Albistea entzun

Argentina. Hauteskundeak

Agintaldi erdiko hauteskundeak egingo dituzte bihar Argentinan

Cristina Fernandez, Argentinako presidenteordea, kanpainako ekitaldi batean.
Cristina Fernandez, Argentinako presidenteordea, kanpainako ekitaldi batean. JUAN IGNACIO RONCORONI / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Cecilia Valdez -

2021eko azaroak 13 - Buenos Aires

Bihar Argentinan Diputatuen Ganberako ordezkarien erdiak (127) eta Senatuko herenak (24) aukeratuko dituzte. Joan den abuztuan hauteskunde primarioetan erabaki zituzten boz hauetan egongo diren hautagaitzak eta alderdiak. Alde horretatik, egungo gobernu kudeaketak, Alberto Fernandez eta Cristina Fernandez Kirchnerren esku dagoenak, kolpe gogorra jaso zuen, baita peronismoak historian irabazi izan duen lurraldeetan ere. Horrek krisi gogor bat eragin zuen —edo azaleratu zuen— gobernuan den Guztien Frontea alderdian, zeina nabarmen geratu zen Fernandez presidentearen eta Cristina Fernandez presidenteordearen arteko eztabaida baten ostean. Erantzuteke dagoen galdera da nola geratuko den gobernua bozen ondoren eta barne krisia igaro eta gero.

Ofizialismotik dioten arren pandemiak baldintzatu egin zuela primarioen emaitza, zenbaitek uste dute ez zela izan hori arrazoi nagusia. Joan den abuztuaren 12an, Elkarrekin aliantzak —Mauricio Macri presidenteordea da haren ordezkari nagusia— irabazi zuen Buenos Aires eskualdeko zortzi barrutietatik zazpitan, eta lau punturen aldea atera zion Guztion Fronteari. Ezkerreko Frontea izan zen eskualdeko beste irabazlea, blokeak urteetan izan duen emaitzarik hoberenetako batekin, eta hirugarren indar bilakatu zen nazio osoan.

Eskuin muturra lehian

Buenos Aires hirian, azken 14 urteetan macrismoaren aliantzek eta haren aterkipeko alderdiek kudeatutako hirian, eskuin muturreko Javier Milei nabarmendu zen. Eskuin muturraren gorakada mundu zabaleko fenomeno bat den arren, Argentinan ez da aukera posible bat izan orain arte. Mileik «libertario» eta «anarkokapitalista» gisa deskribatzen du bere burua, eta botoen %13 lortu zituen Buenos Aires hirian, bere alderdia herrialdeko hirugarren indar bilakatuz. Hauteskunde orokorretan emaitza hori errepikatuz gero, lehen aldia izango litzateke eskuin muturreko hautagai bat Kongresuan sartzen dela.

Argentinan, hamar pertsonatik lau pobreak dira, eta hamarretik bat behartsua. INDEC Estatistika eta Errolda Institutu Nazionalaren lehen seihilekoko datuek erakusten dute ekonomia apurka bere onera itzultzen ari dela pandemiaren eta haren aurreko bi krisi urteen ondoren. Pobrezia 1,4 puntu jaitsi zen lehen seihilekoan, sei hilabete lehenagoko %42arekin alderatuta, baina urrun dago oraindik duela bost urteko %32,2tik, eta, are urrunago, duela hamar urteko %24,7tik. INDECen arabera, gaur egun, Argentinan bizi diren 18,8 milioi pertsona pobrezian daude, hau da, irabaziak ez dira iristen oinarrizko gastuei aurre egiteko. Horietatik ia bost milioik ez dute diru nahikorik janaria erosteko, eta gizarte laguntzetara jo behar dute.

Ekonomiari dagokionez, Fernandezen gobernuak ahalegina egin du NDF Nazioarteko Diru Funtsarekiko zorra berriz negoziatzeko. NDFren datuen arabera, 2003 eta 2013 artean Argentinaren kanpo zorra %73 jaitsi zen BPG barne produktu gordinarekiko. 2006ko urtarrilean, Nestor Kirchnerren presidentetzapean, NDFrekiko zorra kitatu zuten. Argentinako ekonomiaren eboluzioa 2018an bere gain hartutako 44.000 milioi dolarreko zorraren berregituratzeari lotuta dago. NDFk Macriren gobernuari emandako mailegua 57.000 milioi dolarrekoa izan zen arren, 2019ko bozak irabazi zituenean Fernandezek iragarri zuen soilik onartuko zituela ordura arte jasotako funtsak, eta berriz negoziatuko zuela ordainketa egutegia. Ordainketa gehienak, urteko 19.000 milioi dolar ingururenak, 2022 eta 2023 artean egin beharrekoak dira. Garrantzitsua da gogoratzea NDFk Cambiemoseko gobernuari emandako mailegua erakundearen historiako handiena izan zela, eta, NDFk irizpide jakinak dituen arren maileguak onartzeko garaian, besteak beste, estatu kideak kanpo zorra ordaintzeko gaitasuna izatea, Argentinako kasua zalantzazkoa da, batez ere, ikusita zer-nola amaitu zuen ekonomiak hilabete batzuk geroago. Aurtengo otsailean nazioarteko erakundeak berak aitortu zuen barne ikerketa bat egingo dutela gertatutakoa aztertzeko.

Fernandezek kargua hartu zuenean 2019ko abenduan —pandemia hasi baino hiru hilabete lehenago—, aldagai ekonomiko guztiak txarrak ziren. Egungo gobernua hasieratik babestu zutenetako asko zer gertatu zain geratu ziren, pandemiak gehitutako zailtasunak medio, ez zegoelako argi gobernuak NDFk eta enpresa handiek eskatutako bidetik joko ote zuen edo beste bat zabalduko ote zuen, eta, beraz, babesa galduz joan zen klase ertaineko herritarren artean. Primarioetako behin betiko emaitzak jakin ostean, Guztion Fronteko barne eztabaidak argitara atera ziren, eta krisi gogor bat eragin zuten. Presidenteordearengandik gertuen daudenek diote emaitzek gizartearen ezinegonari erantzuten diotela, eta Cristina Fernandez aspaldian ari dela hori ohartarazten. Beste asko ez datoz bat Fernandezen gobernuaren jokabide epelarekin, eta adibide gisa jartzen duten Vicentinekin gertatutakoa: gobernuak desjabetzearekin mehatxatu zuen enpresa hori agintaldi hasieran, baina egun batzuk geroago atzera egin zuen. Baina lurrikararik handiena primarioetatik hiru egunetara gertatu zen, Cristina Fernandezek gutun bat zabaldu baitzuen sare sozialetan, non eskatzen zion presidenteari norabidea alda zezala. Idatziak ministro aldaketak eragin zituen, eta sartu zirenek esperientzia handiagoa eta kudeaketarako gaitasun handiagoa zuten.

Alberto Fernandezek bere indar guztiak NDFrekik zorra negoziatzen jarri baditu ere, haren alderdikide guztiak ez datoz bat estrategia horrekin, eta barne arazo larriagoetan arreta jartzeko eskatzen diote, besteak beste inflazioaren gorakadari —urte arteko %52,5—. Abendura arte enpresariekin akordiorik lortu ez zuenez 1.4032 produkturen baino gehiagoren produktuen salneurriak izozteko, gobernuak erabaki zuen legea baliatzea. Hornikuntza Legeak aukera ematen dio estatuari merkatuetan esku hartu eta salneurriak zehazteko, beharrezko jotzen duenean. Gobernuak establishment-ari tinko eutsi dion aldi bakanetakoa izan da hau, inflazioa ez dadin izan irabaziak baino handiagoa, nahiz eta halako neurriak boikotatzeko tresnak lehendik ere aski erabiliak dauden.

Egunotan Ekuadorko presidente ohi Rafael Correa Argentinan izan da, eta nabarmendu zuen bat datorrela Cristina Fernandezekin Latinoamerikan gobernura heltzen direnak ez direla boterera iristen. Egun presidenteorde denak gogorarazi zuen estatuburu zenean berak gehienez ere boterearen %25 kudeatzen zuela.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©CHRIS KLEPONIS / EFE

HODEI ILUNAK ETXE ZURIAN

Urtzi Urrutikoetxea

Bidenen presidentetzaren lehen urtean, gozo baino gaziagoa da balantzea jarraitzaileentzat zein aurkarientzat
 ©URTZI URRUTIKOETXEA

«Bidenek narratibaren kontrola galdu du»

Urtzi Urrutikoetxea

Presidenteak itxura ahula ematen duela uste du Sosak, ez duela Obamak zuen indarrik, eta horrek errepublikanoei egiten diela mesede. Haren ustez, inflazioa kontrolatzea da orain gakoa, eta ekonomia aurrera doan itxura ematea.
Kapitolioko eskailerak kandelekin, erasoaren lehen urteurrenean. ©MICHAEL REYNOLDS / EFE

Erabakiak hartzeko unea dute

Urtzi Urrutikoetxea

Oldarralditik urtebetera, ikerketak bizkortu nahi dituzte demokratek. Auzipetutako 650 lagunetatik, 40tik gora jo dituzte erruduntzat, tartean Jason Chansey edo 'Q-Anonen Xamana' izenez ezagunagoa.
Taubira, artxiboko argazkian. / ©STEPHANIE LECOCQ, EFE

Frantziako presidente izateko hautagai izango da Christiane Taubira

Berria

Lyonen iragarri du primarioak irabazten baditu, hautagai izango dela apirileko bozetan.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.