Kolonia txiki bat ozeanoaren erdian

AEBen menpeko uharte bat da Guam, baina ez du AEBetako hauteskundeetan bozkatzeko aukerarik. Herritarrak, ordea, aspertzen hasiak dira aginduak bete eta erabakiak ezin hartu izateaz, eta autodeterminazio eskea indartuz doa.

Independentziaren aldeko manifestazio bat egin zuten duela urtebete Guam uhartean. MICHAEL L. BEVACQUA.
urtzirrutikoetxea
Hagatna
2020ko urriaren 22a
00:00
Entzun
Kaledonia Berrian izan da azken independentzia erreferenduma, eta handik hurbil, Bougainville uhartean egin zuten iaz. Pazifikoan badira oraindik Mendebaldeko potentzien menpe NBE Nazio Batuen Erakundearen Deskolonizazio Zerrendan agertzen diren lurraldeak. Guam uharte txikia da horietako bat: AEBen menpe dago 1898ko Espainiaren aurkako gerratik. Deskolonizazio prozesua aspaldi hasi zuten, baina hainbat oztopo dituzte bidean txamorro indigenek. Besteak beste, munduko armadarik handiena aurka izatea.

Hamahiru mila kilometro itsaso daude Mexikoko kostaldetik Filipinetaraino, eta irla txiki batzuk baino ez bien artean. Mikronesiako uharteetako handiena 500 kilometro koadro pasatxo da, Enkarterri edo Goierriren antzeko azalera dauka, baina oso garrantzi estrategiko handia izan zuen XVII. mendetik aurrera Gaztelaren ontziak hornitzeko geraleku gisa. Txamorro indigenen hizkuntza espainierazko hiztegiarekin zipriztinduz joan zen, eta katoliko bihurtu ziren gehienak. 1898an, AEBen aurkako gerra galtzearekin batera, Espainiako azken koloniak Washingtonen menpe gelditu ziren; Kuba, Puerto Rico eta Filipinez gain, Alemaniari saldu zizkion Madrilek Mikronesiako irlak. Bat izan ezik: Guam beretzat nahi izan zuen Washingtonek. Bazekiten lur zati txiki hori Pazifikoko lekurik estrategikoenetakoa zela. 120 urte beranduago, hala da oraindik: Donald Trumpen agintaldiaren hasieran, 2017an, Ipar Koreak mehatxu egin zion Guami. Uhartearen estatusari buruzko eztabaida indarra hartuz joan zen geroztik. Hango biztanleen artean, irlaren etorkizunari buruzko galderak are gehiago ugaritu dira pandemiarekin: Australiaren atzetik, koronabirusak hildako eta kutsatutako gehien duen Ozeaniako lurraldea da, ia 60 hildako eta 3.800 kasu baino gehiago izan baititu. Herrialde gehienak pobreak baina independenteak dira, eta ez dute kasu bakar bat ere izan.

Amerikan eguna hasten den lekua leloa darabil Guameko turismo bulegoak, Asiatik hurbilago baitago AEBetatik baino: Euskal Herrian eguerdia denean, eguna hasten ari da New Yorken; eta Guamen arratsaldeko zortziak dira. Askoz hurbilago dituzte Tokio, Seul edo Taipei. Uharteko toponimian eta txamorro biztanleen izen-abizenetan espainiar dominazio luzea nabarmena izan arren, turistentzako liburuxkak koreeraz eta japonieraz izaten dira ingelesez ez ezik. Txikia bezain interesgarria da: hondartza ederrak, ur kirol ugari, ondare indigena eta espainiar koloniala, II. Mundu Gerrako oroigarriak —Japoniaren menpe egon zen hiru urtez—. Dena estatubatuar erara eraikita, hori bai: merkataritza guneak, janaria autotik erosteko fast food kateak, eta ondo zaindutako errepideak.

AEBen menpe egoteak, baina, ondorioak zituen lehen, eta ondorioak orain ere: pandemiaren aurretik, AEBen migrazio lege zorrotzen arabera zihardutenez, Asiako turisten merkatuaren zati batek, Txinakoak bereziki, beste uharte batzuk hobesten zituen. Pandemiarekin, estatu subiranoek mugak itxi dituzten artean, Guameko aireportuan mugimenduak bere horretan jarraitu du uharteko leku zabalak bereganatuta dauzkaten AEBetako soldaduentzat.

Deskolonizazioa

Aireportua utzitakoan, erreparatzen diezun bi elementu daude: espainierazko leku izenak eta armadaren presentzia. «Guamen egoera zaila da. Pazifikoko lekurik aberatsenetakoa gara, baina leku estrategikoa garelako inbertitzen dute AEBek. Armada ez balego, ez lituzkete hainbeste errepide egingo. Gure lurraldearen herena base militarrek hartzen dute», dio Michael Bevacqua unibertsitateko irakasle eta independentziaren aldeko eragile ezagunenetakoak. Ritidian hondartza ederrera doan bidean lanean ari dira, alde batera zein bestera hedatzen den basea handitzeko. «Txamorro indigenon gune arkeologikoen gainean ari dira marineentzako lekuak egiten». Horrek guztiak mahai gainean jarri du uharteaz nork erabaki behar duen ere.

