Himalaiak erakartzen du oraindik

Manaslurako espedizioa egin dute Frederik Arburuak, Maialen Berterretxek eta Jakes Sallenberenbordak. 7.600 metrora iritsi da Berterretxe, eta beste biak gailurrera Lortutakoaz gozatzen ari dira orain etxean.

Jakes Sallenberenborda, Maialen Berterretxe eta Frederik Arburua. BERRIA.
Unai Ugartemendia.
2021eko azaroaren 23a
00:00
Entzun
A azken urteetan alpinista askok diote Himalaiako zortzimilakoek xarma galdu dutela. Baina oraindik ere badira mendi horien altuerak edo handitasunak erakarrita bertaratzen diren espedizioak. Frederik Arburuak (Ezpeleta, Lapurdi, 1975), Jakes Sallenberenbordak (Arberatz, Nafarroa Beherea, 1967) eta Maialen Berterretxek (Baigorri, Nafarroa Beherea, 1979), adibidez, irailean ekin zioten Manaslu-ra (Nepal, Himalaia, 8.163 metro) igotzeko saiakerari. Arburuak eta Sallenberenbordak bazekiten zer zen zortzimilakoetan ibiltzea. «Bi aldiz egona nintzen Cho Oyun. Bigarren saiakeran lortu nuen igotzea. Lehen ahaleginean esperientzia handia pilatu nuen», azaldu du Arburuak. Hiruretatik berak du eskarmentu handien. Hogeita bost urte baino gehiago daramatza alpinismoan. Robert Larrandaburu Pipas-ekin batera, bi zortzimilakotara igoa den Iparraldeko alpinista bakarra. Larrandaburu 1998an igo zen Gasherbrum IIra (Pakistan, Karakorum, 8.035 metro), eta 2002an Everestera (Nepal, Himalaia, 8.848 metro).

Sallenberenbordak ere ez zuen lehen aldia zortzimilako batean. Esperientzia pilatuta zihoan. Mont-Blanc eta Cervino igo ondoren, sei mila metroko mendi batzuk ere osatuak zituen Andeetan. Arburuaren antzera, hura ere Cho Oyura joan zen Himalaiara egin zuen lehen espedizioan. «2004an sei lagunek espedizio bat antolatu genuen. Nire lehen esperientzia izan zen, eta huts batzuk egin genituen. Haize bortitza izan genuen, eta ezin izan ginen 7.500 metrora baino gorago igo. Ziurrenik, ez geunden prest zortzi mila metroko mendi batera igotzeko».

Berterretxek estreinakoa zuen. Errugbian hainbat urte egin eta gero hasi zen goi mendietan. Zortzi urte dira alpinismoan hasi zela, eta, geroztik, Alpeetan egin du bere ibilbide gehiena. «2017an joan nintzen lehenbizikoz Mont Blancera, Chamonixko bide arruntetik. Gerora etorri ziren, Monte Rosa, Gran Paradiso eta Cervino. Aurten Mont Blanc igo dut berriro ere, baina Italiako aldetik».

Irail hasieran ekin zion hirukoteak Manasluko erronkari. Helburua; oxigenorik gabe igotzea. Zortzimilakoen artean, zortzigarrena da altuerari dagokionez Manaslu, eta 1986ko udazkenean igo ziren lehenbizikoz oxigenorik gabe Jerzy Kukuczka eta Artur Hajzer alpinista poloniarrak. «Etikoki ez nuen beste modu batean igotzea pentsatu», azpimarratu du Sallenberenbordak. Iritzi bera zuten beste bi espedizio kideek ere. Berterretxe honela mintzatu da: «Nahiago nuen gailurrik ez zapaldu, oxigenoarekin egitea bainoago. Nik mendia horrela ikusten dut. Hirurak gauza bera pentsatzea ona izan da espedizioa osatu ahal izateko».

Baina Manaslu ez zen hasieran hirukoteak jomuga zuen mendia. Pandemiak eragindako arazoak medio, azken urte eta erdian espedizio askok bertan behera utzi behar izan dituzte helburu edo erronka gehienak, batez ere Pakistanen. Hala gertatu zizaion hirukoteari. «Buruan genuen lehen ideia Pakistanera joatea zen, Broad Peak-era igotzera. Baina han zegoen egoera politikoarengatik ezin izan genuen. Ondorioz, Manaslurekin ahalegintzea otu zitzaigun. Teknikoki zailtasun handirik ez duen tontor bat delako pentsatu genuen», azaldu du Sallenberenbordak.

Behin hori zehaztuta, lanari ekin zioten. Bertara joateko agentzia aurretik ezagutzen zuen Arburuak. 2018an Cho Oyura harekin joan zen, eta hautu bera egitea erabaki zuten. «Bestela ere, gauzak antolatzea ez da erraza izaten, eta horregatik erabaki genuen aurretik ezagutzen nuen agentzia berera jotzea berriro».

Irailaren 3an ekin zioten mendira hurbiltzeko lanari. Ia hilabete oso bat pasatu zuten egokitze lanetan. Arburuak eta Sallenberenbordak bazekiten gorputzak ahalegin handia egin behar duela lan horretan. Biek ala biek aurreko espedizioetan sufritu zuten hori. Berterretxek, berriz, lehen esperientzia izango zuen horrelako espedizio luze batean. «Altuera horietan ibiltzeak asko du ederretik. Beste mundu bat da. Gizakiak ez du lekurik han, une oro egokitu behar du. Esfortzurik txikiena asko kostatzen da, energia bideratu, eta gauzak mantso egin behar dira. Gorputza entzuten jakitea ezinbestekoa da».

Gailurrerako ahalegina

Iraila amaitzearekin batera, gailurrerako ahalegin saioari ekin zioten. Gailurrera igotzeko egunak, mimo handiz prestatu behar izaten dira. Oinarrizko kanpalekutik irteterako, dena prestatua zuten. Lau kanpaleku ipintzea aurreikusi zuten: lehena 5.800 metrotan, bigarrena 6.400 metrotan, hirugarrena 6.800 metroan, eta tontorra baino lehenago. azkena, 7.400 metrotan. Berterretxek ondo gogoratu du laugarren kanpalekura iristeko egin behar izan zuen ahalegina. «Biziki luzea egin zitzaidan. Oso nekatuta iritsi nintzen». Gailurrerako dena prest zutenean ekin zioten azken ahaleginari. 01:00ean abiatu ziren, beren bi xerpekin batera. Baina igotzen hasi orduko, eta 7.600 metrotan, Berterretxek, ahalegina bertan behera uztea erabaki zuen. Xerpa batekin laugarren kanpalekura itzultzea erabaki zuen. «Oinak eta eskuak hoztuak nituen, etak burua altxatzen nuen aldiro, urruti xamar ikusten nituen lagunak. Ni baino azkarrago zihoazen, eta horrela ezin nintzen Manaslura iritsi. Ez nituen hatzak galdu nahi. Neure buruak esaten zidan; «Aski da! Gelditu zaitez, mesedez! Dena eman duzu! Nire lo zakuan egon nahiko nuke». Arburuak eta Sallenberenbordak aurrera jarraitu zuten Dawa xerpa lagun zutela. Ez zen erraza izan Berterretxe bertan uztea, baina ahaleginak merezi zuela erabaki zuten. Eguraldia lagun, azken igoerari ekin zioten. «Eguraldi bikaina izan genuen; haize eta hotz gutxi», gogoratu du Arburuak. Sallenberenbordak ere biziki oroitzen du gau hura. «Maialenek ahalegina bertan behera utzi zuenean,Dawa xerpa, Frederik eta ni geratu ginen. Ez ginen gure artean lotuta joan. Bakoitza bere kasara eta bere erritmoan igoz gindoazen, eta, azkenean, Dawa eta Frederik 08:00etan iritsi ziren tontorrera, eta ni, berriz, 10:30ean».

Helburua lortuz gero, gailurreko uneak izaten dira alpinista gehienentzat berezienak. Aipatu bezala, 2018an Cho Oyura igo eta gero, bigarren zortzimilakoa zuen Arburuak. «Berezia izan zen gailurra zapaltzea. Emaztearekin eta bi haurrekin gogoratu nintzen, batez ere». Arburua baino bi ordu eta erdi geroago iritsi zen Sallenberenborda gailurrera. Bere lehen zortzimilakoa zuen, Cho Oyuko ahalegin antzuaren ondoren. Ez ditu berehalakoan ahaztuko gailurreko azken orduak. «Sentsaziorik bereziena 8.100 metrotara iristean izan zen. Eguzkitan nengoen, ikaragarrizko ikuspegia, sentsazio onak... Jada banekien helburua lortuko nuela, eta gailurrera arte emeki-emeki igo nintzen. Denbora gutxi egon nintzen gailurrean, argazki bat ateratzeko adina».

Hurrengoaren esperoan

Espedizioetako helburuak betetzean, asko izaten dira hurrengoari begira jartzen direnak. Etorkizunerako asmoengatik galdetu, eta ondorengoa argitu du Berterretxek. «Niretzat lehen esperientzia zen, eta abentura izugarria izan da. Niretzat neuretzat ere izugarria izan da. Ez dakit berriz joango naizen. Gogoa badut, eta, gainera, lehen esperientzia bizi ondoren, bigarrena oso modu ezberdinean biziko nuke». Arburua berak ere ez du baztertzen beste behin ere zortzi mila metroko langa igarotzea. «Ia hilabete eta erdi igaro da iritsi ginenetik, eta, orain, lehen gauza da nire familiarekin gozatzea, eta Manasluren gailurrarekin gogoratzea. Halere, mendizaleak gara, eta beti dauzkagu buruan helburu berriak».

Sallenberenbordak ere bere lehen zortzimilakoaz gozatu nahi du denbora batez. Asko kostatu zitzaion gailurrera iristea, eta ez du oroitzapen hori berehalakoan galdu nahi. «Horrelako espedizio bat egiteko, prestakuntza fisiko eta mental handia behar da. Familiarentzako ere inplikazioa handia da. Oraingoz, lorpenaz gozatu nahi dut, eta, etorkizunean, ikusiko dugu berriro ere besteren bat egiten dugun ala ez».

Arburuak eta Sallenberenbordak laudoriozko hitzak izan dituzte Berterretxe espedizio lagunarentzat. Haren lana goraipatu dute: «Indartsua izan da gure sokaldian sartzeko. Bere helburua lortu du, ahal bezain goren iristea. Bere lehen espedizioan 7.600 metrotara igo da oxigenorik gabe, eta hori kontuan hartu behar da. Fisikoki indartsua da, eta, berak duen nortasun handiari esker, goi mendietan diren zailtasunei aurre egin die», nabarmendu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.