Rafael, pizkundearen pintorea

Bere garaiko maisu eta artistenengandik sakon ikasi, eta orduko eskakizunetara egokituz garatu zuen estiloa Rafael Sanzio margolariak. Vatikanoko Stanzetan argiro erakutsi zuen bere obrari aitortzen zaion oharkabeko harmonia perfektua. Etzi 500 urte izango dira hil zela.

Rafaelek egindako autorretratua, 23 urte inguru zituenean. BERRIA.
itziar ugarte irizar
2020ko apirilaren 4a
00:00
Entzun

Bidea motz, eta urratsak luze. Hala laburbil daiteke Rafael Sanzio margolariak arte historiaren orrietan utzitako lorratz sakona. Gazte hil zen, 37 urteak betetzera heldu gabe, baina Errenazimentuko margolari eta arkitekto esanguratsuenetako bat izan zen ezbairik gabe, XVI. mendearen hasieran. Leonardo da Vinci eta Michelangelo izan zituen garaikide, eta, haien itzalean bizi izan bazen ere, haien eraginetatik ere ikasi eta bere estiloa inor gutxik bezain urrun eraman izanak egin zuen berezi. Etzi 500 urte beteko dira hil zela. Mende erdi Panteoian lurperatu zutela, Antzinako Erromaren handitasunaren sinboloan, hainbestetan lanerako inspirazio iturri izan zuen hartan. Haren epitafioan irakur daiteke, marmol gainean latinez: «Hemen datza Rafael. Bizi zela, natura beldur izan zen hark garaituko ote zuen. Hil zenean, natura beldur izan zen ez ote zen harekin batera hilko».

 

Garai hartako kronikek kontatzen dutenez, Rafaelen hilberriarekin dardara batek zeharkatu zuen Vatikanoa, eta arrakala bat ireki zen aita santuaren jauregi etxean. Orduko biztanleek ez zuten dudarik egin gertakari hura artistaren heriotzarekin lotzeko: margolariaren gizagaindiko dohainen frogatzat jo zuten. Vatikanoko museoetan dago haren lanaren zatirik handiena, Stanze esaten zaien geletako freskoak, kasurako. Hori izan zen haren ibilbideko enkargurik handiena; bukatu aurretik hil zen, baina, eta tailerreko laguntzaileek burutu zuten. 50 langile baino gehiago izan zituen bere estudioan —ezohiko kopurua ordurako—, eta, hein handi batean, haiei esker lortu zuen hain obra oparoa osatzea.

Askotariko irudiak pintatu zituen, grabatuak egin, arkitektura lanak. Baina ez zen preseski horien originaltasuna izan maisu bihurtu zuena, ezpada sasoiko beste artista batzuen ekarpena —Leonardo, Fra Bartolomeo, Michelangelo, Bramante eta beste— berera eramateko izan zuen jarrera ireki eta abilezia: proposamen horiek guztiak tentuz jaso, eta gai izan zen zehaztasun handiko harmonia oharkabeko batera eramateko. Bere garaia laburbiltzeko. Hala, Fidias Antzinaroko ikur den neurri bertsuan, Rafael Errenazimentuaren ikurtzat jo dute zenbaitek.

Hiru etapatan ondu zuen bidea, Giorgio Vasari artista eta biografo italiarrak jaso zuenez: Umbriako lehen urteak; lau urteko etapa Florentzian, non hiriko arte tradizioetatik edan zuen; eta azken hamabi urteak Erroman, aita santuarentzat eta gorteentzat lanean eman zituenak.

Urbinoko hasierak

1483an jaio zen, Urbinoko hirian, Ostiral Santu batez —hil ere Ostiral Santu batez hil zen—. Haren aita Giovani Santi pintore errespetatua zen inguruko lurretan. Montefeltroko gortean egiten zuen lan hark, eta Rafaelek saloi haien eta aitaren estudioaren artean igaro zuen haurtzaroa. Han ikasi zuen pintzelei heltzen, koloreak nahasten, oholak prestatzen, aitak fresko bat margotu zezan. Ama, Magia di Battista di Nicola Ciarla, Rafaelek 8 urte zituela hil zen, eta handik hiru urtera aita. Umerzurtz izanik, aitaren estudioa jaso oinordetzan, eta han urratu zuen historiako pintorerik handienetako bat izatera eramango zuen bidea.

Urbino Italiako humanismoaren lekurik garrantzitsuena bihurtzen ari zen orduan, eta giro hartatik gertu hezi zen Rafael. 1497. urtean, orduko artista esanguratsuenetako bat hartu zuen maisutzat: Pietro Perugino. Umbriara lekualdatu, eta hainbat bidaia egin zituen harekin batera, aurrenekoz artista garaikide handienen lanak ezagutzeko aukera izanik, Leonardorenak besteak beste. Gertutik erreparatu zion, halaber, Perugino maisuaren lana. Hari ahal beste ikasita, 16 urte betetzerako bere lehen kontratuak sinatzen hasi zen, ordurako bere estudioarekin. Horien artean, 1502an, erretaula konplexu bat margotzeko eskaria jaso zuen Perugiako San Francesco kaperarako. Margolana banatzeko moduak agerian utzi zuen Peruginori ikasitako konposizio eskema. Baina bazekartzan berrikuntzak ere: dinamismoaren sakontzea eta apostoluen indibidualizazioa, besteak beste.

Enkargu gehiago egin zizkioten Italia iparraldeko hainbat elizatarako, eta bistan geratu zen, maisuaren itzalari gain hartuta, askok bilatzen zuten artista zela ordurako. Artistaren lehen sasoi horretakoa da Ama Birjinaren ezteiak margolana (1504), esaterako: Mariaren eta Josefen ezkontza irudikatzen du, eta Citta di Castelloko elizarako egin zuen. Horrek ere Peruginoren lanen antz handia izan arren, irudiaren aurreko planoko figurei mugikortasun sentsazio handiagoa eman zien Rafaelek, baita sakontasun handiagoa ere konposizio osoari. Irudiaren atzeko planoan tenplu bat ageri da, eta Raphael Urbinas sinatu zuen han: bera ere jada pintore handitzat izendatua.

Florentzia eta Erroma

1504. urtea zen Florentziara heldu zenean. Etsaitasunean ari zirela, Leonardori eta Michelangori aurre egin behar izan zien han; lehena bera baino 30 urte zaharragoa zen, eta bigarrena, zortzi urte. Aurrez inon ikusi gabeko lan artistikoetan zebiltzan biak, bakoitza bere aldetik, eta, beste ikaslegai askok giro hartatik ihes egingo bazuten ere, Rafael barruraino sartu zen, ikasteko gogoak akuilatuta. Gozoa zen izaeraz, trebea harreman sozialetarako, eta horrek beti haren alde jokatu zuela kontatzen dute historialariek.

Aurretik Peruginorekin egin bezala, Florentziako artearen eragina bere egiten jakin zuen Rafaelek, horrek bere estiloaren garapena oztopatu gabe. Haren figurak posizio konplexuagoak eta dinamikoagoak hartzen hasi ziren, oraindik posatuak bazituen ere gairik ohikoenak. Gizon gerlariak izan zituen aldi horretako obsesioetako bat; orriak eta orriak bete zituen kokapen baten eta bestearen probekin, bakoitza zegokion lekuan egotea lortu arte. Ordukoa da Zelaiko Ama Birjina obra ere (1506), Leonardoren piramide egiturarekin osatu zuena, Familia Santua adierazteko.

Vatikanoa izan zuen hurrengo geltoki, Erroman. 1508a zen hara iritsi zenean —Bramante arkitekto eta haren urrutiko senidearen gomendioz heldu zen—, eta han geratuko zen hil artean. Julio II.a aita santuak bere zerbitzuan hartu zuen, eta horrek jarri zuen behin betiko Rafael orduko artistarik handienen artean. Bere liburutegi pribaturako fresko bat pintatzeko eskatu zion, Stanza della Segnatura izena hartuko zuena gerora: Rafaelen Stanzak izenarekin ezagunak diren lau geletan lehena. Lauretan goraipatuena da oraindik, Atenasko eskola, Sakramentuaren eztabaida eta Bertuteak hartzen dituelako. Zurtuta utzi zuen aita santua horma zen sabaira eramandako irudi haiekin, eta beste hiru gelak margotzeko eskatu zion. Bigarrenarekin ari zela hil zen, ordea, Julio II.a; baina, artistarentzat zorionez, jarraitzeko baimena eman zion Leon X.a aita santu berriak. Tarte hartan, Michelangelo Kapera Sistinoko sabaia margotzen ari zen, eta ezaguna da pasadizoa: Bramantek ezkutuan erakutsi zion haren lana Rafaeli, eta esaten da ezkutuko bisita hark aldatu egin zuela Urbinoko pintorearen lan egiteko modua. Besteen estiloak berera eramateko Rafaelen dohainak bere onetik ateratzen zuen Michelangelo, eta plagioa ere egotzi zion.

Neurri txikiagoko lanak ere egiten jarraitu zuen, erretratuak asko. Vatikanotik kanpo, Galatea (1512) egin zuen Agostino Chigi bankariaren eskariz, Rafaelen lan mitologiko nagusia, eta aupatuenetako bat. Michelangelok giza gorputzaren irudikapenean goia jo zuen bezala, mugimenduan dauden figuren konposizio harmoniatsuak bihurtu zuen bakan Rafael. Oreka perfektu baten sentsazioa igortzeko gai izan zen, denari ustezko naturaltasun baten itxura emanez.

Bramanteren lekua hartuta, Erromako arkitektorik garrantzitsuena ere bihurtu zen. Baina aldi labur batez. Esku bete proiektu zegoela, heriotzak harrapatu zuen, 1520an. Vasarik jaso zuenez, gehiegizko sexu plazerengatik. Margolan klasikoenetatik manierismoaren ateetaraino doan bide bat utzi zuen, eta aurretik atzera desibiltzeko aukera jarri dute aurten Erroman: Rafael, 1520-1483. Artistari inoiz eskaini zaion erakusketa handiena da; hitzokin ireki zuen Marzia Faietti komisarioak: «Rafaelen obrara itzultzea oso gauza erraza da, arte konplexu baten egilea delako, eta, aldi berean, guztiokin komunikatzeko gai. Bere pintura hain dago meditatuta, sublimatua eta hainbeste irakurketa maila biltzen ditu, ezen ikusle bakoitzak baduen, bai soilenak eta bai kultuenak, hura miresteko hainbat arrazoi».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.