Deskolonizazio Batzordeak jatorrizko biztanleei eman nahi die ahotsa autodeterminazioan: 1950. urtean estatubatuar bihurtzean Guamen bizi zirenei eta haien ondorengoei. Orduan, % 90 ziren txamorroak; egun, % 37. 2011n, Arnold Davis Dave AEBetako militar ohiak auzitara jo zuen, balizko galdeketako erregistroan izena ematera joan eta ez ziotelako utzi. Neurri baztertzailea zela salatu, eta auzitegi federalek arrazoi eman diote, biztanle indigenek soilik parte hartuko luketen deskolonizazio erreferenduma AEBetako Konstituzioaren aurka legokeela argudiatuta. Aurtengo ekainean, AEBetako Auzitegi Gorenak atzera bota zuen Guamek jarritako helegitea. «Puerto Ricon ez bezala, hemen berehalakoan ezingo dugu erreferendumik egin, Davis kasua konpondu arte. Hemengo agintariek ez dute lege berririk egin, baina badago erabaki argia nazioarteko auzitegietara jotzekoAEBetako auzitegi federalen erabakiaren aurka». Auzitegi Interamerikarrak eta Nazioarteko Justizia Auzitegia dituzte orain jomugan, argi baitute bozkatzerik ez duten estatu bateko erakundeetatik harago doala auzia.

Duela urtebete, independentziaren aldeko manifestazio jendetsua egin zuten, Fanoghe (eutsi) leloarekin, eta deskolonizazioari buruzko jardunaldi akademikoak oso garrantzitsuak izan ziren.«Bizi-bizirik dagoen auzi bat dela geratu zen agerian», dio Bevacquak. Orain, pandemiaren erdian eta AEBetako hauteskunde kanpainan, Donald Trumpekin independentismoak gora egin du: «AEBekiko independentzia nahi dugunontzat, oparia izan da Trump. Hain irudi txarra dauka, hemen jendeak ez baitu esaten Trumpek irabaziz gero Kanadara joango dela: Guamek independentzia aldarrikatuko duela diote».

Presidente demokrata bat epe laburrean uharterako hobea dela uste du Bevacquak: «Trumpek begirada militarra baino ez du izan hemen; [Barack] Obamaren garaian baino askoz diru gutxiago egon da programa sozialetan eta hezkuntzan. Bidenekin ere horrelakoetarako laguntza handiagoa egongo da, ziur aski. Baina epe luzera, kolonialismoaren arazoa hor dago: ezin dute menpekotasuna sustatzen jarraitu».

Autodeterminazioa

II. Mundu Gerra amaituta eta munduan deskolonizazioa abian zela, Puerto Ricon egindako jokaldia egin zuen Washingtonek Guamen: biztanleei Ameriketako Estatu Batuetako herritartasuna aitortu zien, baina, Guam bera ez denez AEBetako estatu bat, ez dute presidentea edo Washingtongo ganberetako ordezkariak hautatzerik. Hau da, Washingtongo aginduak bete behar ditu Guamek, baina ez du haiei buruz bozkatzerik. «Identitate arazoa daukagu: batzuetan AEBetako zati gara, besteetan ez. Zer garen esaterik bai? Aurreko belaunaldiak uste zuen estatubatuar herritartasunarekin konponduko zela, baina ez da horrela izan. Baduzu pasaportea, baina legeak Ameriketako Estatu Batuetan egiten dituzte oraindik; eragiten dizute, baina ez duzu ezer esaterik, ez dugu lege horiei buruz bozkatzerik».

«Etsigarria da. Zer aukera duzu lurraren herena militarren esku badago eta zure gobernuak ez badu ezer egiterik? Egoera hobetzeko ohiko formulek ez dute balio. Ez dago Papuan edo lehen Timorren bezalako okupazio militarrik; menpekotasuna eragiten dituzten programak erabiltzen dituzte, janariarekin eta abar.Gure lurra erabili, trukeko programak bultzatu, eta isilik egon. Eta jendearentzat zaila da ulertzea zergatik aldatu beharko liratekeen gauzak», azaldu du Bevacquak.

Azaroko hauteskundeekin batera, estatusari buruzko galdeketa egingo dute berriz ere Puerto Ricon. Guam, ordea, ez da juridikoki ere Estatu Libre Elkartua. Bevacqua independentisten ordezkari izan da Gobernuaren Deskolonizazio Batzordean, eta hezkuntzaren garrantzia nabarmentzen du gaian: unibertsitateko ikasturteen hasieran, gehienek AEBetako estatu bat gehiago bihurtzea nahi izaten dute; amaieran, eztabaida eta ikerketen ostean, gutxienak dira iritzi horren aldekoak.

Beste auzi pragmatiko bat ere badago: «Independentzia da aldarrikatzeko eskubidea izan dezakezun gauza bakarra. Estatu elkartua edo estatu federal bihurtzea besteen erabakiaren araberakoa da, haiek onartu behar dute hori, independentzia ez bezala». Edozein estatus lortzeko eta egungo egoera koloniala gainditzeko, autodeterminazioa eta horren subjektua dira gakoa: «Galdeketa hau biztanle indigenen desioa zehazten laguntzeko da, mendeetan boteretik kanpo izan ostean», esan zion Bevacquak NBEri 2017an.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.