Unax Otegi. Mendizalea

«Erronka osatzeak antsietate handia sortu zidan»

Aneto-Maladeta inguruan dauden 3.000 metroko 46 mendiak igo ditu Unax Otegik, bakarrik joanda. 35 ordu eta 45 minutuan osatu du zeharkaldia. Piriniozaleen artean sona handia izan du lorpenak.

UNAI UGARTEMENDIA.
Unai Ugartemendia.
Donostia
2021eko azaroaren 16a
00:00
Entzun
Donostian da BERRIArekin elkartzekoa Unax Otegirekin (Donostia, 1978). Jaioterritik Arrasatera (Gipuzkoa) joan-etorrian igarotzen du astea lanarengatik. Elkarrizketa hasi orduko, nabari du Pirinioei dien miresmena.Ez du baztertzen altuera handiagoetan saiatzea.

Uda honetan ezagun egin zara mendizaleen artean. Baina nor da Unax Otegi?

Txikitatik kirola egiten ibili izan naiz. Lehenik, igeriketan ibili nintzen ikastolako garaiak amaitu nituen arte. Egia esan, ez nuen oso gustuko. Aspergarria iruditzen zitzaidan, eta ez nuen batere gozatzen. Gero, unibertsitatean hasi nintzenean, korrika hasi nintzen, Behobia-Donostia egiteko asmoz. Eta, azkenik, unibertsitateko lagun batzuengatik, eskalatzen hasi nintzen Donostiako Pio Barojako horman. Hor zaletu nintzen mendiarekin, eta zaletasun horrek obsesioa ere ekarri zidan.

Etxekoek ez al dute mendirako zaletasunik izan?

Ez. Etxean ez du inork mendira joateko zaletasunik izan. Esan bezala, eskalatzen hasi nintzenean, mendiko liburuak ere irakurtzen hasi nintzen. Denetik irakurtzen hasi nintzen, baina gehienbat alpinismoari buruzkoak.

Gogoan al duzu zein izan zen igo zenuen lehen mendia?

Bai, bai, Monte Perdido izan zen [Aragoi, Espainia, 3.355 metro]! Txindoki bera [Gipuzkoa, 1.346 metro] igo gabea nintzen orduan! Eskalatzen ibiltzen ginen lagun batzuk. Haiek joatekoak ziren, eta animatu egin nintzen. Igotzea lortu nuen, baina gogoan dut oso gaizki pasatu nuela. Urria zen, elurtuta zegoen, eta nik orduan ez nekien zer ziren kranpoiak eta pioleta! Oso esperientzia gogorra izan zen. Fisikoki ez nengoen batere prestatuta, eta altuerak ere ez zidan batere onik egin.

Lehen esperientziak asko markatzen duela esaten dute. Zuk, ordea, mendia albo batera utzi beharrean, kontrakoa egin zenuen.

Hala izan zen, bai! Monte Perdidotik jaisten ari nintzela, neure buruari esan nion berriro itzuli behar nuela, baina askoz ere hobeto prestatuta. Geroztik, etxe inguruko mendietara joaten hasi nintzen, eta Pirinioetara ere maizago joaten. Egun bateko joan- etorriak izaten ziren gehienak; Vignemalera [3.298 metro], Garmo Negrora [3.051 metro]... Gutxinaka, Pirinioetako hirumilako gehienak igotzen hasi nintzen. Denborarekin, konturatu nintzen Pirinioetan egoten nintzela gusturen.

Orduan, Pirinioetan mendiak igotzen hasi zinen etengabe.

2011n, konturatu nintzen hamar urtean 70 hirumilako igo nituela. Zerrenda hartu, eta Pirinioetako denak igotzea pentsatu nuen. Uste nuen ez zitzaizkidala asko faltako, baina zerrendan 212 mendi zeudela konturatu nintzen! Orduan, liburu bat iritsi zitzaidan: Miquel Capdevilaren Pirineo: los tresmiles en 30 jornadas. Banekien denak igo nahi banituen mendiak kateatzea tokatuko zitzaidala egun askotan. Denbora gutxian, irteerak luzatzen eta mendiak kateatzen hasi nintzen. Urtebetean, 150 igota neuzkan. Liburuak markatzen zituen kopuruak gutxitu nitzakeela pentsatzen nuen, eta hamabost saiotan osatzearekin amesten hasi nintzen. Gorka Azkarateri aipatu nion ideia, eta hura ere batu zen. Irteera haietako batetik itzultzen ari ginela sortu zen Perdigueroko erronka.

Nolakoa da Perdigueroko itzulia?

2015ean erabaki genuen Azkaratek, Isa Casadok eta nik zeharkaldi hori egitea. Zehazki, 3.000 metro baino gehiago dituzten 44 mendik osatzen dute Perdigueroko eremua [45 kilometro eta +5.500 metro]. Orduan ez zen posible izan. Ez geunden batere ondo prestatuta, eta erronka gehiegizkoa zela konturatu ginen. 2016an, berriz, Azkarate eta biak abiatu ginen. Urtea ondo prestatzen pasatu genuen, eta logistika ere hobeto lotu genuen. Psikologikoki ere lanketa handia egin genuen. Nik, gainera, bertigoa daukat, eta hori ere ondo landu beharra neukan. Itzulia osatu genuen, eta oso ondo sentitu ginen, nahiz eta gogorra izan zen.

Hura amaitu bezain laster erabaki omen zenuten Aneto-Maladetako erronkari heltzea. Zer zela eta?

Bai, hala izan zen. Perdigueroko erronkarekin alderatuta, bi hirumilako gehiago dira. Baina lurzorua askoz ere teknikoagoa eta arriskutsuagoa da. Ibilbidea bera ere konplexuagoa da, baina saiatu behar genuela erabaki genuen berehala.

Lesio bat zela medio, ezin izan zineten 2018an eta 2019an saiatu. Erronkarekin aurrera jarraitzeko asmoari eutsi zenioten?

Asmoarekin aurrera jarraitzen genuen, baina ezproian arazo bat izan nuen, eta denbora behar izan nuen oneratzeko. Mendira joaten jarraitu nuen, baina horrelako erronka bati heltzeko ez nuen ondo ikusten neure burua. Maladetako gunea hobeto ezagutzeko aprobetxatu genuen. Baina lesioa hor zegoen oraindik. Bost edo sei orduz ondo ibiltzen nintzen mendian, baina handik aurrera arazoak izaten nituen. Herrenka amaitzen nuen.

Gero, 2020ean, pandemia etorri zen.

Ordurako lesioa osatuta neukan. Entrenatzen jarraitu nuen, bai mendian, bai rokodromoan. Prestatuta nengoen jada, baina pandemiarengatik antsietatea sortzen hasi zitzaidan. Ez nekien egiteko aukerarik izango genuen ere, eta aldiro buruari bueltak ematen ibiltzen nintzen. Erabaki nuen urte hartan ez nintzela ahaleginduko. Halere, ibilbidea ikusteko baliatu nuen. Ahalik eta ibilbiderik motzena eta azkarrena zein izan zitekeen pentsatzen eman nuen denbora asko. Ibilbidea diseinatzeak lan handiak eman zizkidan. Dena ondo neurtu behar izan nuen.

Aurten, berriz, argi zeneukan saiatu egin behar zenuela?

Nahitaez saiatu behar nuela argi neukan! Ez nekien Azkaraterekin edo bakarrik izango zen, baina saiakera bat egingo nuela, behintzat, ia ziurra zen. Udan, etxe bat alokatu nuen Cerlerren [Aragoi, Espainia], eta buru-belarri sartu nintzen proiektuan. Bi hilabetehartu nituen saiakera egiteko, baina argi ikusten nuen eguraldia lagun izan behar nuela. Uztailean asko entrenatu nintzen, eta ibilbidea ere bikain ezagutzen nuen. Halere, gogorrena antsietatea ondo kudeatzea izan zen. Egun asko pasatu nituen eguraldiaren zain. Bi egun on besterik ez nuen eskatzen, baina egonaldia luzatzen ari zen. Egunero haize handia zebilen, orduko 50-60 kilometroko abiaduran. Gauzak zailduz joan ziren.

Beldur ziren bertan behera geldituko ote zen erronka?

Bai, nire bizitzako hamabost egunik okerrenak izan ziren! Ez nekien noiz irtengo nintzen, eta antsietatea areagotuz zihoan. Azkenerako, abuztuaren 13an, ostiralez, ekin nion erronkari.

