Euskal taldeak, ligari ekiteko prest: Alaves. Rodrigo Ely. Alaveseko jokalaria

«Gure esentzia galdu genuen iragan ligan, eta hori ezin da errepikatu»

Alavesen mendeurrenaren liga «hasi eta buka» gozatu nahi du Rodrigo Elyk. Taldea «pozik» ikusten du Pablo Machinek ekarritako haize berriekin. Gaur etxean Betisi irabazita ekin nahi diote erronkari.

ALAVES.
enaut agirrebengoa
2020ko irailaren 13a
00:00
Entzun
Alavesek doi-doi eutsi zion mailari azken sasoian. Ezinean itzuli zen etxealditik, eta jokoan izandako azken 33 puntuetatik zazpi besterik ez zuen lortu. Horiek horrela, arabarrek «hutsetik» hasi nahi dute orain, Rodrigo Elyk (Lajeado, Brasil, 1993) azaldu duenez. Liga indartsu hastearen garrantzia azpimarratu du. Betis hartuko dute gaur (14:00).

Emaitza txarrak izan dituzue denboraldi-aurrean: partida bat berdindu eta hiru galdu dituzue. Emaitzez harago, nola sentitu zarete?

Orain emaitzak gutxienekoa direla uste dut. Fisikoki fresko egon behar dugu ondo lehiatzeko, alderdi horrek berebiziko garrantzia baitu guretzat. Eta badakigu prestaketa partidetan zaila dela bete-betean egotea. Sentipenak, oro har, onak dira: ondo eta denboraz lan egin ahal izan dugu, eta entrenatzaileak eskatzen diguna barneratzen hasi gara. Oraindik badugu zer hobetu, noski, baina uste dut bide onean gaudela.

Betisen aurka abiatuko duzue denboraldia, gaur. Hain justu, aurkari horren zelaian eutsi zenioten mailari iragan denboraldian, azken txanpan latz sufritu eta gero. Joan zaizue ikara gorputzetik?

Oso oroitzapen onak dakarzkit partida horrek. Oso une garrantzitsua izan zen, bermatu baikenuen klubak Lehen Mailan biziko duela bere mendeurrena. Gainera, nire alea jarri nuen, gol bat sartuta. Gero oporrak etorri dira, eta burua garbitu egin dugu. Denboraldi bakoitzean hutsetik hasten gara. Hori bai, iragan sasoiko estutasunak eta akatsak present izan behar ditugu, berriro errepika ez daitezen. Oso gogotsu hasi gara lanean, liga indartsu hasi eta zalantzarik ez izateko. Hasi eta buka gozatu nahiko genuke.

Berritasun nagusia entrenatzailea izango da: Pablo Machin. Pozik zaudete harekin eta Gasteizera ekarri duen jokamoldearekin?

Oso pozik gaude. Ideia berriak ekarri ditu, eta horrek motibatu egin gaitu. Oso ondo ari gara lan egiten, eta pixkanaka hobera goazela nabari dugu. Polita litzateke liga hasierako emaitzak alde edukitzea, horrek indartu egingo bailuke teknikariaren proposamena eta horren inguruan egiten ari garen lanketa guztia.

Azken denboraldietan, atzetik aurrera eraikitako taldea izan zarete. Machini, aldiz, erasoan ekimen handiagoa izatea gustatzen zaio. Zer eskatzen dizue, zehazki?

Talde oldarkorra izatea nahi du, baloiarekin eta baloirik gabe. Garrantzi handia ematen dio presioari. Baloia ahalik eta azkarren berreskuratzea nahi du. Eta, gero, kalitatezko jokalariak ditugu ondo jokatzeko, eta hori da asmoa. Gu profesionalak gara, eta prest gaude edozein jokamoldetara egokitzeko. Eskarmentu handia dugu, kalitatea ere bai, eta partida bakoitzak eskatzen diguna egingo dugu. Batzuetan ezingo dugu baloia oinetan izan, eta, halakoetan, prest egon beharko dugu bestelako plan bat abian jartzeko.

Erdiko hiru atzelari eta hegaleko bi luzerekin jokatuko duzue. Defentsa gisa, aldaketa handia nabaritu duzu?

