Reala 2. Betis 1

Irabazteak balio zuen

Lehen zatian erakutsitako eraginkortasunari esker, balio bikoitza duen garaipena lortu du Realak Betisen aurka.

Prietok eta Iñigok egin dituzte etxekoen golak
Xabi Prieto Realekoa buruz errematea egiten Betiseko bi jokalariren aurrean, atzo, Anoeta estadioan, 1-0eko jokaldian.
Xabi Prieto Realekoa buruz errematea egiten Betiseko bi jokalariren aurrean, atzo, Anoeta estadioan, 1-0eko jokaldian. JON URBE / ARGAZKI PRESS

Jon Eskudero -

2016ko urtarrilak 31
Reala. Rulli; Aritz (Zaldua, 46. min.), Mikel Gonzalez, Iñigo, Hector; Illarramendi, Ruben Pardo (Bruma, 74. min.), Xabi Prieto; Vela, Oiartzabal (Markel Bergara, 56. min.) eta Jonathas.

Betis. Adan; Molinero (Wolfswinkel, 46. min.), Bruno, Pezzella, Varela (Dani Ceballos, 72. min.); N'Diaye, Petros; Cejudo, Fabian (Joaquin, 46. min.), Portillo; eta Ruben Castro.

Golak. 1-0. Xabi Prietok (18. min.). 2-0. Iñigok (33. min.). 2-1. Ruben Castrok (51. min.).

Epailea. Prieto Iglesias. Txartel horiak: Realeko Pardori; eta Betiseko Molinerori, Portillori, Cejudori eta Joaquini.

Bestelakoak. 15.877 ikusle Anoetan.

Irabazi, eta ondo irabazi. Balio bikoitzeko garaipena lortu zuen atzo Realak Anoetan, Betisen aurka. Pasa den jardunaldian Gijonen egurra hartu eta asteak luze jo ondoren, suspertzeko erarik onena topatu zuten txuri-urdinek. Zaleen aurrean, gainera. Bakeak egiteko modua izan zuten jokalariek, beraz. Intentsitatez jokatu zuten, eta ematen zuen lan erdietarako bideratuta zutela lehia. Atsedenaldia heldu aurretik 2-0 aurreratu baitzen Reala. Ordea, bigarren zatiaren hasieran gola egin zuen Betisek, eta hiru puntuak lortzeko sufritu egin behar izan zuten etxekoek. Hori bai, merezi izan zuen sufritzeak, benetan garaipen garrantzitsua lortu baitzuten.

Neurketaren lehenengo minutuetan antzeman zen futbol gosez zegoela Eusebioren taldea. Gijongo okerrak zuzendu nahian, erritmo bizian zelairatu zen, eta batez ere Oiartzabalek eta Velak buruhauste franko sortu zizkien Betiseko defentsako jokalariei. Realarena zen baloia, eta Pardoren zein Illarramendiren gidaritzapean ongi jokatu zuen. Lerroartean bikain mugitu ziren aurrelariak. Halere, gol aukerak sortzea kosta egin zitzaion etxeko taldeari. Hori bai, eraginkortasun aparta azaldu zuen, partidako lehen gol aukeran 1-0ekoa egin baitzuen. Ezker hegalean Oiartzabalek eta Hectorrek jokaldi ona osatu, azken horrek erdiratu eta buruz bikain egin zuen errematea Xabi Prietok, 18. minutuan. Une zailetan, nor eta kapitaina agertu zen.

Gol horrek lasaitasuna eman zion Realari. Bestelako arnasa. Baina ez zen besoak gurutzatuta geratu. Bere horretan jarraitu zuen. Betisek susperraldi txiki bat erakutsi zuen, baina hutsaren hurrengoa. Nagusi zen Reala. Oso nagusi. Hala, orduerdia ondo igarota 2-0ekoa egin zuen Iñigok. Arearen eskuin aldetik falta erdiratu zuen Pardok, eta atzetik aurrera sartuta fin ibili zen ondarroarra. Indartsu agertu zen, eta amorruz ospatzeko gaia ere azaldu zuen. Ez zen gutxiagorako. Golak egiten abilezia erakutsi izan du beti, baina atzokoa izan zuen aurtengo denboraldiko lehen gola.

Jaitsiera postuak, urrunago

Bazirudien bigarren zatian festa moduko bat bizitzeko aukera izango zuela Donostiako taldeak, baina bai zera. Jokoan hasi orduko Ruben Castrok bete-betean sartu zuen partidan Betis. Hectorren akatsa baliatuta, 2-1ekoa egin zuten espainiarrak. Orduan, Markel zelairatu zuen Eusebiok, Oiartzabalen ordez, eta erabaki ona izan zen. Harrobikoa izan zen txuri-urdinik onena, bizitasuna eta ausardia agertu baitzuen, baina Markelek sendotasuna eman zion taldeari. Aski izan zen hiru puntuak etxean geratzeko. Bide berean jarraitzea tokatzen da. Jaitsiera postuak behintzat, urrunago daude.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna