Iraia Iparragirre. Realeko jokalaria

«Uste dut ondo lehiatu eta goian egon gaitezkeela»

Granadillaren zelaian ekingo dio Realak gaur eguerdian Ligari. Lehen helburua aurreko sasoikoa bezalako hasiera kaskarra ez egitea izango da, Iraia Iparragirrek onartu baitu zama handia izan zela.
GORKA RUBIO / FOKU

Ainara Arratibel Gascon -

2018ko irailak 9
Denboraldi-aurrea ez zen ondo amaitu Realarentzat: 5-1 galdu zuen Euskal Herria Kopako finala, Athleticen kontra. Baina horri garrantzia kendu dio Iraia Iparragirre jokalariak (Lasarte-Oria, Gipuzkoa, 1995): «Gainontzeko partidetan oso itxura ona eman genuen, eta horrekin geratzen naiz. Athleticen aurkako porrotak ikasteko balio behar digu». «Gogoz» dago gaur ligari ekiteko. Aurreratu du halako Reala espero behar dela: «Talde sendoa izan nahi dugu: atzeko lerroak aurreratuta jokatuta, zelai erdian asko mugituta eta aurrealdean ausartak izanda».

Liga hasteko irrikaz egongo zarete, ezta?

Bai, halaxe da. Jokalariontzat denboraldi-aurrea izaten da garairik gogorrena. Luze egiten da, eta gogoz gaude hasteko. Baina denboraldi-aurrea ondo joan da. Itxura ona eman dugu partida ia guztietan, eta gai izan gara landutakoa zelaian erakusteko. Hori da inportanteena.

Euskal Herria Kopako finalean, ordea, 5-1 galdu zenuten Athleticen kontra. Zer pasatu zen?

Ez genuen lortu gure ohiko jokoa egitea. Kontraerasoan min handia egin ziguten, eta erasoan ere ez ginen fin aritu. Kiana [Palacios] eta Nahikari [Garcia] falta genituen aurrean, baita Mariasun [Quiñones] ere atean. Baina hori ezin da aitzakia izan. Espero dugu, gainera, egun txar bat besterik ez izatea, eta egin genituen okerrek ikasteko balio izatea. PSGren, Fortunaren eta Logroñoren aurka oso ondo lehiatu ginen, eta itxura ona eman genuen. Ni horrekin geratzen naiz. Bide horretatik jarraitu nahi dugu.

Gonzalo Arkonadarekin lehen denboraldi-aurrea egin duzue. Oso desberdina izan da aurrekoen aldean?

Bai. Baina ez Gonzalorengatik. Prestatzaile fisikoa eta bigarren entrenatzailea ere desberdinak dira. Dinamika desberdina izan da oso. Prestatzaile fisiko honi eta Gonzalori asko gustatzen zaie baloiarekin lan egitea; hau da, fisikoa lantzen da, baino baloiarekin. Ariketa ia guztietan dago presente. Hori abantaila handia da guretzat, atseginagoa eta erakargarriagoa egiten baita lana.

Zein helbururekin ekingo dio taldeak denboraldiari?

Aurreko sasoietan beti esaten genuen helburua zela lehen zortzien artean sailkatzea, Espainiako Kopa jokatzeko. Orain ez dugu helburu hori, talde guztiek jokatuko dugulako Kopa, eta denboraldian zehar izango baitira partidak. Baina beste helburu batzuk jarriko ditugu, betiere partidaz partida joanda. Goian egon nahi dugu, erakutsi baitugu talde ona dugula. Jardunaldiek aurrera egin ahala, ikusiko dugu zein postutan gauden, eta horrek esango digu zerengatik borrokatu behar garen. Baina, batez ere, ondo hasi nahi dugu, aurreko sasoian ahalegin handia egin behar izan baikenuen zulotik ateratzeko. Zama handia izan zen, bai fisikoki, bai psikologikoki. Orduan ikasitakoak balio behar digu sasoi honetan izan ditzakegun gorabeherei hobeto aurre egiteko,beti izaten baitira halakoak.

Espainiako Kopa jokatzeko helburu hori ez edukita, talde ia guztiei ez zaizue sasoia luzea egingo?

