Gaia duenak, denbora behar

Jagoba Arrasate une gozoan iritsiko da Osasunaren eta Realaren arteko partidara. Txuri-urdinekin estreinatu zen goi mailan; Manix Mandiolaren ustez, «azkarregi».

Jon Ander De la Hoz.
2019ko abenduaren 22a
00:00
Entzun
Partida berezi baten atarian da Jagoba Arrasate (Berriatua, Bizkaia, 1978) Osasunako entrenatzailea. Gorritxoen prestatzailea une gozoan dago Iruñean, eta berarentzat esanahi handia izango duen neurketa bat du gaur arratsaldean: Realaren aurkako derbia, Sadarren. Arrasate txuri-urdinen gidari izan zen 2013-2014ko sasoian eta 2014-2015eko lehen laurdenean. Donostiako klubak kargutik kendu ostean, Numantziako aulkian hartu zuen ostatu, harik eta iazko udan Osasunak fitxatu zuen arte. Realarekin gorengo mailan estreinatu ostean, loraldia bizitzen ari da Iruñean.

Behe mailetan hasi zuen Arrasatek bere entrenatzaile ibilbidea, herriko taldean, eta Elgoibarren maila handia eskaini ondoren iritsi da egun dagoen lekura. Ibilbide hori inork baino hobeto ezagutzen du Manix Mandiola entrenatzaileak (Eibar, Gipuzkoa, 1958). Eibarren bigarren taldean eta Beasainen, Arrasateren prestatzaile izan zen Mandiola, eta ordurako hartua zion entrenatzaile onaren traza: «Antolatzaile jaio zen. Edozer gauzetarako mutil ordenatua da, argia, eta futbola gustatzen zitzaion. Dena zekien; maila guztietako talde eta jokalari guztiak ezagutzen zituen. Ikusten zen balio zuela».

Berriatuko taldearekin hasi zuen ibilbideari so, Mandiolak dio Arrasate «oso heldua» zela zuen adinerako, eta egungo egoerarekin alderatu du hori: «Berriatuan dena antolatzen zuen berak; hezle lanak ere egiten zituen futboletik kanpo. Arduratsua da. Egun, goi mailan ondo egokitu da izarrekin; kolpetik maila asko igo zen, baina hor dago».

Adibide gisa, denboran atzerajazotakoa ekarri du gogora: «Arriola nire laguntzaileak galdetu zidan ea norbait ezagutzen nuen Elgoibar entrenatzeko. Orduantxe esan nion Jagoba egokia zela, eta berehala hartu zuten. Sekulako bi denboraldi egin zituen han».

Realak, «pazientzia gutxi»

Haundi-n bi urte eginda, Realak jo zuen Arrasateren atea, eta bizkor eman zion lehen taldeko giltza: «Realean ardura handia eman zioten, esperientzia gutxirekin. Handik bota zuten, bainapazientzia gutxi izan zuten, nire iritziz. Halere, erakutsi du gero; sasoi onak egin ditu Numantzian, eta Osasunan orain. Nik neuk asko espero nuen Jagobarengandik, baina oraindik eta hobeto ari da».

Mandiolaren ustez, Realak «azkarregi» eman zion lehen taldeko agintea, eta «azkarregi etxeratu» zuten gero. Alabaina, esperientzia hura «ondo» etorri zitzaion Arrasateri: «Egoera guztietatik ikasten da. Bat jausten denean, orduan egiten du hausnarketarik gehien. Gauzak ondo doazenean, arazorik ez da izaten, normaltzat jotzen da, baina galtzerakoan ematen zaizkio bueltak buruari».

Itziarren (Gipuzkoa) bizi den prestatzaileak sei urte daramatza futbolaren elitean. Denbora horretan izan duen bilakaeraz galdetuta, Mandiolak uste du «ausartagoa» dela orain: «Iritzi propioa du. Haren taldeek berezitasun batzuk izan ohi dituzte; korrika gutxien egiten dutenak dira, baina azkarren egiten dutenak ere bai. Gero, berak sinesten duen hori taldeari helarazten dio».

Eraginkortasun bila aritzea Arrasateren zigilua dela adierazi du Mandiolak: «Futbolari gisa, buruan zuen guztia ez zitzaion oinetara iristen. Jokoa bikain ulertzen zuen. Orain, berak ondo daki jokalariek zer egin behar duten». Hala, Arrasateren taldeek egin ohi dituzten «trantsizio azkarrei» balioa eman die entrenatzaile eibartarrak: «Baloia berreskuratzean denbora gutxi galtzen dute».

Egun, behinola sortutako adiskidantzari eusten diote Mandiolak eta Arrasatek. Elkarri laguntzen ibili zaleak dira, gainera: «Aholkuak eskatzen dizkiot. Zalantzaren bat dudanean, nor ekarri-edo, deitu egiten diot. Argia da, eta maila guztiak ezagutzen ditu», esan du Atletico Balearesen (Mallorca, Herrialde Katalanak) entrenatzaileak —liderra da 2.B mailako beretaldean—.

Jagoba Arrasateren inguruan mintzo dela, futboletik haragoko hausnarketa bat plazaratu du Mandiolak: «Mutil ona da. Futbolean goraino iritsi da, eta beste gauzetan ona izango da, baina pertsona moduan lortu du notarik altuena».

Lehia bizia Sadarren

Arrasatek zuzendutako Osasunak eta Imanol Alguacilen Realak sasoi onean helduko diote gaurko euskal derbiari. Txuri-urdinak Europako postuetan helduko dira hiriburura, eta etxekoak postu horiei kosk egiteko asmoz daude. Bi prestatzaileek hamaikakorik onentsuenak zelairatu ahalko dituzte, ostegunean Espainiako Kopan zenbait jokalariri atseden eman eta gero. Bi taldeek Sadarren jokatu zuten elkarren aurka azkenekoz, 2016an (0-2).

OSASUNA-REALA

Osasuna. Sergio Herrera; Roncaglia, Aridane, David Garcia, Estupiñan; R. Torres, Oier, Brasanac, Ruben; Adrian, eta Chimy Avila.

Reala. Remiro; Zaldua, Zubeldia, Llorente, Monreal; Gebara, Merino, Odegaard; Oiartzabal, Portu, eta Willian Jose.

Epailea. Medie Jimenez.

Lekua. Sadar (18.375 ikusle).

Ordua. 14:00 (Movistar LaLiga).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.