Etenik gabeko abiadan

Eroriko eta lesio baten ondorioz eskalada utzi eta gero, bere beste bi zaletasunei heldu zien Juanjo Esnaolak: bizikletari eta abiadurari. Enduroan aurkitu du biekin gozatzeko aukera. Espainiako txapeldun izan zen duela bi aste diziplina horretan, eta, orain, Epic Enduro proban hartuko du parte, Frantzian. Proba ospetsua da.

Juanjo Esnaola, enduroko bizikletarekin. Halako bizikletak oso garestiak izaten dira. BERRIA.
Unai Ugartemendia.
2020ko urriaren 13a
00:00
Entzun
Bost urte besterik ez dira pasatu Juanjo Esnaolak (Anoeta, Gipuzkoa, 1982) enduroa probatzeko aukera izan zuenetik. Aurretik, mendiko bizikletarekin urteetan ibilitakoa zen. Mendian ibili da beti. Lehenik, mendi martxetan ibili zen; eta, ondoren, mendi lasterketetan egin zituen urte asko. Kirolari petoa izan da beti; eta, besteak beste, eskian, piraguan eta eskaladan aritu zen. Baina eroriko eta lesio larri bat tarteko, eskalada uztea gomendatu zioten. «Lau hilabete igaro nituen geldirik aurrena, eta medikuak aipatu zidan berriro ere eskalatzen hasi eta lesio bat edukiz gero ebakuntza egin beharko zidatela», gogoratu du Esnaolak.

Hala, berriro ere mendiko bizikletari heldu zion. Esnaolaren pasioa beti izan da abiadura. 14 urte beteak zituela, gurasoei jaitsierak egiteko bizikleta eskatu zien. «Oso gaztetatik izan dut gustuko abiadura. Etxean, ni nintzen eroa beste guztien begien aurrean. Gurasoentzat, gainera, gastu handia zen bizikleta hura erostea». Gaur egun, hiru bizikleta ere baditu etxean: bi mendian ibiltzeko, eta beste bat errepiderako.

Urte askoan mendiko bizikletan ibili ondoren, orain bost urte iritsi zitzaion enduroa probatzeko aukera. Mendi bizikletako modalitate horrek 25 urte inguru daramatza Frantzian, baina Euskal Herrian nahiko berria da oraindik. Diziplina osoa da. Izan ere, enduroko lasterketak luzeak izaten dira, desnibel handikoak, eta fisikoki oso prestatuta egotea eskatzen dute. Erlojuaren kontrako tarteak izaten dira, eta, horrekin batera, eremuen arteko loturak. Autoetako rallyen antzekoak dira. Lotura gehienak aldapan gora izaten dira; erlojuaren aurkakoak, berriz, aldapan behera. Mendi tontor askotara igo behar izaten dute loturak egiteko. Esnaolarentzat, Arbizun (Nafarroa) izan zen estreinakoa duela urte batzuk. «Lagun batzuek aipatu zidaten bertan enduroko lasterketa bat jokatzekoa zela, eta hura probatu behar nuela pentsatu nuen. Uste baino gusturago amaitu nuen, eta, handik gutxira, Arrasateko [Gipuzkoa] beste lasterketa batera joan nintzen. Geroztik, kateatuta nago kirol honekin», nabarmendu du hastapenez hitz egiterakoan.

Mendiko bizikletako probekin konparatuta, aldea nabaria da. Jaitsierak oso azkarrak izaten dira, eta teknika eta kontzentrazioa ezinbestekoak dira. Oso jarraian jaisten dira parte hartzaile guztiak. Erlojuaren aurka lehiatzen dira, eta aurrekoa harrapatuz gero, ezinbestean kanporatua izaten da. «Une latzak izaten dira aurreratzeko garaian. Jaitsieraren erdian aurrekoa ikusi orduko, oihuka hasten gara, eta tentsio handiko uneak izaten dira askotan», azpimarratu du Esnaolak.

Espainiako txapeldun

Hori bera gertatu zitzaion irailaren 12an eta 13an Castejon de Sosen (Aragoi, Espainia) jokatutakoEspainiako Txapelketan. «Zerrendaren erdian ateratzea egokitu zitzaidan. Horrelakoetan, bat edo bi aurreratzea normala izaten da, baina sei ere aurreratu nituen». Ondo ezagutzen duen ibilbide bat zen, eta begiz joa zuen. Ibilbideak 45 kilometro zituen (+1.800 metro), eta bere gaitasunetarako aproposa zen. Kilometroak aurrera joan ahala, bere bi ahalmen nagusiak erakusteko aukera izango zuen: teknika eta erresistentzia. Txapelketa han jokatuko zela esan ziotenean, irabazteko aukera handia izango zuela konturatu zen. Horri lotuta, bitxikeria bat kontatu du: «Txapelketa Aragoiko zirkuituan jokatuko zela irakurri nuenean, babesle dudan Cyclabykes dendako arduradunari txapeldun izango nintzela hitzeman nion». Eta ez zuen huts egin aurreikuspenean.

Horretarako, hala ere, aurretik ondo prestatu beharra zegoen. Eta ahalegin betean saiatu zen. Hasieratik, lehia bizia izan zuen Alvaro Garcia eta Iban Runza espainiarrekin. «Bost jaitsiera kronometratu izan ziren, eta banekien oso zaila izango zela irabaztea. Baina saiatu beharra neukan. Azkenean, 26 minutu eta 50 segundo behar izan nituen irabazteko. Bigarrenari bi segundo besterik ez nion atera» Txapeldunak. Hala ere, amaitu eta unean bertan ez zioten esan txapelduna zenik. «Lasterketa amaitzean, errekara joan ginen, eta bertan nengoela deitu zidaten irabazlea nintzela esateko».

Egun batzuk pasatu diren arren, irabazlea zela esan zioten unea ez du berehalakoan ahaztuko Esnaolak. Beste bi lagunekin zegoen, eta unean bertan izugarria izan omen zen. «Oilo ipurdia eta guzti jarri zitzaidan». Hala ere, txapeldun izateak ez zuen haren egunerokoa aldatu.Ohi bezala, biharamunean, oso goiz jo zuen iratzargailuak Esnaolaren etxean.

Laguntza gutxi

Azken urteetan gero eta gehiago dira enduroan aritzen direnak, baita zaleak ere. Baina oraindik ere gutxi dira lasterketetan lehiatzen ibiltzen direnak. Euskal Herrian oso lasterketa gutxi jokatzen dira, eta, gehienetan, kanpoan lehiatzea tokatzen zaie. Saririk ez dagoen diziplina bat da enduroa. Espainiako Txapelketa irabazteagatik, maillot bat eta serigrafiatu gabeko domina bat besterik ez zuen jaso Esnaolak. Aldiz, lehiaketan ibili zuen bizikletak 5.000-6.000 euro balio du. Bidaiak, bizikleta, haren mantentze lana eta arropa «oso garestiak» dira, eta, horiei aurre egiteko, Esnaolak nahiko lukeen baina laguntza «askoz gutxiago» jasotzen ditu. «Baditut babesle batzuk: esaterako, Iruñeko Cyclabykes denda eta Akamur Suspension Lab [Tolosa, Gipuzkoa], baina, hala ere, gastuak askoz ere handiagoak dira. Adibide bat jartzearren, nire gurpil bakoitzaren estalkiak, 60 euro balio du». Argi dauka, gainera, adinak ere asko mugatzen dituela babesle finkoren bat izateko aukerak. «Nire adinarekin, oso zaila da babesle bat topatzea. Agian, 22 edo 23 urte banitu, beste gauza bat izango litzateke».

Kirol gehienetan gertatu bezala, enduroan ere eragina izan du COVID-19ak. Egutegia zehaztuta zegoela, pandemiak eraginda, proba gehienak bertan behera geratu ziren Espainiako Txapelketara arte. Esnaolak etena izan zuen. «Frantzian jokatzen zen Alps Epic Enduro All Mountain lasterketara joateko asmoa geneukan. Izugarrizko lasterketa da, bi egunekoa. Munduko lasterketarik onenetakoen zerrendan sartzen dute», azaldu du pena. Orain, Espainiako Txapelketan lortutako garaipenari segida eman nahi dio, hurrengo astean, Sun Epic Enduro lasterketan (Olargues, Frantzia). Munduko lasterketarik gogorrenetakoa da (102 kilometro, +4600 metro), eta gogotsu dago. «Lagun batzuk goaz, baina ni lehiatzera noa. 12-13 orduko proba izango da, eta erlojuaren aurkako hamar tarte izango ditu. Jaitsieretan bakarrik, ordubete baino gehiago kronometratuko dute». Behintzat, ilun zegoen geroa argituz doa pixkanaka-pixkanaka.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.