Hau zen etorkizuna

Mikel Urrutikoetxeak eta Iker Irribarriak buruz buruko inoizko finalik gazteena jokatuko dute gaur, Bilbon. Apustuetan ez da alde handirik egongo
Mikel Urrutikoetxea eta Iker Irribarria, iragan ostegunean, finalerako pilotak aukeratzen.
Mikel Urrutikoetxea eta Iker Irribarria, iragan ostegunean, finalerako pilotak aukeratzen. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS

Imanol Magro Eizmendi -

2016ko maiatzak 29
Idoloen argazkiak dituzte biek logelako armairuan. Sainduen irudiak dirudite, baina sinadura daramate. Are gazteago zireneko garaietan lorturiko kopa eta txapelen artean dituzte. Makina bat aldiz hartuko zuten lo argazki horiei begira. Iker Irribarriak (Arama, Gipuzkoa, 1996) Irujo eta Titinenak zituen; Mikel Urrutikoetxeak (Zaratamo, Bizkaia, 1989), berriz, Berasaluze eta Olaizola II.arenak. Idolo zirenak orain aurkari dituzte, maila onean lehiatzen, gainera, eta gainditu egin dituzte. Bai, behintzat, buruz buruko txapelketa honetan. Hori du hain gaztea izateak eta dagoeneko lehen finalerako sailkatu izanak.

Irribarria eta Urrutikoetxea dira orain autografoak sinatzen dituztenak, eta gaur buruz buruko inoizko finalik gazteena jokatuko dute, Bilbon, Bizkaia pilotalekuan (17:00). Gaur arte, eta bi finalisten adina kontuan hartuta, Aimar Olaizolak eta Patxi Ruizek 2003an jokaturiko finala zen gazteena. Irribarriak 19 urte, hamar hilabete eta 25 egun ditu, eta Urrutikoetxeak 27 urte bete zituen asteazkenean, baina, marka hura hobetu dute. Final honek, batez beste, 23 urte erdi baino gutxiago ditu; 2003ko hark, berriz, 23 urte eta zazpi hilabete zituen. Hark amaiera jarri zion Eugi eta Belokiren aroari. Ikusteko dago gaurkoa ere beste aro baten amaiera izango den.

Gaztetasun marka horren gakoa Irribarria da, buruz buruko final bat jokatu duen finalistarik gazteena. Aurreko marka IƱaki Gorostizak zuen, 20 urte, zazpi hilabete eta 15 egun baitzituen 1974ko finala galdu zuenean. Logikoki, Irribarriak irabazten badu, inoizko txapeldunik gazteena izango da. Aski ezaguna da marka hori Ruben Belokik duela: 20 urte, bederatzi hilabete eta hamabost egun zituen 1995eko finala irabazi zuenean. Aramakoa Lehen Mailako txapelketa jokatu duen lehen aldian iritsi da finalera, Irujok edo Ogetak egin bezala.

Marka harrigarria da Irribarriarena, baina Urrutikoetxeak ere polita lor dezake. Izan ere, gaurkoa laugarren finala du jarraian, eta laugarren txapela irabaz dezake segidan. Balentria handia al da hori? Bada, esaterako, ez Juan Martinez de Irujok eta ez Aimar Olaizolak ez dute lortu sekula. Biek jokatu dituzte noizbait lau final jarraian, baina baten bat galdu izan dute. Halere, ez litzateke lau txapel jarraian irabazten dituen lehen pilotaria, Julian Retegik bost irabazi baitzituen bere garaian. Eratsungo txapeldun handiak 1989ko lau t'erdikotik hasi eta 1991ko binakakora arteko bostak irabazi baitzituen.

Txapelketako izena Iker Irribarria izan da. Ezustekorik handiena. Iaz Bigarren Mailako txapeldunorde izan ondoren, txapelketan sartzeko atariko partida bat jokatu behar izan zuen Merino II.aren aurka (22-11). Ondoren, Arretxe II.a (22-14), Jaunarena (22-2), Olaizola II.a (22-14) eta Bengoetxea VI.a kanporatu ditu (22-10). Partida guztietan ezker kolpe erakustaldiak eman ditu, eta pilotazaleak harritu. Hainbeste, duela bi aste apustuak haren alde baitzeuden, 100-80ri; azken egunetan, parekatuz joan dira.

Mikel Urrutikoetxeari dagokionez, sufrituz iritsi da finalera, lehen partidan batez ere. Urte bikaina egin du, hiru txapelak irabazi ditu, baina haren kolpeak ere nabaritu du. Atzelari jokaturiko txapelketan pasada hartu zuen, eta ez du iazko kolpe fresko hura. Hala ere, Zaratamokoa buruz buru jokatzeko makina da, eta, Ezkurdia ondo kostata kanporatu ondoren (22-19), finalerdietan ez zion aukerarik eman Altunari (22-6).

Beteta, edo ia beteta

Bi finalistek gaur jokatuko dute lehen aldiz elkarren aurka buruz buru. Irribarriarentzat, Lehen Mailako lehen finala da; Urrutikoetxearentzat, laugarrena eta buruz buruko bigarrena. Iaz jokatu zuen lehena, eta hartaz geroztik jokaturiko hiru finalak irabazi ditu. Apustuetan ez da alde handirik egongo: parean irtengo dira, Irribarriaren aldeko joera txikiarekin. Pilotalekuko sarrera guztiak ez dira bukatuko, baina ia goraino beteko da. Tartean umeak egongo dira, amaieran finalistei eskumuturrekoak, argazkiak eta sinadurak eskatuko dizkietenak. Haiek ere logelan gordeko dituzte; haiek izango dira etorkizunean txapeldun izatearekin amets egingo dutenak.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna