrak. Bi bikoteek irabazi egin zuten iragan astean. Galtzen badu, Asegarceko bikoteari aldapa gora jarriko zaio finalerdietarako bidea.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna