Albistea entzun

Putzuan gelditu da gola

Euskal selekzioa nagusi izan da euri jasak hondatutako zelaian, baina 1-1 berdindu du Kataluniarekin.

Aukera garbiak sortu arren, gola falta izan zaio
Nekane Diez euskal selekzioko jokalaria baloia galtzeko zorian, Kataluniako jokalari baten aurrean, atzoko partidan.
Nekane Diez euskal selekzioko jokalaria baloia galtzeko zorian, Kataluniako jokalari baten aurrean, atzoko partidan. ARITZ LOIOLA / ARGAZKI PRESS

Ander Gartzia -

2014ko abenduak 28

Hobeto egokitu zen euskal selekzioa igerileku itxura hartu zuen Lasesarre futbol zelaiko berdegunera (Barakaldo, Bizkaia), baina atearen aurrean kamuts aritu ostean, bana berdindu zuen Kataluniarekin. Erruz botatako euri jasak zeharo baldintzatu zuen norgehiagoka; jokalariek zailtasun handiak izan zituzten baloia alde batetik bestera mugitzeko orduan, eta bigarren zatia hasterako ur putzu erraldoiak osatu ziren zelaiko hainbat tokitan.

Baldintza makur horietan Jose Alvarez hautatzaile santurtziarrak zelairatutako hamaikakoa nagusitu zen, eta aukerarik garbienak etxekoenak izan ziren. Hamaikakoa Jone Guarrotxena, Marta Unzue, Ane Bergara, Irene Paredes, Maite Lizaso, Arrate Orueta, Naiara Beristain, Iraia Iturregi, Nekane Diez, Erika Vazquez eta Eli Ibarrak osatu zuten. Euskal selekzioak aukera garbiak sortu zituen bigarren zatian, baina lehen zatiaren bukaeran epaileak adierazi ez zuen penalti bat tarteko, eta euskal jokalarien punteria faltagatik, banako emaitzarekin bukatu zen lagunarteko partida.

Kataluniarrak izan ziren, ordea, aurretik jarri zirenak. Hasi eta berehala. Seigarren minutuan ezker hegaletik egindako erdiraketa bat baliatu zuen Kataluniako aurrelariak gola sartzeko. Zoritxarreko jokaldia izan zen euskaldunentzat. Atezainak baloiaren norabidea antzeman arren, Marta Unzue atzelariaren gorputzean jo eta baloia atearen barruan sartu zen. Aurkari gogorra zuen aurrean euskal selekzioak, Natalia Arroyo hautatzaile kataluniarrak goi mailako jokalariak eraman baitzituen Barakaldora. Tartean, Bartzelonako bost, Superligako txapeldun eta talderik indartsuena dena.

Etxekoek, baina, euriari zein hartutako gol goiztiarrari egin zioten aurre. Gutxinaka-gutxinaka nagusituz joan ziren jokoan eta hemezortzigarren minuturako lortu zuten berdintzea. Kataluniako atzelariek ez zuten ondo urrundu Eli Ibarraren erdiraketa, eta Nekane Diezek gol ederra sartu zuen baloia atezainaren aurkako zutoinera gurutzatuta.

Berdinketa lortuta, euskal selekzioak aurrera jo zuen bigarren golaren bila, baina epaileak atsedenaldia adierazi aurretik ez zuen aukera garbirik sortu. Hain justu ere, aldageletarako bidea hartu baino bi minutu lehenago epailea bera bihurtu zen partidako protagonista, ez baitzuen adierazi penaltirik Kataluniako atzelariak Erika Vazquezi area barruan egindako falta garbian.

Bigarren zatian, nagusi

Bizitasun berarekin atera ziren bigarren zatian euskal jokalariak, eta baloia astintzen hastearekin batera, arrisku handia eraman zuten kataluniarren atera. Euri zaparradak, ordea, ez zuen atsedenaldirik izan, eta futbolean aritzeko baldintza kaxkarretan zegoen Lasesarreko berdegunea. Baloia maiz gelditzen zen putzuetan, eta atzelariek arrisku handiarekin lortzen zuten urruntzea. Hala, aurreneko hogei minutuetan hiruzpalau aukera garbi izan zituzten etxekoek bigarren gola sartzeko. Aurrena 50. minutuan, Erikak area barruan egindako jaurtiketa batean. Bost minutu geroago, kataluniarren area barruko putzuan kontrolatu zuen baloia Maria Diazek, baina haren jaurtiketa gutxigatik joan zen kanpora. Neke handia pilatu zuten jokalariek, korrika egiteko baldintzak ere makurrak baitziren oso, eta minutu horiek baliatu zituen Alvarezek aurreneko aldaketak egiteko. Yulema Corres, Ainhoa Alvarez eta Ainhoa Vicente zelairatu zituen hurrenez hurren, eta joko erasokor berarekin jarraitu zuten.

Azken minutuetan gertu izan zuten gola etxekoek, baina atzealdean sendo sartuta, aukera guztiak aldentzea lortu zituzten kataluniarrek. Euskal selekzioak ezin izan zuen laugarren garaipenik lortu, baina atzoko berdinketari esker lau partida daramatza erreskadan porrotik jaso gabe. Orain arte jokatutako sei partidetan bi aldiz baino ez da esku-hutsik gelditu. Bietan Argentina izan zuen aurkari. Aurrenekoa 2-4 galdu zuen Irunen, eta bigarrena 4-2 Buenos Airesen (Argentina). Lortutako hiru garaipenak, berriz, Txileko 20 urtez azpiko selekzioaren (2-1), Eslovakia (1-0) eta Irlandaren (2-0) aurka lortu ditu. Mila bat lagun bildu ziren Lasesarren, eguraldi zakarrari aurre eginez.

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

Stephanie Frappart epailea, aginduak ematen. Lehen arbitro emakumea izan da gizonen Munduko Kopan. ©G.LICOVSKI / EFE
Richarlison de Andrade Brasilgo aurrelaria, Serbiari sartutako bi goletako bat ospatzen. ©ANTONIO LACERDA / EFE

Oinutsik daudenak gogoan ditu

Eñaut Agirrebengoa

Pobreziak eta indarkeriak zipriztindutako umezaroa bizi izan zuen Richarlison de Andradek. Hori guztia ahaztu gabe, distira egiten ari da orain Brasilen, bederatzidun elastikoarekin.
Ignacio Sanchez Galan Iberdrolako presidentea Qatarko emir Tamim bin Hamad al-Thanirekin, Espainiako Errege Jauregian. ©IBERDROLA

Petrolioa, gasa eta perlak

Irune Lasa

Qatarko funts subiranoaren, eta, beraz, errege familiaren jabetzak itzelezkoak dira. Erregai fosiletatik lortutako dirutzak mundu osoan inbertitu dituzte, ordain ekonomiko eta politikoen truke

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Hitzen, ekintzen eta errimen eztanda. Herri bat BERRIAren kulturaren plazan. Baliatu udazkenean BERRIAlagun egiteko eskaintza.