Abortuaren lege berria urtea amaitu baino lehen nahi du indarrean Varadkarrek

Irlandako Errepublikako herritarren %66k legedia aldatzearen alde bozkatu dute. Azken urteetako «iraultza isilaren» burutzea aldarrikatu du lehen ministroak

Baiezkoaren aldekoak, erreferendumaren emaitza ospatzen, atzo, Dublinen. AIDAN CRAWLEY / EFE.
ander perez zala
2018ko maiatzaren 27a
00:00
Entzun
Herrialde oso katolikoa eta oso kontserbadorea izatearen ospea du Irlandako Errepublikak. Irlako nazionalismoa erlijioa oinarri zuela sortu eta garatu zen, eta, horren ondorioz, Elizak pisu eta eragin nabarmena izan du hainbat mendetan herritarren egunerokoan; askotan, gobernuak baino gehiago. Baina zerbait aldatzen ari da Europa ipar-mendebaldeko uharte horretan: 1983an, herritarrek abortuari buruzko munduko lege gogorrenetako baten alde bozkatu zuten erreferendum bidez, baina, 35 urteren ostean, kontrako jarrera erakutsi dute. Gizartearen eraldaketaren lekuko izan ziren herenegun bozkalekuak: herritarren %66,4k 1983ko lege hori kentzearen alde bozkatu dute, abortatzea despenalizatzeko eta legezko bilakatzeko haurdunaldiaren lehen hamabi asteetan. Irlandako Errepublikako lehen ministro Leo Varadkarren arabera, «iraultza isilaren» burutzea izan da: «Herriak hitz egin du, eta esan du herrialde moderno baterako konstituzio moderno bat nahi duela, emakumeak errespetatzen dituena». Orain, gobernuaren planen arabera, lege berriaren zirriborroa «ahalik eta azkarrena» aurkeztuko dute parlamentuan, eta ez luke arazorik izango onartua izateko, kontra zeuden hainbat diputatuk atzo adierazi baitzuten «herriaren iritzia» errespetatuko dutela. Beraz, aldaketarik ezean, lege berria urtea amaitu baino lehen sartuko da indarrean.

Dublinek herritarren babesa eta zilegitasuna nahi zuen konstituzioko 8. emendakina kendu eta legedia aldatu aurretik, eta nabarmen bete du helburua, emaitzei erreparatuz gero: baiezkoa alde handiz gailendu zaio ezezkoari; parte hartzea handia izan da, %64,1ekoa; eta barruti guztietan bozkatu dute abortuaren alde, iparraldeko Donegalen izan ezik. «Irlanda joan den asteko herrialde bera da, baina apur bat atseginagoa, toleranteagoa eta moralagoa», goraipatu zuen atzo Varadkarrek.

Simon Harris Osasun ministroak aurkezturiko lege proposamenaren arabera, lege berriarekin haurdunaldiaren lehen hamabi asteetan izango da legezkoa abortatzea kasu guztietan. Hamabi eta 24 asteko haurdunaldietan, berriz, kasu batzuetan soilik abortatu ahalko dute emakumeek: batetik, euren bizia arriskuan baldin badago; eta, bestetik, haurdunaldia euren osasunerako arriskutsua baldin bada. Azkenik, 24 aste baino gehiagoko haurdunaldietan, abortua legezkoa izango da kasu batean bakarrik: fetuak uterotik kanpo bizirik irauteko aukerarik ez badu.

Dublinek bere proposamena jakinarazi zuen galdeketaren aurretik, herritarrek jakin zezaten zein izango ziren euren botoaren ondorioak. Auzia garrantzitsua izanik, kanpainaurre eta kanpaina luzea egiteko beharra onetsi zuten indar politikoek, eta herritarrak informatzeko konpromisoa hartu zuten. Prozesu horren ondorio izan da, beraz, herenegungo bozketa, eta han parte hartzeko bidaia luzea egin zuten atzerrian bizi diren hainbat herritarrek. Egun erabakigarria izan da herenegungoa Irlandako Errepublikaren historian.

Inkesten arabera, baiezkoaren alde bozkatzeko arrazoi nagusia izan da emakumeek haurdunaldiarekin zer egin erabakitzeko eskubidea izatea; hau da, erabakitzeko aukera izatea. Egungo araudiaren arabera, hamalau urteko kartzela zigorra jar diezaiekete abortatzen duen emakumeari eta abortatzen laguntzen dion osasun arloko profesionalari; soilik haren bizitza arriskuan dagoenean onartzen diote haurdunaldia eteteko eskubidea. Izan ere, 8. emendakinak maila berean jartzen ditu haurdun dagoen emakume baten bizia eta fetuarena edo umekiarena, eta ez du desberdintasunik zehazten haurdun dagoen emakumearen biziaren eta haren osasunaren artean.

Emaitza, espero bezala, pozik hartu dute Elkarrekin Baiezkoaren Alde kanpainako kideek. Ailbhe Smyth zuzendariordearen esanetan, «aldaketa historikoa da» Irlandako Errepublikako gizartearentzat: «Duintasunaren aldeko botoa da hau». 8. emendakinari eustearen aldeko taldeek eta Elizak, aldiz, gogor gaitzetsi dute galdeketaren emaitza. «Tragedia izugarria da irlandarren erabakia. Irlandan haur baten bizia eteten den aldiro, gure ahotsa entzunaraziko dugu. Atzo oker zegoena okerra da gaur ere», ohartarazi zuen abortuaren aurkako talde batek.

Ipar Irlandara begira

Oraindik argitu gabe dagoen arren, Ipar Irlandako Osasun eta Zaintza Sozialaren Batzordeko buru izandako John Comptonek eta baiezkoaren aldeko taldeek baieztatu dute Ipar Irlandako emakumeek errepublikan abortatzeko eskubidea izango luketela, Ostiral Santuko Akordioak hori ahalbidetuko duelakoan. Atzoko emaitzen ostean, askok helburu berria jarri zuten: Ipar Irlandan ere legezkoa izatea.

Horri begira, mezu gehienak Theresa May Erresuma Batuko lehen ministroari begira egin ziren, bai herritarren eta bai alderdi politikoen partetik. Ipar Irlandan gobernurik gabe daude iazko urtarriletik, eta oraingoz ezinezkoa dute Stormonten eztabaida horri eustea. Atzoko ospakizunetan, Sinn Feinen presidente Mary Lou McDonaldek afixa bat atera zuen, mezu zehatz batekin: «Iparraldea da hurrengoa...».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.