Botereak sortutako hiriburuak

Indonesia hiriburu berria eraikitzen hasiko da urte amaieran, ezer ez dagoen leku batean. Munduan antzeko adibide ugari daude, eta irizpide ezberdinak baliatu dira erabaki hori hartzeko: herrialdeko garapena orekatzea ala populazioa kontrolatzea. Baina, ezeren gainetik, erabaki politikoa izan ohi da.

Izenik gabe. Indonesiako hiriburua Jakartatik Borneo uhartera eramateko asmoa azaldu du gobernuak. EFE.
Lander Muñagorri Garmendia.
2020ko maiatzaren 6a
00:00
Entzun
Jakarta hondoratzen ari da. Indonesiako hiriburuak arazo estrukturalak ditu, eta urte luzez horiek konpontzen saiatu dira hango agintariak. Baina hiria hazkunde demografiko handia izaten ari da, eta, ondorioz, Joko Widodo presidenteak zirt edo zart egin du: Borneo uhartean hiriburu berri bat eraikiko du. Iaz eman zuen erabakiaren berri, eta aurten urtea amaitzerako jarriko dira martxan lanak. Ezer ez dagoen leku batean hiriburu bat sortuko dute, iraganean besteak beste Brasilek egin zuen bezala. Apirilean bete ziren 60 urte Brasilia hiriburu izendatu zutenetik, eta antzeko adibideak bata bestearen atzetik zerrendatu daitezke. Arrazoi ugari daude hiriburu berriak sortzeko, baina denek daukate oinarri bera: politika.

«Hiri bat egitea politika egitea da». Ula Iruretagoiena arkitektoa eta EHUko irakaslea da, eta hirigintzaren inguruko hausnarketak argitaratu izan ditu. «Espazioaren banaketan, badaude zenbait erabaki atzean ideologia bat dutenak; pentsamendu horiek bizitzeko modu bat eta bizitza hori antolatzeko moduan eragiten dute». Eta hori da hirigintzaren puntu garrantzitsuetako bat, haren arabera: hiriguneak nola antolatzen diren, eta horrek herritarrei beren egunerokoan nola eragiten dien. Hirigintzako erabaki oro politikoa dela esan du Iruretagoienak, baina hutsetik hiriburu bat sortu behar denean hori are agerikoagoa dela dio. «Beti sortu behar duzu diskurtso bat defendatzeko hirigintza zergatik den politikoa, baina hutsetik planifikatzen diren hirietan oso agerikoa da hori». Hiriburu berriak eraikitzea erabaki izan duten agintari askoren asmoa herrialdeko politikan eragitea izan baita, arrazoia edozein dela ere.

Asmo hori argi ikusi daiteke, esaterako, Brasilian eta Abujan. Brasilgo eta Nigeriako hiriburu berriak herrialdearen erdigunean kokatzea erabaki baitzuten helburu argi batekin: bi herrialdeetako kostaldeak barnealdea baino garatuago zeuden, eta hiriburu berria eginez lurraldearen garapena orekatu nahi izan zuten. Nigeriaren kasuan, gainera, gerra zibil batetik atera berritan, batasun nazionala bermatzeko asmoz ere hartu zen erabaki hori. Hiriburu bat hutsetik eraiki zen, beraz, herrialdearen beraren egituraketa birdefinitzeko.

XX. mendean amaitu zen kolonialismoak herrialde horien lurralde antolaketan itzal luzea utzi zuen. Kolonietako hiri garrantzitsuenak kostaldean eraiki ziren arrazoi komertzialen eraginez, eta, horren ondorioz, barnealdeak ez ziren hainbeste garatu. «Desoreka hori oso ohikoa izan da, eta, beraz, lurraldea orekatzeko asmoz erabaki izan da hiriburuak barnealdean eraikitzea», Itziar Aguado EHUko Geografia Saileko irakaslearen arabera. Baina barne oreka horrez gain, iraganean kokaleku zentralak garrantzi handia izan zuen halaber: herrialdearen edozein puntutatik hiriburura iristeko antzeko erraztasunak izateak garrantzia zeukan.

Irizpide aldaketa

Herrialdea egituratzea erabaki politikoa baita, arestian aipatu bezala. «Hiriburuak non kokatu, hori erabaki politiko bat da, eta beti izan da horrela. Eta horretarako aldagai ezberdinak hartu izan dira kontuan», Aguadoren hitzetan. Gaur egun, adibidez, irizpide horiek aldatu egin direla zehaztu du. Brasilen eta Nigerian herrialdearen garapena orekatzeko hartu zuten erabakia, eta gaur egun populazioa orekatzeko hartu izan dira halako neurriak. Indonesian klima aldaketatik babesteko neurri gisa hartu da erabaki hori, baina baita Jakartako demografia hazkunde handia apaltzeko ere. Egipton hiriburu berria Kairotik 45 kilometrora eraikitzeko asmoaren atzean ere herrialdeko populazioa orekatzeko arrazoia dago.

Mundu mailako hazkunde demografikoa gaur egun hego hemisferioko herrialdeetan gertatzen ari da, eta, horregatik, etorkizunean hiriburu berriren bat eraikitzen bada han eraikiko dutela uste du Aguadok. Baina halako neurri batek gastu ekonomiko handia eskatzen du, eta horregatik antzeko adibide gehiago sortzea zaila izango dela dio. Nahiz eta gaur-gaurkoz hiru proiektu martxan egon Indonesian, Egipton eta Ekuatore Ginean.

Dena den, hiriburu berriren bat eraikitzen bada, gaur egun hiri humanoagoak egingo direla uste du Iruretagoienak; edo hala beharko lukeela, behintzat. Autoek garrantzia galduko lukete hiri horietan, garraio publikoak eta oinezkoentzako bideek pisua irabaztearekin batera. Energia modu propioan eta eskala txikian sortuko litzateke, eta hiriak jasangarriagoak izango liratekeela dio. Bizitzeko atseginagoak.

XX. mendean hutsetik sortu ziren hiriburu batzuetan gertatu ez zen bezala. Garaian garaiko arkitekto garrantzitsuenek hiriak planifikatu zituzten, «baina ez ziren maila humanoan proiektatu», Iruretagoienaren ustez. Hiriak funtzioen arabera banatu zituzten, eremu bakoitzean zer egingo zen ondo markatuz. Brasilian, adibidez, eraikin administratiboak erdigunean jarri ziren, eta haien inguruan etxebizitzak egin ziren. Errepideari zentralitatea eman zitzaion, garai hartan automobilen bidezko mugikortasunak garrantzia zuelako. Baina eredu horrek huts egin duela uste du. Hiriburu berriak sortzen badira, arrazoia edozein dela ere, herritarren beharretik hasi behar dela dio. Hori ere politika baita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.