Lema nork hartuko zain

Velimir Perasovicentzat aspaldiko buruhaustea da Baskoniako joko antolatzaileen jardun gorabeheratsua. Gaur bide zuzena topatzeko aukera dute, etxean, Maccabiren aurka.

Pierria Henry eta Luca Vildoza, Demetrius Conger Betiseko jokalariarekin lehian. ADRIAN RUIZ DE HIERRO / EFE.
Julen Etxeberria.
2019ko azaroaren 14a
00:00
Entzun
Velimir Perasovicentzat funtsezko postua da joko antolatzailearena. Horrenbeste, ezen oso gustuko baitu aldi berean birekin aritzea. Horren alde egin du Baskonia entrenatu duen aro guztietan. Teknikari kroaziarrak etekin bikaina atera zion Pablo Prigioni argentinarrak eta Roko Leni Ukic kroaziarrak osatutako bikoteari 2005-06ko denboraldian, baita Mike James eta Darius Adams estatubatuarrek osatutakoari ere, hamar urte geroago. Horren erakusle da bi sasoi horietan Euroligako Lauko Finala jokatu zuela Gasteizko taldeak.

Baskonia entrenatzen ari den hirugarren aro honetan ere apustuari eutsi dio, baina, oraingoz, ez dio eman emaitza onik. Aurreko denboraldian, Luca Vildoza argentinarra, Jayson Granger uruguaitarra eta Marcelinho Huertas brasildarra zituen joko antolatzaile lanak egiteko, baina hirukoa ia beti izan zen bikote, Grangerrek makina bat aldiz hartu baitzuen min. Azkenean, eta klubak uruguaitarraren ordezkorik fitxatu ez zuenez, Vildoza eta Marcelinho aritu ziren bakarrik zeregin horretan denbora askoan. Nekea pilatu zuten, batez ere brasildarrak, eta taldeak sumatu egin zuen. Granger Zaragozaren aurkako final-laurdenetako kanporaketan itzuli zen, baina berandu zen jada.

Henry, jokatzeko prest

Denboraldi honetan, berriz, Vildozak, Grangerrek eta Pierria Henry iritsi berriak osatu behar zuten hirukoa, baina uruguaitarrak ezker hankako orpazurda hautsi zuen lehen partidan. Klubak ez du inor fitxatu. Henryk ere min hartu berri du, baina, ondo bidean, frantziarrak jokatu egingo du gaur, Maccabiren aurka, Buesa Arenan (21:00). Horrek Perasovicen kezka arinduko du, baina ez guztiz, ikusteko baitago zer-nolako lana egin dezaketen Vildozak eta Henryk. Izan ere, taldeari laguntzeko dohainak dituzte biek, baina gorabehera asko izaten ari dira. Patxada falta izan zaie momentu erabakigarrietan, eta, horren ondorioz, nahi baino gehiagotan sartu dute hanka. Bien artean, halere, bada alderik: frantziarra txukun ari da; argentinarra, aldiz, pattal eta urduri. Hori gutxi ez, eta taldearen beste gabezia bat geratu da agerian: Euroligan talde guztiek dituzte gutxienez hiru joko antolatzaile eta postu horretan lagun dezaketen beste bi jokalari. Baina Baskoniak, ez. Perasovicek Shavon Shields eta Matt Janning erabili izan ditu, baina ez bata ez bestea ez da ondo aritu.

Bada, hala jokatuko du gaur Gasteizko taldeak Maccabiren aurka, Euroligako zortzigarren jardunaldian. Irabaztea eta bide zuzena topatzea dira helburuak, Baskoniak ez baititu oraindik bi partida jarraian irabazi lehiaketa horretan. Lehia batean nagusitu ostean, beti galdu du hurrengoa.

Israelgo taldeak, berriz, bolada bikaina harrapatu du, irabazi egin baititu azkeneko bost partidak. Khimkiren eta Real Madrilen aurka galdu ondoren, Izar Gorria, Valentzia, Fenerbahce, Olympiakos eta Alba Berlin hartu ditu mendean. Bolada on horretan zerikusia izan du etxean jokatu dituela bost neurketa horietatik lau, baina Olympiakosen kantxan garaipena lortzeak meritu handia du.

Perasovicentzat buruhauste izaten ari da joko antolatzaileen jarduna. Halako arazorik ez du, ordea, Ioannis Sfairopulos Maccabiko entrenatzaileak. Scottie Wilbekin, Nate Wolters eta John Di Bartolomeo ditu postu horretan. Wilbekin nabarmentzen da, eta taldeak harentzat jokatzen du. Oso ondo ari da: hamabost puntu sartu ditu partidako, horietatik asko hiruko marratik, Europako onenetakoa baita blokeo zuzenaren ostean hirukoa bilatzen. Baskoniak gertutik zaindu beharko du, baita Omri Casspi hegal pibota eta Tarik Black pibota ere —ikusteko dago Casspi ariko den—. Talde indartsua du Maccabik.

Horren jakitun da Perasovic. «Maccabi Villeurbanne bezalakoa da arlo fisikoan, eta Milanen gisakoa arlo teknikoan. Euroligako defentsarik onena du. Partida zaila izango da; oso lan ona egin beharko dugu irabazteko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.