Iker Ozkoidi. Lera gidaria

«'Musher' batentzat ezinbestekoa da txakurrak maitatzea»

Iker Ozkoidik bigarrenez irabazi berri du Munduko Txapelketa. Hamarren (Norvegia) lortu zuen txapela, Aurelie Delattre frantziarraren eta Hans Lindahl norvegiarraren aurretik geratuta. Hala, beste mugarri bat ezarri du bere kirol ibilbide ederrean.

BERRIA.
Unai Ugartemendia.
2022ko martxoaren 8a
00:00
Entzun
Lyonen (Frantzia) harrapatu du deiak Iker Ozkoidi (Iruñea, 1979), Norvegiatik etxerako bidean. Autokarabana batean doa, haren hemezortzi txakurrekin batera, eta, etxera iritsi aurretik, Vaqueira-Bereten (Herrialde Katalanak) egingo du geldialdia. Bigarrenez Munduko Txapelketa irabazteak eman dion pozarekin ahaztu nahi ditu kirol horren zailtasunak.

Hamarren (Norvegia) jokatutako Munduko Txapelketatik itzultzen ari zara. Nolako esperientzia izan da?

Uste genuena baino askoz hobeto joan da txapelketa. Azken urteetan Alpeetara edo Norvegiara joan izan gara neguan entrenatzera, baina aurten ezin izan dugu joan, eta Vaqueira-Bereten ibili behar izan dugu gehienbat. Norvegiara edo Alpeetara joan gabe, ez ditugu nahiko genituzkeen entrenamenduak egin, baina, azkenean, gauzak oso ondo atera dira, eta ezin gara kexatu. Ez genuen espero hain ondo ibiltzea. Gainera, nire txakurrekin lehiatzen ibili den lagunak ere, Harkaitz Aizpuruak, laugarren amaitu du haren estreinakoan.

Sei txakurreko lerarekin aritu zara distantzia ertainean hiru egunetako txapelketan. Nolako ibilbidea eta baldintzak izan dituzue?

Egun bakoitzean 43 kilometro egin behar genituen. Lehen egunean, nahiko arraro ibili ginen. Ibilbide erdia ez zegoen egoerarik onenean, baina beste erdia ederki zapalduta zegoen. Hurrengo bi egunetan bi itzuli eman genizkion esprintean aritzeko prestatuta zegoen ibilbideari. Hura bai, egoera bikainean zegoen. Halere, ni askotan joan izan naiz Norvegiara, eta inoiz ez nuen horrelako tenperaturarekin lasterka egin. Ohikoena 15 edo 20 gradu zero azpitik izatea litzateke, eta, oraingoan, bost zero azpitik eta gradu bateko tartearekin lehiatu gara. Norvegian ere nabari da klima aldaketa.

Zailtasun handiak izan al dituzue?

Oso kilometro gutxi eginda iritsi ginen Munduko Txapelketara. Beldurrik handiena zen txakurrei astunegiak egitea ibilbideak. Azkenean, uste baino hobeto heldu diete ibilbideei, eta ez dute oso nekatuta amaitu. Oro har, zailtasun handiagoak izatea espero nuen, baina dena bikain atera da. Ni sei txakurrekin aritu naiz lehian, baina hamabi txakurrekin aritu eta irabazi duenaren oso denbora antzekoa egin dugu. Hor ikusten da txakurren maila. Izugarri gozatu dugu.

Orain munduko txapeldun zara, baina urtarrilean ez joatekotan egon zinen.

Lehen esan bezala, aurten ezin izan dugu nahi bezain ondo entrenatu gai pertsonal batzuengatik. Ezin izan gara kanpoan entrenatu, eta horrelako egoera batean ez zuen zentzu handirik Norvegiara joatea Munduko Txapelketara. Izugarrizko kostua dauka, eta denbora asko behar da, gainera. Ez neukan inolako bermerik txapelketa on bat egiteko, baina federazioarekin eta babeslearekin konpromisoa hartuta neukan, eta horrek bultzatu ninduen Norvegiara joatera. Horrez gain, denboraldian Espainiako Txapelketa eta Frantziako lasterketa batzuk jokatuta nengoen, gehienbat esprint modalitatean, eta denboraldiari amaiera emateko aukera ona ikusi nuen Munduko Txapelketa.

Egoera ikusita, zer asmorekin joan zinen?

Helburu bakarra txakurrek ondo amaitzea zen. Oso ibilbide luzeak dira, eta ezinbestekoa da ondo prestatuta joatea. Haien osasuna da garrantzitsuena. Ez da esprint modalitatean bezala. Horretan, nahiz eta oso ondo prestatuta ez egon, badakizu amaituko dutela. Azkarrago edo mantsoago, baina bukatuko dute. Baina ibilbide ertainean hori ez du inork bermatzen. Gabeziak azkar sumatzen dira horrelako ibilbide luzeetan.

Zuen denboraldia oso motza izaten da. Bost hilabetez entrenatzen zarete, baina bi hilabetez besterik ez zarete lehiatzen. Baina txakurrak urte osoan zaindu behar izaten dituzue.

Irailean hasten gara entrenatzen, baina lehiarako hilabeteak urtarrila eta otsaila izaten dira. Gure kirola ez da eskiaren antzekoa. Haiek, denboraldia amaitzean, eskiak zintzilikatzen dituzte datorren denboraldira arte, baina guk egunero atera behar izaten ditugu txakurrak. Udan ere beti solte egoten saiatzen gara, eta entrenatzea ere tokatzen da askotan. Urte osoko mantenua eskatzen dute: egunero eman behar zaie jana, garbitu egin behar dira, askatu... Hemen ez dugu oporrik izaten, eta oporretara joatean nirekin eramaten ditut. Pentsa, gaur egun 21 txakur ditut. Mendian bizi naiz, eta eremu dezente daukat, eta etxean nagoen aldiro txakurrak libre izaten ditut. Gozatua izaten da haiek libre ikustea.

Nola entrenatzen zara?

Aurtengo txapelketarako ez zegoen entrenamendu berezirik egin beharrik. Oso ibilbide laua zen, eta teknika izatea nahikoa zen. Baina Alpeetan jokatzen diren lasterketetan ezinbestekoa da sasoian egotea. Askotan, eski estazioetako alpinoko pista beltzetatik, alegia, pendiza handiena duten pistetatik igotzea eskatzen digute, eta horietan asko sumatzen da nor dagoen sasoian eta nor ez. Gainera ez da udan korrika ibiltzearen antzekoa. Hemen, neguan eta elurraren gainean aritu behar izaten dugu, eta horrek gauzak asko zailtzen ditu. Mendian korrika egitea izaten da nire entrenamendu garrantzitsuena sasoian egoteko, eta horretan ahalegintzen naiz. Ez naiz asko erotzen entrenamenduekin eta dietarekin, baina sasoian egoten saiatzen naiz.

Zuen kirola beti izan da eztabaidagai askorentzat. Askok diote txakurrek sufritu egiten dutela. Zer duzu esateko?

Lehenik, nirekin eta nire txakurrekin egun bat pasatzera gonbidatuko nituzke. Eta berdin zait egun lasai batera edo entrenamendu batera etortzea. Orduan ikusiko lukete zein ondo elikatuta dauden, zein ondo zaintzen ditugun... Ezin dugu ahaztu txakur hauek kirolariak direla, alegia, atletak direla. Denetik egongo da gure mundu honetan, baina ziurtatzen dizut txakur batek ez badu tiratu nahi edo ez bazaio tiratzea gustatzen eseri eta bertan gelditzen dela. Txakurrek asko gozatzen dute, ez dago irteeratan ikusi besterik. Musher batentzat ezinbestekoa da animaliak asko maitatzea. Animaliak ez badituzu maite, ezin zara musher-a izan. Oso kirol sakrifikatua da. Txakurrengatik eta txakurrentzat bizi gara egun osoan.

Noiz gozatzen duzu gehien txakurrekin?

Askok pentsatuko dute lasterketetan gozatzen dugula gehien, baina ez da nire kasua. Nik lanetik etxera itzuli eta askatzen ditudanean gozatzen dut gehien haiekin. Haiek libre ikustea, haiekin jolastea, jauzika ikusten ditudanean edo haiei begira... Momentu eder horiekin gelditzen naiz.

Lasterketa askotan, txakurrekin bakarrik egoten zara. Nolakoak dira une horiek?

Izugarriak dira. Niri, gainera, asko gustatzen zait haiekin bakarrik entrenatzea. Gehienetan, baso bakartietan entrenatzen gara, eta inguruan ia ez da inor egoten. Bakea eta isiltasuna gertutik sentitzen dira. Oso une bereziak dira. Kirol gutxirekin alderatu daiteke gure kirola.

Lehen ere aipatu duzu oso kirol garestia dela, eta, gainera, ordu asko eskatzen dituela. Askotan pentsatu izan al duzu «nik zer egiten dut kirol honetan»?

32 urte daramatzat kirol honetan, eta uste dut urtero pentsatu izan dudala hori. Oso kirol garestia da, eta nik bi babesle bakarrik ditut: Espainiako Neguko Kiroletako Federazioa eta Stangest [txakurrentzako bitaminak ekoizten dituen enpresa bat]. Baina lehen aipatutako esaldia ez da nik bakarrik pentsatzen dudan gauza bat; uste dut kirol honetan ibiltzen garen guztiok pentsatzen dugula. Gainera, bizi garen lurraldeak ere ez du asko laguntzen. Adibide gisa, irailean, entrenatzen hasten garenean, 05:00etan jaiki, furgoneta hartu eta ordubeteko ibilbidea egin behar izaten dut gutxienez entrenatzera joateko, beroa saihesteko. Urtero horrela da; gutxinaka erretzen joaten zara, eta, nahiz eta txakurrek hainbeste poz eman, ezinbestekoa da «nik zer egiten dut kirol honetan» pentsatzea. Hobe petankan arituko bagina, baina hainbeste maite ditugu txakurrak eta kirol hau...

'Mushing'-aren sehaska Alaska da (AEB). Inoiz ez al duzu pentsatu han probatzea?

Askotan pentsatu izan dut, eta ezin dut ukatu nire ametsa han aritzea dela, baina izugarrizko aurrekontua eta denbora eskatzen du. Guk ez dugu babeslerik horretarako. Alaskara, gainera, ezin zara lasterketa baino astebete lehenago joan, lasterketa egin eta itzuli. Han lehiatzea edo hemen lehiatzea ez da gauza bera. Haiekin ondo lehiatzeko, gutxienez hilabete lehenago han entrenatu beharra dago. Han ere elurretan egiten dute korrika, baina errepidean arituko balira bezala egiten dute lasterka. Oso elur gogorra eta azkarra izan ohi da hangoa. Hemen, txakurrei lan handia eskatzen zaie; han, aldiz, korrika azkarrago egitea eskatzen zaie. Aldea nabarmena da. Hau dena esan ondoren, ziur nago egunen batean hara joaten saiatuko naizela. Ez dakit noiz, baina joango naiz [barrez].

Kirol honetan irabaz daitekeen ia guztia irabazi duzu: bi aldiz izan zara munduko txapeldun, behin Europakoa, Espainiakoa hainbatetan, Pyrena ere irabazi duzu… Nondik ateratzen duzu oraindik lehiatzen ibiltzeko motibazioa?

Bizitza guztia daramat kirol honetan, eta emaitza onak lortzeak asko laguntzen du. Aurreko denboraldiko emaitzak hobetzen saiatzeak asko motibatzen nau oraindik, eta, bestalde, ondoan ditudan lagunen animoak ere mesedegarriak izaten dira motibatzeko. Dena kate bat da. Bestela, ezinezkoa izango litzateke.

Kirol honetan, eskarmentua izatea ezinbestekoa da. Esaterako, Rudy Ropetz alemaniarrak 80 urterekin utzi berri dio lehiatzeari. Zeure burua imajinatzen al duzu urte horiekin oraindik lehiatzen?

Ropetzen kasua oso-oso gutxitan gertatzen den adibide bat da. Urtarrilean oraindik ere Munduko Txapelketan lehiatu edo ez pentsatzen ari zen, baina azkenean ez lehiatzea erabaki zuen adinarengatik [barrez]. Norvegiatik itzultzen ari naizela, hura bisitatzera gelditu naiz, eta esan dit lehiaketak albo batera utziko dituela, baina txakurrekin entrenatzen jarraituko duela. Makina bat da Ropetz. Inoiz ez dut ezagutu horrelako adinarekin hain ondo dagoen inor. Nire kasuan, ez dakit noiz arte jarraituko dudan lehiatzen. Kirol honetan, adinak ez du mugarik, eta, lasterketa ezberdinak egiteko aukera ematen duenez, ezin da ezer baztertu. Exijentzia jaisten joango naiz agian, baina oraindik ere denbora luzean jarraitzea espero dut.

'Mushing'-a bizitzeko modu bat al da?

Bai, nire kasuan, behintzat, bai. Dena baldintzatuta dago. Txakurrak ondo hezteko eta bizitzeko ezinbestekoa da eremu zabal bat izatea, eta, gainera, bizimodua bera errutina bat bihurtzen da: lanera joan, handik itzultzean txakurrak askatu, jaten eman, haien zaintzaz arduratu... Oporretara ere nirekin eramaten ditut. Beraz, pentsa bizitzeko modu bat den ala ez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.