Ez dut uste hainbesteko aldea dagoenik lauko defentsatik hirukora. Taktikoki badaude ñabardurak, noski; baina partidak, azkenean, talde lanari esker erabakitzen dira. Benetan balio duena da baloi bakoitza azkena balitz bezala lehiatzea. Alavesek irudi hori eman du Lehen Mailan jarraian daramatzan bost urte hauetan, eta horrek izan behar du gure ezaugarri nagusia aurrerantzean ere. Batasuna izan behar dugu erasoan nahiz defentsan.

Zer helburu izango duzue jomugan?

Ez dugu larritasunik nahi. Gure esentzia galdu genuen aurreko ligan, amaieran batez ere, eta hori ezin da errepikatu. Balio handia eman behar diogu Lehen Mailan jokatzeari, guk baino aurrekontu askoz ere handiagoko kontrarioak baititugu aldamenean. Ikaragarria da mendeurrena gorengo mailan bizi ahal izatea, eta, esan bezala, sasoiaz hasi eta buka gozatu nahiko genuke. Lehiakorrak izan behar dugu norgehiagoka guztietan, salbazioa ahalik eta azkarren lortzeko. Eta, gero, inork ez daki zer gerta daitekeen.

Mendeurrena akuilu izan daiteke zuentzat, baina presio handiagoa ere senti dezakezue. Zer iritzi duzu?

Nik alde onari begiratzen diot: abantaila ematen digu motibazio eta aldarte aldetik. Hori bai, pena da ezingo dugula gure zaleekin batera gozatu, oraingoz behintzat. Ilusio handia egiten digu Mendizorrotzan berriz ere gure jendearekin elkartzeak eta festa elkarrekin bizi ahal izateak. Oraingoz, ez da posible izango, eta onartu egin behar dugu. Baina bai, jokalarion artean sentitzen dut badagoela halako grina berezi bat sasoi honi begira.

Aurreko ligaren amaieran, kalte handia eragin zizuen zaleen babesik ez izateak. Orain, horri neurria hartzea izango da zuen erronka nagusietako bat.

Hala da. Badakigu zer-nolako indarra ematen digu Mendizorrotzak. Zaleen bultzadari esker, gotorleku bihurtu dugu gure zelaia azken urteetan, eta salbazioari begira funtsezkoak diren puntuak lortu ditugu. Ez dakigu noiz itzuliko den jendea estadioetara, eta ezin gaitezke zain egon.

Zorroztu egin da koronabirusaren kontrako ligaren protokoloa. Zer moduz ari zarete moldatzen?

Ari gara egokitzen, baina arraroa da. Ezin gaitezke Ibaian dutxatu, eta gimnasioan ere ezin gaitezke jende asko batera egon. Xehetasun txiki asko dago, eta aldaketa, osotara, nahiko handia da. Behintzat, batera hasi gara entrenatzen,maiatzean ez bezala. Hori oso garrantzitsua da. Dagoeneko badaramatzagu hilabete batzuk pandemiarekin, eta ez dakigu noiz arte izango dugun gure artean. Ohitu beharra dugu.

Bosgarren denboraldia duzu Alavesen. Jada taldeko kapitainetako bat zara.

Ilusio handia daukat. Alaves nire etxea da; oso gustura sentitzen naiz. Oso gogotsu nago, heldu berria izango banintz bezala. Ahal den gehien lagundu nahi diot klubari, batik bat aurtengoa bezalako denboraldi berezi batean.

Esan izan duzu Alaves mugarria izan dela zure kirol ibilbidean. Zergatik?

Ni klub handi batean nenbilen [Milanen], baina denbora neraman gutxi jokatzen. Alavesek futbolaz berriz ere zelaian gozatzeko atea ireki zidan. Gustura egiten dugu lan jokalariok, baina lehiatuz gozatzen dugu. Alavesek horretarako aukera eman dit, eta oso eskertua natzaio. Gainera, klubeko jendea eta zaleak oso adeitsuak dira nirekin eta nire familiarekin. Hasieratik izan da horrela, eta plazera da.

Datorren urteko ekainean bukatzen zaizu kontratua. Alavesen jarraitzea da zure lehentasuna?

Bai, zergatik ez. Hitz egiten ari gara horren inguruan, eta ikusiko da. Esan bezala, hau nire etxea da, eta urte askoan hemen jarraitu nahiko nuke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.