Albistea entzun

Beroak ondorio ugari

Alpeetan aurtengo udan izandako tenperatura beroek bizkorrago urtarazi dute izotza. Gero eta ohikoagoak dira luiziak mendian, eta, arriskuak saihesteko, mendizaleek ohiturak aldatu behar izan dituzte.
Mont Blanc mendiaren itxura, XX.mendean eta gaur egun.
Mont Blanc mendiaren itxura, XX.mendean eta gaur egun. ZURICHEKO LIBURUTEGIA - DUNDEEKO UNIBERTSITATEA Tamaina handiagoan ikusi

Beñat Mujika Telleria -

2022ko irailak 20

Glaziarren urtzea klima aldaketaren ikur bilakatu da. Lausanako Unibertsitateko eta Basileako Unibertsitateko (Suitza) ikertzaileek egiaztatu dute azkeneko hamarkadetan zuhaitz lerroaren gainetik dagoen landaredia ia %80 hazi dela Alpeetan. Tenperatura gora joan ahala, izotz gutxiago dago, eta, ondorioz, gero eta berdeagoak izango dira Alpeak. Azken hamarkadetan, asko bizkortu da izotza urtzeko prozesua, eta horrek denak eragin handia izan du mendizaleen jardunean.

Ainhoa Lendinez (Elgoibar, Gipuzkoa, 1981) Alpeetan izan da aurtengo udan. Abuztuaren 17an abiatu zen, eta zortzi egun igaro zituen han. Besteak beste, Gran Paradison (4.061 metro) eta Monte Rosan (4.634 metro) izan da. Eguraldi «txarra» egin zien aurreneko egunetan, euri zaparradak eta hotza, batez ere. Mendizalea da afizioz, eta kazetaria ofizioz; bazekien nora zihoan. «Argi geneukan baldintza zailak izango zirela; asko zabaldutako arrakalak, elur gutxi... Horregatik joan ginen lehendabizi Gran Paradisora, egokitzeko asmoarekin».

Han topatutakoa, ordea, ez zuen inondik inora espero. «Himalaian geundela zirudien, zeuden arrakala horiekin. Gu baino handiagoak ziren; ez dut sekula horrelakorik ikusi Alpeetan». Adituentzat Gran Paradiso da lau mila metro dituzten mendietan errazenetakoa Alpeetan. Lendinezi, ordea, gogorra egin zitzaion: «Normalean mendi erraz bat dena oso baldintza zailetan topatu genuen».

Bi egun geroago, Juan Vallejo (Gasteiz, 1970) mendi gidariarekin geldituta zegoen, egoera ikusita «aukera ona» iruditzen zitzaielako. Entrevesko Hertzan eta Rocheforten aritu ziren, besteak beste, eta Lendinezek «asko» gozatu bazuen ere, ezin izan zion utzi aurreko urtean ikusitako paisaiarekin alderatzeari. Iaz ere inguru horietan ibili zen Lendinez, eta paisaia «zeharo desberdina» zela azpimarratu du. «Glaziar zoragarri bat zena zabal-zabalik topatu dugu aurten. Urte batetik bestera egondako aldaketak aho bete hortz utzi gintuen», adierazi du. Monte Rosara ere joan ziren, eta aurretik jasotako informazioa bere begiekin baieztatu zuen: «Glaziarrak oso goian zeuden. Kranpoiak lehen jartzen zenituen tokitik bi edo hiru ordura jartzen dituzu orain».

Vallejok, ordea, ez du «hainbesteko» aldaketa ikusi urte batetik bestera: «Askotan ibiltzen naiz mendian. Esan ohi da gurasoek ez dutela igartzen beraiekin bizi den haurra hazten ari dela, eta niri gauza bera gertatzen zait mendien egoerarekin». Hala ere, hamarkada desberdinetako argazkiak hartuta «argi eta garbi» ikusten ditu aldaketak. «Lehen, arazorik ez zegoen bideetan; orain, ordea, luiziak daude, eta gero eta gehiago ikusten dira.

Arriskuak gora egin du

Lendinez eta Vallejo bat datoz mendian egon daiteken arriskuaz. Vallejok argi dauka «arriskutsua» dela lehen ondo zeuden bide batzuetara joatea, orain «oso gaizki» baitaude. Mendira joan aurretik, Lendinezek «askotan» galdetzen die adituei ea beretzako moduko mendiak diren, ahal dela arriskuak gutxitu nahi baititu. «Lehen ere neurriak hartzen nituen, baina orain, gero eta gehiago».

Uztailean hamar mendizale hil ziren Marmoladan, Dolomitetan, izotz bloke handi batek harrapatuta. Eñaut Izagirre glaziologoa da (Elgoibar, Gipuzkoa, 1980), eta munduko glaziarrak ikertzen aritzen da. Haren iritziz, horrelakoak «gero eta gehiago» gertatuko dira. «Tenperatura altuek permafrosta urtzen dute [izoztutako lurzorua], eta, izotza urtuz doan heinean, glaziarra ezegonkorra bihurtzen da». Azkenean, «ahuleziaren ondorioz», erori egiten dira izotz bloke horiek.

Lendinezi «zer pentsatua» ematen diote horrelako albisteek, batez ere aurrez bertan egon baita. Argi dauka horrelako albisteak entzunda «normala dela» beldurra izatea. Hark ere ikusi ditu Mont Blanc inguruan luiziak, eta ikusten ez zirenak «oso erraz» entzuten omen ziren. Hala ere, argi dauka horrelako arriskuak nola murriztu. Mendian zailtasunak «bakoitzaren araberakoak» dira, baina «ondo prestatuta» joateari garrantzi handia ematen dio: «Eguraldia begiratu, oinetako aproposak eraman, adituei jaramon egin...».

Aurten, Mont Blanc eta Cervino (4.478 metro) mendietako bide nagusiak itxita egon dira hilabete inguru. Vallejo Mont Blancera joatekoa zen astebetez, baina bertan behera utzi behar izan zuen irteera, «badaezpada». Hala ere, argi dauka haiek ere «egokitu» egingo direla.

Eguraldiak asko baldintzatzen du mendizaleen jarduna. Adituak «gero eta lehenago» joaten dira mendira, eta hori da mendizaleei egiten dieten gomendioa: «Abuztuan egiten zena orain ekainean egin beharra dago», adierazi du Vallejok. Izagirrek ere gomendio bera darabil ahoan: «Gaur egun, lehenago joan behar da mendira, eta eguneko ordurik beroenak saihestu».

Beroa ez da arrazoi bakarra

Aurten marka guztiak hautsi dira udan. Berotze fase desberdinak izan dira, eta urtze prozesua aurreratu egin da. Udan 3.000 eta 3.500 metro artean kokatu dira 0 graduak Alpeetan. Eta uztailean, 5.000 metrotik gora: hau da, «Mont Blanc baino garaiago [4.809 metro ditu]». Horrela urtzen da izotza pixkanaka-pixkanaka, eta luiziak gertatzeko arriskuak «areagotu» egiten dira.

Aurtengo udako datuak muturrekoak dira; bai datu klimatikoak, baita glaziarren masa balantzean ikusitakoak ere. «Normalean, Alpeetako glaziar bat metro eta erdi inguru mehetzen da urtean, eta, aurten, hiru metro baino gehiago urtu da». Hau da, mehetze prozesua «hirukoiztu» egin da aurtengo udan, baina Izagirreren arabera, ez da «udan izandako berotearen kontua soilik».

Neguan elur «gutxi» erori zen, eta ohi baino lodiera txikiagoa izan du hango elur geruzak; «erdia, gutxi gorabehera». Bestalde, kontuan hartu behar da udaberrian Mendebaldeko Saharatik hautsez beteta etorritako hainbat haize bolada iritsi zirela. «Horrek elurra iluntzen du, eta elurrak eguzki erradiazioa islatzeko daukan ahalmena murriztu. Xurgapen gehiago sortzen da horrela, eta izotz azala gehiago berotzen da», esan du Izagirrek

Gaur egun, 4.000 glaziar inguru daude Alpeetan, eta, baldintza klimatiko berriekin, «desorekan» daude. Horiek horrela, 2.100erako Alpeetako glaziarren %90 desagertuko direla iragarria dute. Izagirreren iritziz, «kutsatzearen arabera, klimak joera bat edo beste bat hartuko du». Desagertze prozesu hori ezingo da gelditu, baina posible da «ahalik eta gehien» atzeratzea. «Irtenbide bakarra da inertziaz galduko den horri muga bat ezartzea».

Mendizaleak ez dira beren jarduna aldatu behar izan duten bakarrak. Ikerlariek ere aldatu dute beraiena, berotze globalaren ondorioz. Alpeetako glaziarrak metro eta erdi mehetzea espero zen, eta «tarte horretarako gailuak erabiltzen zituzten orain arte». Aurten, berriz, hiru metrora iritsi dira, eta «grafikoak eta eskalak handitu» behar izan dituzte neurketekin jarraitu ahal izateko. «Orain arte ezezagunak diren neurketa batzuk erabili beharko dira hemendik aurrera», aitortu du glaziologoak.

Zuriaren tokian, berdea

Berotze globalak aurrera egin ahala, Alpeak gero eta gehiago igaroko dira zuritik berdera. «Mendi berdeek eguzki argi gutxiago islatzen dute, eta, beraz, beroketa handiagoa eragiten dute, eta elur islatzailearen geruza gehiago murriztu», azaldu du Eizagirrek.

Alpeetako glaziarrak urtzen ari diren heinean, gero eta gorago egiten dute altueran, eta goi mendiaren azken adierazle moduan gelditzen dira. Izotzak galtzen duen toki hori begetazioak hartzen du gero, eta hori ere «ez da albiste ona» Izagirrerentzat. «Energia gehiago hartuko du, eta ingurua gehiago berotuko du. Ondorioz, elur gutxiago egongo da», adierazi du. Amaitzen ez den sorgin gurpila da; glaziarrek, ordea, badaukate amaiera data.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©JON URBE / FOKU

«Soilik izozmendiaren punta ikusten da garaipenarekin»

Beñat Mujika Telleria

Lehenengoz hartu zuen parte Helene Alberdik nazioarteko triatloi batean, joan den asteburuan. Europako Txapelketa Bilbon jokatu zen, eta urrea kolkoratu zuen.
Juan Cruz Osasunako atzelaria eta Alexander Sorloth Realeko aurrelaria, lehian, aurreko denboraldian Anoetan jokatutako partidan. ©JAVIER ETXEZARRETA / EFE

Komeni indarberritu izana

Iñigo Lasa Fresneda

Realak eta Osasunak gaur ekingo diete norgehiagokaz betetako bost aste gogorri. Talde txuri-urdinak Gironan jokatuko du, eta gorritxoak Real Madrili egingo dio bisita

Masterseko finalerdiak jokatu zituzten herenegun gauean Nafarroa Arenan. 1.500 ikusle izan ziren harmailetan. Gehiago izango dira gaur finalean. ©JESUS DIGES / EFE

Udari txapela jarri nahi diote

Julen Etxeberria

Ezkurdia-Mariezkurrena eta Altuna-Imaz ariko dira gaur Masterseko finalean, Nafarroa Arenan

Alavesek ezin du burua altxatu, eta 0-4 galdu du Vila-realen kontra

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...