Ukraina, harresi berria

AEBetako eta Errusiako diplomaziaburuak elkarrizketarekin jarraitzearen alde agertu dira, baina lehengoan mantendu dute gatazkarekiko jarrera
Ukrainako bandera, AEBetakoaren eta Errusiakoaren artean, artxiboko irudian.
Ukrainako bandera, AEBetakoaren eta Errusiakoaren artean, artxiboko irudian. JULIAN STRATENSCHULTE / EFE

Mikel Rodriguez -

2014ko azaroak 9
«Mundua Gerra Hotz baten hastapenetan dago. Batzuek diote hasi ere egin dela». Mikhail Gorbatxov SESB Sobietar Errepublika Sozialisten Batasuneko azken buruzagiak egin zituen solas horiek atzo, Berlinen. Gaur beteko dira 25 urte Alemaniako hiriburua 30 urtez banatu zuen harresia bota zutenetik. Sinbolikoki, SESBen eta AEBen arteko Gerra Hotzaren bukaeratzat hartzen da gertakari hori. Ukrainako gatazka dela eta, ordea, eztabaida dago AEBen eta SESBen oinordeko den Errusiaren artean lehia geopolitiko hori berpiztu ote den. Protagonistek ukatu egiten dute, edo, bertzela, elkarri egozten diote hori berpiztu nahi izatea, baina anitzetan ez dituzte paralelismoak saihesten. «Errusiak Ukrainaren aurka egiten dituen ekintzek oroitarazten digutenez, lana daukagu egiteko Europa batu, aske eta baketsua lortzeko», adierazi du, adibidez, Barack Obama AEBetako presidenteak Berlingo Harresiaren eraistearen urteurrenaren harira argitaratutako oharrean.

Testuinguru horretan, urteurrenaren bezperan elkartu dira John Kerry AEBetako Estatu idazkaria eta Sergei Lavrov Errusiako Atzerri ministroa Pekinen, Ukraina mintzagai nagusi izan dutela. Bileraren xehetasun zehatzik ez dute eman. Kerryk azaldu duen bakarra izan da «informazioa trukatzea» eta «elkarrizketarekin jarraitzea» adostu dutela. Lavroven arabera, Kerry eta bera ados paratu dira Ukrainako agintariei eskatzeko konstituzioaren erreforma bat hastea herrialdeko indar guztiekin, apirilean Genevako hitzarmenean bildu bezala. Kerryk ez du halakorik erran jendaurrean. «Gure itxaropena da Minskeko prozesuak jarraitzea, eta denborarekin, posible izatea tropak erretiratzea, muga egonkortzea, eta, oro har, mundu osora bueltatzea egonkortasuna. Baina hori Errusiaren esku dago».

Izan ere, gainerakoan bakoitzak bere jarrerari eutsi dio. AEBetako eta Errusiako diplomaziaburuak duela hiru aste elkartu ziren Parisen. Pekinen, berriz, APEC Asia eta Ozeano Bareko Elkarlanaren bilkuraren harira elkartu dira. Eremu geopolitiko horretako estatuen ordezkariak elkartzen dituen goi bilera bihar eta etzi eginen da. Obama eta Vladimir Putin Errusiako presidentea ere agertzekoak dira, baina ezusterik ezean, ez da espero elkartuko direnik. Azkenekoz, ekainean elkartu ziren une labur batez, Normandian (Frantzia), II. Mundu Gerrako aliatuen lehorreratzea oroitzeko ekitaldian.

Irailaren 5ean Ukrainak, hego-ekialdeko matxinoek, ESLA Europako Segurtasun Lankidetzako Antolakundeak eta Errusiak protokolo bat sinatu zuten Minsken. Horren arabera, su-eten bat ezarri beharko litzateke berehala, eta negoziazio baterako baldintzak sortu. Halakorik ez da gertatu, eta AEBen eta Errusiaren jarrerek lehengoan segitzen dute: AEBentzat, Ukrainan botere aldaketa legitimo bat gertatu zen otsailean, eta hortik aitzinera Errusiak esku hartu du —bai zuzenean, bai matxinoei lagunduta— Ukraina Mendebalderantz hurbil dadin oztopatzeko, eta mehatxu bihurtu da Europa ekialdearentzat ere; Errusiarentzat, AEBek indar faxistek bultzatutako kolpe bat babestu zuten otsailean, Mendebaldearen aldeko gobernu bat ezartzeko, eta NATO Europa ekialdera hedatuta mehatxu egiten dio.

Errusiako 32 ibilgailuak

Bi potentzia handien artean, beraz, Ukraina bihurtu da Mendebaldea eta Ekialdea bereizten dituen harresi berria, tentsioen erdigunea. Andri Lisenko Ukrainako armadako bozeramaileak herenegun adierazi zuen Errusiako 32 ibilgailu militar sartu zirela matxinoen lurretan. Mendebaldeko hedabide nagusietan berehala titulu handiak hartu zituen berriak. «Jen Psaki [AEBetako Estatu Departamenduko bozeramaileak] ere erran du ez duela horren berririk. Hark ez badu, nik ere ez», erantzun zien Lavrovek kazetariei atzo.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna