Bilboko ez-jaiak

Lehen lerrotik bizi izandakoa

Marijaiarekin batera, Bilboko Aste Nagusiko ikur dira pregoilaria eta txupinera. Loli Astoreka eta Aitziber Zalbide 2000. urteko protagonistak izan ziren. Emozioz gogoratzen dute hamar eguneko «aste» hura. Ondorengoei ohartarazi diete: «Bitaminak hartu irauteko».

Betirako ikur. 2000. urtean izan ziren Loli Astoreka eta Aitziber Zalbide pregoilari eta txupinera. MARISOL RAMIREZ / @FOKU.
Zihara Jainaga Larrinaga.
Bilbo
2020ko abuztuaren 26a
00:00
Entzun
Atzo hogei urte bete ziren Plaza Barriko balkoira pregoia irakurri eta suziria botatzera atera ginenetik», esan du iritsi berritan Aitziber Zalbidek. Abuztuaren 20a da; Bilbok jaien prestaketetan murgilduta behar luke pandemiagatik ez balitz, baina turista talde txikiek ordezkatu dituzte Arriaga plazan txosna muntaketan ibiltzen diren konpartsakideen joan-etorriak.

Hain zuzen, Marijaiak, pregoilariak eta txupinerak Arriaga antzokiko balkoitik ematen diote hasiera Aste Nagusiari urtero. 2000. urtera arte, baina, Plaza Barritik, Euskaltzaindiaren egoitzatik hasten ziren jaiak. Handik eman zieten hasiera festei Loli Astorekak (Bernagoiti, Zornotza, Bizkaia, 1958) eta Aitziber Zalbidek (Areeta, Getxo, Bizkaia, 1976); lehena pregoilari izan zen, eta bigarrena, txupinera, eta bertatik bertara jarraitu zituzten festak duela hogei urte. Halaber, Euskaltzaindiaren balkoira atera ziren azkenak izan ziren. Ia hogei urte dira elkarren berririk ez dutela, eta berriz ikusteak zirrara eragin die. «Ekitaldiren batean agurtzeaz gain, ez dugu aukerarik izan berriz egoteko», esan du Astorekak. Duela hogei urte egun hauetan leku batetik bestera gelditu gabe ibili ziren; egun, aldiz, bakoitzak bere egunerokoan dihardu. Aktore lanetan ari da Astoreka, eta fisioterapeuta da Zalbide. «Ikaragarria eta benetan eskertzekoa da aurten egiten ari zareten lana», aitortu dio aktoreak.

Ondo gogoan du Astorekak pregoilari izateko proposamena egin zioten deia jaso zuen unea. «Artxandako [Bilbo] igerilekuetan nengoen arratsalde-pasa, eta ez nuen ezer ulertzen; uste nuen pregoilariak ibilbidea bukatuta zuten pertsonaiak izaten zirela, eta ni oraindik ere gaztea nintzela errepikatzen nien behin eta berriz». Zalantza argituta, egun haietan libre zegoela ziurtatu, eta asko eskertu zuen Astorekak beragan pentsatu izana. Zalbide, bestalde, zozketa bidez aukeratu zuten. Urtero zozketa egiten dute txupineraren konpartsa zein izango den erabakitzeko, eta, ostean, konpartsak berak erabakitzen du nor izango den astea gorriz jantzita igaroko duen emakumea. «Konpartsan inplikazio handienetakoa zuen neska nintzelako eta euskaraz nekielako eman zidaten aukera», azaldu du Zalbidek. Lehoiak konpartsa troskistako kide zen garai hartan. 2005. urtean desagertu zen konpartsa, eta Zalbidek beste bide bat hartzea erabaki zuen. Satorrak konpartsa beteranoko kide da egun.

Bizkaitarrak dira Astoreka eta Zalbide, baina ez bilbotarrak. Bat datoz esatean jaioterriak ez duela garrantzirik Aste Nagusian: «Ez duzu zertan bilbotarra izan jaiak bizitzeko, Bilboko jaiak bizkaitar erara eginak daude», esan du Astorekak. «Su festa ikustera, besteak beste, Bizkai osotik etortzen da jendea», gaineratu du. Zalbideren ustez, Bilboko jaiek badute berezitasun bat: «Oso herrikoiak dira», eta horregatik uste du Aste Nagusia jaiak bizi dituen edonori zabalik dagoela. «Bilboko Aste Nagusia bizia duen edonorentzat da».

Hasiera, hunkigarriena

Jaien hasierako unea gogoratzen dute Zalbidek eta Astorekak, hunkidura handiarekin. «Balkoira ateratzean haluzinatu egin nuen, jende hori guztia gure zain zegoela konturatzean. Marijaiaz gain, gure esperoan ere bazeuden», kontatu du Zalbidek. Beldurtuta atera zen balkoira «sekula suziririk piztu gabea nintzen». Halaber, susto txiki bat ere izan zuten tartean. Metxa piztuta zegoen ala ez ziurtatzeko, burua gerturatu zuen, eta momentu horretan bertan atera zen suziria: «Argazkietan ikus daiteke harridura aurpegia. Erantzukizun handi nuen, baina zorionez dena ondo atera zen». Astorekak, bestalde, nahikoa izan zuen prestatutako pregoiarekin. Bizpahiru kideren laguntza izan zuen prestatzeko, baina luzeegia suertatu zen idatzitako testua. Ondorioz, urduritasunak tarteko, eta azkarrago amaitzeko asmoz, «nahigabe» orri bat saltatu zuen. «Momentu hartan oso harro nengoen prestatutako pregoiarekin, baina orain, denborarekin, aitortuko dut txapada galanta izan zela», adierazi du. Plaza lepo zegoela gogoratu dute protagonistek, eta momentua ahalik eta azkarren igaro nahi zutela. «Giro sanoa zegoen plazan, baina beldurra ere sartu zitzaigun; bazirudien plaza erortzera zihoala», zehaztu du Astorekak. Ordura arte inoiz ez zen pregoiaren ekitaldian egon, baina harrezkero aktorea ia urtero joaten da Arriagara: «Barruan egoten naiz, kanpoko jendetza gazteentzat da».

Pregoilari eta txupinera izango zirela jakin zutenean, ez zekiten horrek benetan zer zekarren. Biek aitortu dute jaiak beste era batera eta gauez bizitzen zituztela ordura arte. «Jai paraleloak egiten nituen; pregoilari izan nintzenetik, aldiz, egunez hasi naiz jaiak ospatzen eta bizitzen», adierazi du Astorekak. Are gehiago: urte hartan existitzen ere ez zirela pentsatzen zuen hainbat gauza deskubritu zituela aitortu du. Zalbidek, aldiz, konpartsa barrutik bizi zuen jaia. «Konpartsakide izanik, bertako giroa ezaguna nuen, baina ez nuen Bilboko jai giroaren berri». Txupinera izatea, bestalde, zein garrantzitsua zen ohartu zen urte hartan. «Kaletik joan eta haurrek nire izena jakitean haluzinatzen nuen».

Polita bezain gogorra

Momentu politak eta hunkigarriak bai, baina ezatseginak ere bizi behar izaten dituzte pregoilariek eta txupinerek. Zalbidek, adibidez, gogoan du zezenketetara joan behar izana edota La Bolsa eraikinetik suziria jaurtitzea. «Zenbait unetan, gaizki pasatu nuen. Garai hartan ekitaldi batzuetara behartuta joaten ginen, eta nire konpartsako ikuspuntua, adibidez, kasu batzuetan ez zetorren bat», adierazi du.

«Ikurrinaren omenaldiko momentua oso tentsoa izan zen», gaineratu du Astorekak. Askotan «argazkietarako jarritako bi pertsona» bezala sentitzen zirela aitortu dute. «Sarri ohartu ere ez ginen egiten non geunden. Hamarnaka kontutan aritzen ginen egunero, baina aldi berean ez genuen inon gozatzen. Gure artean eguneko ordu guztiak igarotzen genituen, baina ez geneukan elkarren artean hitz egiteko denborarik ia. Leku guztietan eta inon ez egotearen sentsazioa geneukan», adierazi dute. Halaber, Konpartsek une oro emandako babesa eta laguntza azpimarratu dituzte. «Haiei eskerrak iraun genuen».

Hamar eguneko «astea» fisikoki aste gogorra izan zela diote. «Egun bat gehiago, eta ospitalean bukatuko genuen, une oro mugimenduan geunden, txotxongilo batzuk bezala batetik bestera», adierazi du Astorekak. «Astea bukatuta, beste aste luze bat behar izan genuen deskantsatzeko», gaineratu du Zalbidek. Besteak beste, beroari egin behar izan zioten aurre; «egun, jantziak egokiagoak dira, baina gure garaian artilezkoak ziren, ez ziren erosoak. Blai eginda bukatzen genuen eguna», dio Astorekak.

Orain, beste batzuen txanda dela argi dute. «Gu ez gara txupinera eta pregoilari ohiak, 2000. urteko txupinera eta pregoilaria gara, eta betiko izango gara», zehaztu du Zalbidek. «Guk bete dugu gurea. Ez zitzaigun egiteko ezer ere gelditu», gehitu du Astorekak. Datozenei begira, adierazi dute edonork merezi duela Bilboko Aste Nagusiko pregoilari eta txupinera izatea. «Hori bai; har ditzala bitaminak edo dena delakoak, indarrak behar dira -eta aurre egiteko», gehitu du Astorekak.

2000. urtetik jaiak zertxobait aldatu direla iruditzen zaie Astorekari eta Zalbideri. «Aste Nagusiaren eboluzioa oinarritu da, batik bat, festa hiri osoan zabaltzean. Horrez gain, urteen poderioz hurbilagoak dira jaiak, eta jende gehiagok parte hartzen du. Konpartsakide izateak aukera asko ematen ditu», Zalbideren ustez. Astorekak, bestetik, Aste Nagusia masifikatzen ari dela uste du; «baliteke oker egotea».

Bestalde, pregoilariak eta txupinerak ikusgarritasuna irabazi dutela iruditzen zaie, eta uste dute etorkizunean Aste Nagusiaren erronka jai eredua mantendu eta babestea dela: «Aurtengo urtea izan dadila arnasa hartzeko geldialdi bat».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.