ERREGELAMENDUA

2019ko otsailaren 15a
00:00
Entzun
Aretoetako artisten gelek izan beharreko ezaugarriak, sarreretan zehaztu beharreko informazioa, aparkalekuei lotutako kontuak, segurtasun zerbitzuak bete beharreko baldintzak eta beste hainbat kontu finkatzen ditu jendaurreko ikuskizunen eta jolas jardueren lehen erregelamenduak. Hauek dira puntuetako batzuk:

Sarreren salmenta

Prezioa. Antolatzaileek aukera dute sarrerei edo abonamenduei nahi duten prezioa jartzeko. Hala ere, dekretuak debekatu egiten du erabiltzailearen jatorriaren, arrazaren, sexuaren, erlijioaren, iritzien, desgaitasunen, sexu orientazioaren, genero identitatearen edo erabiltzailearen ezaugarri pertsonal edo sozialen baten arabera prezio ezberdina finkatzea.

Baimenak

Toki itxietan. Toki itxi batean ikuskizun publiko bat edo jolas jarduera bat antolatu ahal izateko, aurrez baimen espezifikoa beharko da, baldin eta lokal horrek ez badu zinemari, musikari, antzerkiari eta beste hainbat arlori lotutako jarduerak eskaintzeko gaitzen duen titulurik. Baimen horiek ikuskizun publiko zehatzetarako emango dira, eta mugatuta egongo dira: urtean, gehienez, hamabi, eta hilean inoiz ez bi baino gehiago.

Toki irekietan. Kalean edo espazio publikoren batean ikuskizunen bat egin nahi izanez gero, baina horretarako azpiegitura finko, behin-behineko edo desmunta daitekeenik behar ez izanez gero, aurretiazko baimena eskatzeko obligaziorik ez du jartzen dekretuak, baina udalerri bakoitzeko araudia hartu beharko da kontuan.

Ordutegiak

Ixteko ordutegiak. Ikuskizuna egingo den aretoak ixteko ordutegia finkatzen du: aire zabaleko kultur eta arte jardueretako tokiak, dastalekuak, ogitartekoen tabernak, izozki dendak, kiosko-tabernak eta antzekoak 23:00etarako itxi beharko dira; kontzertu aretoak, kultur eta arte jardueretarako toki itxiak, kirolerako azpiegiturak eta abar, 1:00etarako; pub eta taberna bereziak, 2:30erako; eta dantzalekuak, 4:30erako. Ordutegi horiek ordu eta erdi luzatu daitezke ostiraletan, larunbatetan eta jaiegunen bezperan. Jaietan jartzen diren txosnek horretarako gaitzen dituen baimenean ezarritako ordutegia izango dute, eta tokiaren ezaugarriak, sortzen duten kanpo eragina eta gainerako establezimenduei jartzen zaizkien ordutegiak hartuko dira kontuan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.