Jaume Ripoll. Filmin plataformaren sortzailea eta zuzendaria

«Konplizitatea bilatzen saiatu gara»

Hamar urte bete dira Filminek lehen harpidetza egin zutenetik. Otsailean, Filmin Euskaraz kanala sortu zuten. Ripollek itxaropena du udazkenean Europako filmak euskarazko azpidatziekin gaineratzeko.

FILMIN.
urtzi urkizu
2020ko ekainaren 4a
00:00
Entzun
Duela hamahiru urte Filmin sortu zuenean bere apustuan inor gutxik sinesten zuela aitortu du Jaume Ripollek (Palma, Herrialde Katalanak, 1977). Cameo DVD konpainiatik sortu zuten.

Zer moduz zihoan urtea Filminentzat koronabirusa iritsi aurretik?

Oso ondo. Interneteko streaming plataformak azkenaldian goranzko joeran dira, eta hartzaile asko konbentzitu dituzte. Otsailean, Parasite filma katalogora eramatea lortu genuen, Oscar sariak irabazi berritan. Aurretik, azaroan akordio bat egin genuen Metro- Goldwyn-Mayerrekin. Eta, gero, martxoan Universalekin egindako akordioa gauzatu zen. Horrek guztiak lagundu digu iaz genituen harpidedun kopuruak sendotzen.

Konfinamenduan asko hazi da streaming bidezko plataformen kontsumoa. Zuek nola saiatu zarete jendearengana iristen?

Berezitasuna eta ezberdintasuna dira gure indargunea. Canal Cuarentena sortu genuen, eta horrek ikusleari lagundu nahi zion konfinamendua ulertzen. Ikusleen konplizitatea lortzen saiatu ginen. Saiatu gara industriarenkonplizitatea ere bilatzen; zenbait jaialdik ezin izan dituzte pelikulak aretoetara eraman, eta guk Interneteko bidaian lagundu diegu. Egunotan, esate baterako, emakume zinemagileen jaialdiko lanak ari gara ematen. Saiatu gara banatzaileen konplizitatea ere lortzen; adibidez, Asamblea filma zuzenean iritsi da Filminera, aretoetatik pasatu gabe. Osagai horiek balio izan dute erakusteko Filmin beste plataformen aldean desberdina dela.

Maiatzaren 19tik 31ra DocsBarcelona jaialdia Filminen ikusi ahal izan zen. 130.000 ikus-entzule baino gehiago izan dituzue. Zer balantze egiten duzue?

Jaialdikoak oso pozik daude, eta gu ere bai. Egun bakoitzean ikusleak adi zeuden ea jaialdiak zer lan estreinatuko. Europan egin diren Internet bidezko beste dokumentalen jaialdi batzuekin alderatuta, DocsBarcelonak ikusle gehiago izan ditu.

Otsailean, Filmin Euskaraz kanala sortu zenuten. Orduan aipatu zenuen Europako zenbait pelikula euskarazko azpidatziekin gaineratuko zenituztela hilabete gutxiren bueltan. Nola dago aukera hori?

COVID-19ak bertan behera utzi du hori guztia. Telelanean aritu behar izateak eta distantzia geografikoak galarazi digu zenbait proiektu aurrera eramatea. Ez dugu aukerarik izan horretarako, baina espero dut udazkenean proiektuari berriz ekiteko moduan aurkitzea.

Filmin Euskaraz kanala jaio zenean, zuekin harremanetan jarri al ziren Eusko Jaurlaritza, erakundeak edo ikus-entzunezko sektoreko eragileak?

Bai, ikus-entzunezko munduko jendea gurekin jarri zen harremanetan. Kasu batzuetan, azpidatziak partekatzeko borondatea erakutsi zuten. Giza Eskubideen Zinema Jaialdia eta Donostiako Zinemaldia ere jarri ziren gurekin harremanetan. Ziur nago uda ostean kontaktu horiek berreskuratuko ditugula. Bestalde, uztailaren 12an hauteskundeak izango dira, eta horren ostean ikusi beharko da ea Jaurlaritza berria prest egon daitekeen gurea bezalako proiektu bati laguntzeko.

Ipar Euskal Herrian eta Frantzian ezin da Filminen harpidetza egin. Egoera hori aldatzeko modurik egongo al da?

Europako legediaren arabera, estatu batean egin dezakezu harpidetza eta zerbitzua beste estatu batean kontsumitu. Baina gaur egun, estatu batean bazaude ezin duzu beste estatuko plataformako harpidetza egin. Muga horren eraginez, Frantzian ezin da Filmineko harpidetza egin. Eskubideen auzi bat da, eta zaila izango da guretzat hori aldatzea.

Zenbait adituk aipatzen dute plataformen burbuila leher daitekeela edozein unetan. Hori gertatuko balitz, Filmin egoerari aurre egiteko moduan egongo litzateke?

Publikoak badaki zer topatuko duen Filminera iristen denean, beste konpainietatik bereizita gaude, eta horrek gure alde jokatzen du. Beraz, burbuila lehertuko balitz, nahiko babestuta egongo ginateke alde horretatik. Gure negozio bolumena ez da hain handia, eta ez ditugu milioika harpidedun behar. Baina egia da erraldoiekin ari garela lehian: gu hor gaude, eta lortu behar dugu ikusleak zerbait ikusi nahi duenean Filmin izatea haren lehen aukera. Jaialdiek, telesailek eta filmen inguruko ekitaldi digitalek laguntzen digute, baina dena landu beharra daukagu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.