Albistea entzun

Eutsi eta hautsi

Tokioko Olinpiar Jokoak urtebete atzeratu izanak denboraldiko egutegia estutu die Iñigo Llopis eta Nahia Zudaire igerilariei: urtebete eskas izan dute Munduko Txapelketa prestatzeko. Baina bikain egin diote aurre erronkari: hiru domina irabazi ditu bakoitzak.
Iñigo Llopis eta Nahia Zudaire, txandakakoaren podiumean.
Iñigo Llopis eta Nahia Zudaire, txandakakoaren podiumean. RFEN Tamaina handiagoan ikusi

Julen Etxeberria -

2022ko ekainak 25

Oporraldi txiki batez gozatzen ari dira Iñigo Llopis (Donostia, 1998) eta Nahia Zudaire igerilariak (Usurbil, Gipuzkoa, 2004). Espainiako Txapelketan lehiatuko dira astebete barru, Oviedon (Espainia), baina beste patxada batekin ariko dira biak; denboraldiko helburu nagusia bete izanaren patxadarekin.

Munduko Txapelketa jokatu berri da Funchalen (Portugal), eta Llopisek eta Zudairek lan bikaina egin dute. Hiru domina irabazi ditu bakoitzak: Llopisek zilarra lortu du bizkar estiloko 100 metrokoan; beste zilar bat estiloetako 4x100 metro txandakakoan; eta brontzea estilo libreko txandakako mistoko 4x50 metrokoan; Zudairek, berriz, brontzezko hiru domina eskuratu ditu: estilo libreko 400 metrokoan, txandakako 4x100 metrokoan, eta txandakako mistoko 4x50 metrokoan; azken proba horretan, laukotea osatu du Llopisekin.

Bigarrenez aritu dira biak Munduko Txapelketan, eta biek hobetu dute duela hiru urte Londresen egindako lana: Llopisek brontze bat lortu zuen orduan, eta Zudaire ez zen igo podiumera. «Oso pozik nago. Nire proban, bizkar estiloko 100 metrokoan, espero nuen dominen lehian aritzea, are gehiago kontuan hartuta zenbat herrialdek ez dutela parte hartu; adibidez, Errusiak. Halere, oso maila ona egon da, eta aurrean ibili naiz. Ez dut marka hobetu, baina gertu egon naiz; estiloetako txandakakoan, sasoiko markarik onena egin nuen. Polita izan zen Nahiarekin domina bat lortzea ere», esan du Llopisek.

Zudaire, berriz, «oso pozik» dago Munduko Txapelketan aurrenekoz dominak irabazteagatik. Txandaka eskuratutakoek egin diote ilusiorik handien. «Lehen aldiz aritu gara elkarrekin, eta horrek oso berezi egin du; oso babestuta eta batuta aritu gara; esperientzia oso polita izan da. Bermatu egin da talde espiritua».

Biek azaldu dute «lortutakoa barneratzen» ari direla. «Buru-belarri aritzen gara txapelketetan; egunero lehiatzen gara, eta ez gara jabetzen egiten ari garenaz. Baina lehia amaitu, etxera itzuli, eta jendea deika eta zoriontzen hasten zaizunean ohartzen zara benetan zer lortu duzun. Horretan ari gara orain», dio Zudairek.

Erabat deskonektatu ezinik

COVID-19aren pandemiagatik Tokioko Olinpiar Jokoak urtebetez atzeratu izanak egutegia estutu du, eta horrek ondorioak izan ditu amaitzear dagoen denboraldian. «Ezohikoa da Olinpiar Jokoen ondorengo urtean Munduko Txapelketa bat bat jokatzea, eta are eta gehiago ekainean. Urtebete eskas pasatu da. Horren ondorioz, Tokiotik bueltan ezin izan genuen nahi bezainbeste deskonektatu. Berehala jarri behar izan genuen buru-belarri denboraldia prestatzen. Gogor samarra izan da; batez ere, buruak sumatu du. Zorionez, aurki amaituko dugu sasoia, eta atseden hartuko dugu», esan du Llopisek.

Hari, minik ez izanak arindu dio egin beharreko ahalegina. «Iaz, lesioa izan nuen, eta, horren ondorioz, oso nekatuta eta minez amaitzen nituen probak. Aurten, ordea, ez dut halako trabarik izan, eta izugarri eskertu dut; osoago amaitu ditut probak. Sentipen ederra da minik gabe aritzea. Oso gustura aritu naiz etxean, etxekoen eta entrenatzaileen babesean. Nahi dudan tokian nago».

Zudaireri ere «neketsua» egin zaio: «Olinpiar Jokoen osteko urtean ohikoa da atzera egitea; kosta egiten da horren ahalegin handia egin eta gero motibazioari eta lan egiteko gogoari eustea. Baina eutsi egin diot. Hori gutxi balitz bezala, gogor ikasi behar izan dut, bigarren batxilergoa aurrera ateratzeko; argi dut igeriketa eta ikasketak uztartu behar ditudala. Urte aldapatsua izan da, baina gainditu dut, eta amaiera polita eman diot denboraldiari. Oso pozik nago, ikusten baitut eguneroko lana eta sakrifizioa fruitua ematen ari dela».

Hiru urte barru jokatuko dira Parisko Olinpiar Jokoak. Zudaireren ustez, «gertu» daude. «Konturatu orduko, gainean daude. Denbora oso azkar pasatzen da». Bai bera, bai Llopis estreinakoz aritu ziren Tokiokoetan, eta «kosta ahala kosta» egon nahi dute baita hurrengoetan ere. Gainera, espero dute ondo bidean, murrizketarik gabeko Olinpiar Jokoak izatea. «Tokiokoak oso Joko hotzak izan ziren; berotasuna falta izan zitzaien: etxekoena, taldekideena, zaleena...», aitortu du Zudairek. «Oso tristea izan zen sekulako pabiloian lehiatu, eta harmailak hutsik egotea», gaineratu du Llopisek. Itxaropena dute Parisen «lepo» beteko direla harmailak, eta etxetik gertu egonda, gertukoenen babesa izango dutela. Zudaireri ere gustatuko litzaioke «mugarri» izatea paralinpiar mugimenduarentzat.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©JAIZKI FONTANEDA / FOKU

«Giro onak lagundu digu prestatzen eta gozatzen»

Jon Ander De la Hoz

Azurmendik eta Alberdik irabazi dute Sherpa Airen binakako txapela. Biei «ilusioa» egin die elkarrekin gailentzeak. Finalean egindako lan ona azpimarratu dute.
Teresa Errandonea atleta Donostiako belodromoan. Bertan entrenatzen da eguraldi txarra dagoenean. ©JAGOBA MANTEROLA / FOKU

Erori, zutitu, eta jauzi egin

Beñat Mujika Telleria

Min hartuta egotea zaila izaten da kirolarientzat, baina soleoan izandako lesioa atzean utzita, sasoiko itzuli da Teresa Errandonea hamar hilabeteren ostean.
<b>Realeko jokalariak igandean sartutako goletako bat ospatzen.</b> ©LA LIGA

Balio handiko partida

Ainara Arratibel Gascon

Realak atzeratutako liga partida jokatu du gaur Real Madrilen zelaian. Txuri-urdinek segida eman nahi diote igandean lortutako garaipenari

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.