Zerbait berria da, eta ikusiko dugu nolakoa den esperientzia. Baina nik beti dut gustuko erronkak, helburuak jarriz joatea. Alde horretatik, erakargarria zen lehen zortzien artean geratzeko lehia hori, eta Espainiako Kopa jokatzeko saria. Denboraldia luze ez egiteko, partidaz partida jarri beharko dizkiogu helburuak geure buruari. Horri esker lortuko dugu hobetzen segitzea.

Granadillaren aurka ekingo diozue Ligari, gaur. Zein itxura hartzen diozu partidari?

Granadilla ondo indartu den taldea da. Multzo sendoa dauka, baina gero zelaian erakutsi behar da hori. Fitxaketak oso onak izan daitezke, baina gero taldea behar bezala egokitzen ez bada, alferrik izango da. Haiei irabazteko, gure jokatzeko modua ezartzen saiatu behar dugu, partidaren ekimena eta erritmoa guri komeni zaizkigunak izateko. Zelai erditik aurrera asko eta bizi mugitu behar dugu, jokoa geldoa denean haiek erosoago aritzen baitira.

Granadilla, Levante, Valentzia eta halako taldeak Bartzelonari eta Atletico Madrili gailentzeko gai ikusten al dituzu?

Atletico Madril eta Bartzelona talde indartsuak dira, izen handia dute. Baina nik uste dut ezustekoak izan daitezkeela sasoi honetan. Begira guk zein zail jarri genizkion gauzak PSGri, eta gero haiek zein erraz irabazi zioten Atletico Madrili.

Nolako Reala ikusiko dute zaleek sasoi honetan?

Talde motzagoa dugu. Baina aurreko sasoian Gonzalorekin hasitako bideari jarraitzea da asmoa. Talde sendoa izan nahi dugu, atzeko lerroa aurreratuta jokatuz, zelai erdiko jokalariak asko mugituz eta aurrealdean ausartak izanez. Haren jokatzeko eraren oinarriak oso barneratuak ditugu, eta hori abantaila bat da.

Atzelari bezala, gustuko duzu defentsa aurreratuarekin jokatzea ?

Bai. Argi dago arrisku batzuk hartzen ditugula; batez ere, kontraerasoak daudenean. Baina asko landu dugun eta lantzen ari garen zerbait da. Beraz, alde horretatik, lasai gaude.

Zer moduz ari dira egokitzen fitxatu berriak?

Oso ondo. Pena izan da Kianak eskumuturra apurtu zuela eta Marta [Cardona] belauneko minez egon dela. Fitxaketa guztiek asko eman diezagukete, eta uste dut lehiakortasuna asko handituko dela sasoi honetan. Lerro guztietan gertatuko da hori, gainera. Oso pozik gaude etorri diren jokalariekin.

Aurreko sasoian lortu zenuen hamaikakoan sartzea, eta denboraldi-aurrean jokatzeko aukera duzu. Horrela beste modu batera heltzen zaio denboraldiri, ezta?

Nik beti heldu izan diet gogo eta ilusio handiz denboraldiei. Gainera, aurreko sasoian jokatzeak ez du esan nahi honetan ere jokatu egingo dudanik. Lehia handia dago. Erdiko lau atzelari gaude, eta ezin naiz lo geratu. Horrek gogotsu egoten eta lehiakorrago izaten laguntzen dit; azken batean, jokalari moduan hazten.

Zeure buruari zein helburu jarri dizkiozu sasoi honetarako?

Hobetzen segitzea, eta nire taldekideei ere horretan laguntzea. Ahalik eta gehien jokatu nahiko nuke, baina, batez ere, jokatzen dudanean disfrutatu egin nahiko nuke, eta aldagelara sentipen onekin itzuli. Izan ere, aurreko urteetan lesioekin hainbeste sufritu eta gero, horri balio handia ematen diot.

Itziar Gastearena eta Cristina Cornejo kapitainek taldea utzi zuten sasoi amaieran. Zu bezalako jokalarien egitekoa aldatu egin da taldean?

Sandra [Ramajo], Chini [Pizarro], eta Nahikari dira eskarmentu handiena duten jokalariak, eta haiek dute pisu handiena. Baina beste jokalarion egitekoa aldatu egin da zertxobait. Nirea, behintzat, bai. Edo hala ikusten dut nik, behintzat. Oso irekia naiz, eta gustatzen zait etorri berri diren jokalariei taldera egokitzen laguntzea. Uste dut hor laguntzen hasi naizela. Izan ere, jada ez naiz berrienetakoa.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna