Sanantolinak Lekeition

Nork iraungo gehien

Lekeitioko jaietako egunik garrantzitsuena izango dute gaur, Antzara Eguna. Eguerdian jakingo da parte hartzaileen zenbatekoa
Lekeitioko jaietako ekitaldi nagusia izaten da antzararen jokoa.
Lekeitioko jaietako ekitaldi nagusia izaten da antzararen jokoa. GORKA RUBIO / FOKU

Lander Muñagorri Garmendia -

2018ko irailak 5
Sanantolin jaien barruan, egun batek garrantzi berezia dauka Lekeition (Bizkaia): Antzara Egunak. Eta egun horretan, antzara jokoa da protagonista nagusia. Portua alderik alde zeharkatzen duen soka bat jarrita egongo da arratsalderako, eta bertan, erdian, hildako edo gomazko antzara bat zintzilik. Parte hartzaileak txalupaz joango dira, nor bere lagun taldearekin, eta antzararen azpian jarriko dira. Lepotik helduko dute, eta sokaren alde batetik tira egingo dute lehorretik. Orduan, zintzilik dagoen parte hartzailea gora eta behera hasiko da, eta horrela, nork gehiago iraungo eta nork antzararen lepoa eskuratuko, hori izango da irabazlea aukeratzeko ezinbesteko baldintza. Joko horrekin ospatuko dute Lekeition jaietako egunik jendetsuena.

Eguerdian jakingo da zenbat lehiakidek hartuko duten parte urterik urte errepikatzen den jokoan. Joan den urtean, 83 ontzik hartu zuten parte antzararen jokoan; haietatik 47k hildako animalia bat erabili zuten, eta 36k, gomazkoa. Urterik urte, gero eta parte hartzaile gehiagok egiten du gomazko aukeraren alde. Datu horiek, beraz, gaurko parte hartzearen zenbatekoa irudikatzeko balio dezakete. Antzarak izango du protagonismo berezia, baina, hala ere, nasapuntakoa edo kontzertuak ere izango dira arratsaldean. Tex & Sun Flower Seed japoniarrak Xabi Solanorekin batera igoko dira taula gainera, eta horren ostean Oxabiren erromeria egongo da.

Jendetza bilduko da antzara jokoaren eraginez, eta, ondorioz, Lekeitioko herrigunea itxita egongo da, 11:00etatik 18:00 arte. Segurtasun plan bat ere martxan jarri dute, eta, udaleko iturrien arabera, iazko planaren antzekoa izango da.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna