Susperraldiak bidean jarri du

Azken partidetako bolada onari esker, Kirolbet Baskonia bete-betean sartu da Euroligako final-laurdenak jokatzeko lehian: garaipen bakarrera ditu zazpigarren eta zortzigarren sailkatuak. Gaur, Maccabiren kantxan ariko da.

Micheal Eric, saskiratzear, Alba Berlinen aurkako partidan. RAUL BOGAJO / FOKU.
Julen Etxeberria.
2020ko martxoaren 12a
00:00
Entzun
Kirolbet Baskoniak irabazi egin ditu Euroligan jokatu dituen azken bost partidetatik lau. Horri esker, duela gutxi ia ezinezkoa zirudiena lortu du Gasteizko taldeak: bete-betean sartu da final-laurdenetarako sailkatzeko lehian. Liga erregularra amaitzeko sei jardunaldi falta direla, garaipen bakar batera ditu zazpigarren sailkatua eta zortzigarrena, Khimki eta Fenerbahce; eta ez du ere oso urrun seigarren sailkatua, Panathinaikos: bi garaipenera.

Baskoniak final-laurdenak jokatu nahi ditu bosgarren denboraldiz jarraian, baina, hark bezala, talde askok sartu nahi dute Europako zortzi onenen artean. Bost talde jadanik badaude aukeratuen multzo horretan: Anadolu Efes, Real Madril, Bartzelona, CSKA Mosku eta Macccabi. Horiek guztiak sailkatuta daude. Baina hortik behera dator saltsa, zortzi talde baitaude bi garaipenen tartean: Panathinaikos dago tropeltxo horren buruan, hamalau garaipenekin; Khimki eta Fenerbahce datoz atzetik, hamahirurekin; eta Zalgiris, Valentzia, Olympiakos, Armani Milan eta Baskonia segidan, hamabirekin. Horren estu dago sailkapena, ezen, azkeneko sailkatua izan ezik —Zenit San Petersburgok sei garaipen baino ez ditu—, bosgarren posturik behera dauden talde guztiek baitute aukera matematikoa sailkatzeko.

Hurrengo sei partidek zehaztuko dute gasteiztarrek kanporaketak jokatuko dituzten edo ez. Egutegiari erreparatuta, erronka zaila dute, sei neurketa horiek aurretik dituzten taldeen aurka jokatuko baitituzte: Maccabi, Anadolu Efes, Armani Milan, Bartzelona, Valentzia eta Panathinaikos. Maccabik, Anadolu Efesek eta Bartzelonak etxeko lanak egin dituzte, baina haien aurka etxetik kanpo ariko da Baskonia. Armani Milanen, Valentziaren eta Panathinaikosen aurkako neurketak, berriz, Buesa Arenan jokatuko ditu. Hala ere, koronabirusa dela eta, ikusteko dago zein baldintzatan jokatuko diren norgehiagoka horiek guztiak.

5.000 ikusleren aurrean

Gaur 5.000 ikusleren aurrean ariko da Baskonia, Tel Aviven, Maccabiren aurka (20:05, Dazn). Jardunaldiko bost partida ateak itxita jokatuko dituzte, baina Euroligak erabaki du Maccabiren eta Baskoniaren artekoan ikusleak egotea harmailetan. Muga bat jarri du, ordea: Eliasen Eskuaren pabiloian 10.000 lagun pasatxo sartzen diren arren, gehienez 5.000 egon ahal izango dira gaur.

«Partida ona egin nahi dugu. Guk beti sinesten dugu irabaz dezakegula. Borrokatu egingo gara», esan zuen atzo Dusko Ivanovicek, Israelerantz abiatu aurretik. Aurkariaz, berriz, Baskoniako entrenatzaileak nabarmendu zuen «denboraldi bikaina» egiten ari dela. «Oso talde oldarkorra da. Inork baino baloi gehiago lapurtu ditu sasoi honetan. Horri esker, erraz lortzen ditu saskiratzeak kontraerasoan. Oso zaila da hari irabaztea. Hala ere, gora egin dugu azkenaldian. Ea bolada on honi eusten diogun».

Gaurko erronkaren zailtasunaren berri du Baskoniak, Gasteizen, ezinean aritu baitzen: 83-113. Azken partidan, Maccabik 92-76 galdu zuen Izar Gorriaren kantxan, baina aurreko bost norgehiagokak irabazi zituen. Horri esker, bosgarren postuan da sailkapenean, CSKA Moskurekin, laugarrenarekin berdinduta, hemeretzi garaipenekin. Liga erregularra hala bukatuko baliz, kantxa ez luke alde izango. Beraz, gutxienez, lehen lau sailkatuen artean sartzea du jokoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.