KRITIKA. Dantza

Gernikan batu dira

Agus Perez.
2023ko maiatzaren 2a
00:00
Entzun

'Nun batu diragure ahotsak?'

Konpainiak eta piezak: Node (Batu), DAB (Nun zira?), Ziomara Hormaetxe (Ahotsak). Lekua: Gernika-Lumoko Lizeo antzokia. Eguna: Apirilaren 29a.

Euskal Herriko hiru dantza konpainia elkartu dira haien pieza labur bana aurkezteko, eta emaitza Gernika-Lumoko Lizeo antzokian ikusi dugu, dantzaren egunean, hain zuzen ere. Donostiako Node konpainia arduratu da kontu teknikoez eta egitarauaren diseinuaz, eta harena izan da ikusitako lehen pieza, Batu izenekoa.

Esan genezake Mikel Zubiriaren soinu banda izan dela lan elegante honen gidaria: xuxurlak, ur tantak, errekastoen zurrumurrua, ezkila hotsak, txalaparta ttakunak... maisuki batu dira piano eta hari musikarekin gure paisaia emozionaletatik aurrera egin eta gu guztiok beste dimentsio batera eroateko. Myriam Perez Cazabon —berea izan da koreografia— eta Borja Bordonabe ibili dira eszenan, hasiera batean oso era pausatuan eta giro transzendentalean murgilduta, Amarenak jostunen jantzi tradizional eboluzionatuak soinean zeramatzatela.

Bide lasai horretatik, larregizko mistizismoaren arriskua sumatu dut une batez, baina egikeraren erabateko araztasunak eta soiltasun dotorearen aldeko apustuak edertasunaren alderantz inklinatu dute balantza. Azkenik, aipatzeko modukoa iruditu zait soinu bandan integratu den Eñaut Mitxelenaren olerkia, euskarazko hitz zoli askoren doinu eta esangurekin jolastu dena.

Jarraian etorri den pieza —Nun zira?— Lezoko DAB taldearena izan da. Ikusleen artean kantuka etorri da pertsonaia enigmatiko bat, baina protagonistak Marina Eskisabel eta Iker Sanz izan dira. Azken horren jatorrizko ideia batean oinarrituta, Xian Martinezek hartu ditu zuzendaritza artistikoa eta koreografia, eta Iñaki Palaciosen musika egokiak lagundu ditu dantzarien eboluzioak. Hasierako pertsonaia ia estatikoa Ekialde Urruneko itxura zuten bi gerlarien arteko gatazkaren lekukoa izan da, biak izaki bakar batean elkartu diren arte. Ordea, luzeegia egin zait pieza estimagarri honen amaiera, eta ene uste apalean jantzien diseinuak arintasuna kendu die dantzarien mugimenduei.

Arratsaldeko hirugarren lana Ziomara Hormaetxe gernikarrarena izan da, Lali Ayguade katalanaren laguntzarekin. Ahotsak izeneko piezaren hasieran garai bateko gauzakiak ikusi ditugu taula gainean —otzara handi bat, aulki bi, esne-kantina bat, Picassoren Gernika-ko kinke hura...—, eta, bitartean, 1920. urtean jaiotako emakume baten berba hunkituek prestatu gaituzte bonbardaketaren testigantza dantzatuaren lekuko izan gintezen.

Hormaetxe bera eta Akira Yoshida iruindarra aritu dira egun hartako protagonisten roletan, eta pieza osoan zehar Hormaetxeren mugimendu kalitatea nabarmendu da bereziki. Argiztapen delikatuan bilduta —Nodeko Ion Estalarena izan da hiru piezen argiztapena— eta Miguel Marin Pavonen musikak lagunduta, eztandek eragindako erorikoak, elkarrengan kontsolamendua bilatzeko uneak eta barea berreskuratzeko saioak gauzatu dira dantza hutsaren eta antzezpenaren mugan dagoen lan honetan. Baina pieza labur honek bere garapen koreografikoa izango du datozen hilabeteotan, eta, datu osagarri lez, esan dezakegu Miarritzeko Dantza Maitaldian estreinatuko dela aurtengo irailean, Malandain Ballet Biarritzen laguntzarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.