Datuek ez dute inor beldurtuko, baina zailtasunak eta arriskua oso nabariak dira.

Hori da! Ibilbideak 50 kilometroko luzera eta 4.700 metroko desnibel positibo ditu, baina bertako ertzak izugarriak dira. Erronkaren bi heren eskalatzen pasatu nituen; beraz, pentsa! Oso ibilbide teknikoa da, eta une oro argi ibili behar da. Hutsegite txikienak amaiera txarra dauka holako eremu batean. Baina banekien oso ondo entrenatuta nengoela, eta izugarri gozatu nuen!

Azkenean, 46 hirumilakoak osatzeko, 35 ordu eta 45 minutu behar izan zenituen. Zer izan zen gogorrena?

Fisikoki eta psikologikoki ez nuen txakalaldirik izan. Asko prestatu nintzen, eta uste dut bere lekua kendu niola abenturari. Inprobisaziotik oso gutxi izan zuen. Alde horretatik, Perdigueroko erronkarekin beteagoa sentitu nintzen. Jende askok esan dit gauza izugarri bat egin dudala, baina nik ez dut horrela hartu. Alde ona ere badauka horrek, eta zera da: prestakuntzan bete-betean asmatu nuela. Agian, azken zatia izan zen gogorrena. Oinez egin beharreko eremua zen, ordu asko neramatzan,eta granitozko blokeen gainean nindoan. Nekeak askotan ezdizu kontzentratuta egoten uzten, eta erreflexuak ere ez dira berak.

Erronka osatzeko denbora obsesio bihurtu zen?

Ez, ezta gutxiagorik ere! Banekien 40 ordu baino gutxiago izango zela, baina denbora jakin bat egitea ez zen helburua izan inoiz. Baten batek denbora gutxiagoan egin nahi badu, ez dut uste zailtasun handirik izango duenik horretarako.

Ia 56 ordu izan ziren zu bakarrik mendian. Uneren bat aukeratu behar bazenu, zein aukeratuko zenuke?

Agian, gaua sartu zeneko une hura. Oso leku bakartian nengoen, eta afaltzeko gelditu nintzen. Harri batean eseri nintzen, eta, bakarrik sentitu beharrean, harmonia ederrean sentitu nintzen. Oso une polita izan zen. Azken gailurrera iritsi nintzen unea ere ezin dut ahaztu. Vallibiernan izan zen, eta izugarrizko behatoki bat dauka, gainera. Ibilbide guztia bikain ikusten da handik, eta emozio handia sentitu nuen unean bertan. Bestalde, ezin aipatu gabe utzi erronka hasi eta gutxira Gorkagerturatu zeneko momentu hura. Animatzera etorri zen, eta izugarri eskertu nion ahalegina.

Horrelako bi erronka osatu eta gero, beste erronkaren bat egiteko gogorik ba al duzu oraindik?

Pirinioetan gauza asko egin ditut, baina oraindik ere gauza asko egin daitezke. Pirinioetako beste sektore bat gelditzen zaigu egiteke: Balaitous [3.144 metro] eta Garmo Negro hartzen dituena, besteak beste. Denak egun batean osatzea litzateke helburua, baina oso erronka gogorra da. Datorren urtean ixtea gustatuko litzaidake, baina askoz ere eramangarriagoa da orain egin dudanarekin alderatuta.

Alpeek ez zaituzte erakartzen?

2017an joan ginen hara. Cervino [4.478 metro] igotzeko asmoarekin joan ginen, eta agian puztuta joan ginen. Pirinioetan gauza asko eginda geunden, baina konturatu ginen hura beste gauza bat dela. Erabat txiki sentitu ginen han! Gu, gainera, elurretan ia ez gara ibiltzen, eta oso gogorra egin zitzaigun. Asko sufritu genuen, altuerarekin, elurrarekin, hotzarekin... Azkenean, Cerviniatik jaitsi beharrean, Suitzatik jaitsi behar izan genuen. Handik, Mont Blancera [4.809 metro] joan ginen. Egun berean igo eta jaitsi egin genuen. Altuerara ondo egokituta geunden, eta hura errazagoa izan zen. Esperientzia bikaina izan zen, baina gure lekuan jarri gintuen. Halere, ez dut baztertzen altuagoak direnen mendietan saiakerak egitea. Altuerak erakarri egiten nau.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.