Atzamarrari begira

Errumanian presidentetzarako bozen bigarren itzulia dute gaur.

Hautagaiek eztabaidagai nagusi izan dute atzerriko botoekin lehen itzulian izandako kaosa
Victor Ponta lehen ministro sozialdemokrata eta Klaus Iohannis hautagai liberala, asteazkenean telebistan egindako debatean.
Victor Ponta lehen ministro sozialdemokrata eta Klaus Iohannis hautagai liberala, asteazkenean telebistan egindako debatean. ROBERT GHEMENT / EFE

Mikel Rodriguez -

2014ko azaroak 16
Errumaniako boto-emaileek gaur erabakiko dute zein izanen den datozen bortz urteetarako presidentea, hauteskundeen bigarren itzulian. Victor Ponta lehen ministro sozialdemokratak edo Klaus Ihoannis liberalak hartuko dute Traian Basescu kontserbadorearen ondorengotza. Pontak neurritasun politiken aurkakotzat aurkeztu du bere hautagaitza, eta azkenaldian hobera egin duten datu ekonomikoak erabili ditu gobernuburu gisa izan duen agintaldia baikorra izan dela errateko. Iohannisek, ordea, PSD Alderdi Sozial Demokratikoaren ustelkeria kasuak salatu ditu, eta haren burua europazaleagotzat saldu du, Mendebaldeko gobernuentzat bazkide fidagarriagotzat. Baina bigarren itzulirako kanpainan, programen eta sakoneko gaien gainetik, auzi batek sortu du eztabaida gehien: atzerriko herritarren botoak.

Lehenbiziko itzulia hilaren 2an egin zen. Pontak irabazi zuen, botoen %40rekin, eta bigarren izan zen Iohannis, %30ekin. Atzerriko botoekin gertatutako kaosak, ordea, eztabaida gogorra piztu du, eta eskuineko jarraitzaileak ere karrikara atera dira protestara, sozialdemokratek iruzurra egin dutelakoan. Errumanian garrantzi handia du atzerrian bizi direnen botoak. Hemezortzi milioi herritar inguruk daukate botorako eskubidea, eta horietako hiru milioitik goiti bizi dira atzerrian. Hilaren 2an, Londresen, Parisen, Munichen eta botoa emateko prestatuta zeuden Europako bertze hainbat enbaxada, kontsulatu eta egoitzatan gehiengo zabal batek ezin izan zuen bozkatu; ilara luzeegiak sortu ziren, eta, botoa emateko epea igarotakoan, bozkalekuak itxi egin zituzten, kanpoan gelditu zen jendea kontuan hartu gabe. Hauteskunde batzordearen arabera, soilik 160.000k eman zuten botoa.

Liberalak eta eskuineko bertze sektoreek protestak hasi zituzten berehala, guztia Pontak prestatutako amarru bat izan zela salatzeko. Izan ere, diasporako herritarrak nagusiki liberaltzat jotzen dira, mendebaldartuago daudelakoan —lehenbiziko itzuliko botoetan, Iohannisen alde egin zuten %40k, eta Pontari, berriz, %15ek eman zioten botoa—. Sozialdemokraten boto-emailearen profila gehiago beteko lukete pentsiodunek, langile kualifikatu gabeek eta landako biztanleek; hau da, estatu sozialistaren desegitearekin baztertuago gelditu direnek. Bukaresten eta hiri nagusietan egin diren manifestazioetan, lehen ministro kargutik dimisioa emateko exijitu diote Pontari. Baita Basescu presidenteak ere, Pontaren nemesis-ak.

Lehen ministroak iruzur akusazioak ukatu ditu, baina gertatutakoarengatik neurriak hartu ditu; berak ez, baina Titus Corlatean Atzerri ministroak dimisioa eman zuen astelehenean. Errumaniako Gobernuaren «irudiari eta prestigioari kalte egin» izana deitoratu zuen. Izan ere, iruzurra baino gehiago, Errumaniako hauteskunde sistemaren antolaketa kaskarra ikusi dute anitzek kaosaren arrazoitzat. Presidentetzarako hauteskundeetarako, errumaniar batek dagokion barrutitik kanpo eman dezake botoa, jatorrizko hirian edo herrian ez badago; beraz, bozkalekuetan ezin dute zehazki jakin zenbat jende agertuko den.

Telebistan ere gai nagusia

Pontak eta Iohannisek asteazkenean egin zuten aurrez aurreko debatea telebistan, eta atzerriko botoen auzia eztabaidatzen eman zuten denbora gehien. Pontak arerioari egotzi zion bigarren itzulirako kanpaina hor zentratzea, «etekina» ateratzeko.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna