Kanpinak beteta egun askotan

Kanpinetako arduradunak eta bisitariak pandemiarekin bizitzen ari dira bigarren uda batez. Udako ohiko jendetzarik ez badago ere, iazko kolpetik osatzen ari dira apurka: aurreikuspenak hobeak dira aurten. Segurtasun neurri zorrotzak tarteko, oporretarako lehen aukera bihurtu dira askorentzat.

Segurtasun tarteak. Dsitantziak, gel hidroalkoholikoa eta ohartarazpen kartelak ohikoak bihurtu dira. JON URBE / @FOKU.
Olatz Esteban Ezkati.
Donostia
2021eko abuztuaren 19a
00:00
Entzun
Igeldoko (Donostia) kanpina du azken geltokia 16 zenbakidun autobusak. Turistak dira igotzear dauden gehienak, mendialdean ostatu hartu eta eguzki bila hondartzara jaitsi nahian dabiltzanak. Kanpineko harrera gunea lasai dago: bizpahiru lagun baino ez. Tabernan, gosaltzen ari dira bezero batzuk, oporrek dakarten patxadaz.

Han da Maite Acosta, otorduaren arrastoak oraindik mahai gainean. Madriletik etorri da familiarekin, autokarabanarekin Euskal Herriko kostaldea ezagutzera. Kanpinak bilatzea, baina, ez da lan erraza izan. Hainbat herritan, ez dute aurkitu lotarako tokirik: «Herri batzuetan, ahal izan dugun tokian pasatu dugu gaua. Kanpin gehienak beterik zeuden». Igeldokoan ere, ozta-ozta lortu dute lekua. Telefonoz ezinezkoa izan zuten, eta, badaezpada ere, bertara etorri dira. Turista asko dabiltzala igarri du Acostak; haien inguruan dauden autokarabana gehienak atzerritik etorriak dira.

Matrikula hori dezente ikusten dira kanpineko bideetan: Herbehereetatik etorriak dira gehienak. Baina bada Danimarkatik, Frantziatik edota Erresuma Batutik heldu denik ere. Hala ere, abuztu betean, hutsuneak daude lurzati batzuetan, kanpin denden inguruan batez ere.

Dutxara edota ontziak garbitzera doazen erabiltzaileen joan-etorriak ugariak dira, baita azken gauzak bildu eta martxa egitekotan dauden beste batzuenak ere. Autokarabana eta bungalowen eremuan, familiak dira gehienak. Kanpin denden gunean, berriz, gazte taldeak. Ohikoenak geldialdi laburrak egiten dituzten bezeroak diren arren, badira kanpinean luzaz geratzen direnak ere. Ordizia eta Ataungo (Gipuzkoa) bi bikotek urteak daramatzate oporraldiak Igeldon igarotzen. Han dute beren bigarren etxea, karabana. Aurten, iaz baino jende gehiago dabilela nabarmendu dute, baina pandemiarik gabeko udekin alderatuz beherakada antzeman dute.

Horixe bera berretsi du Oskar Arana kanpineko kudeatzaileak: «Iazkoarekin alderatuz, uda hobea izaten ari da hau». Hala ere, ez dira heltzen pandemia aurretik izan ohi zituzten zifretara. Izan ere, atzerriko turistekiko menpekotasun handia dute, eta hainbat herrialdetan egon diren murrizketa eta gomendioek atzera bota dituzte bisitari asko. Bezeroen %50 inguru beste herrialdeetatik etorritakoak izan ohi dira: Frantziatik, Alemaniatik eta Herbehereetatik, gehienbat.

Iwona Szulkowska Poloniatik etorri da, familiarekin eta adiskide batzuekin batera, karabanan. Jaioterrian alokatu zuten, eta, Alemania eta Frantziatik igaro ostean, Euskal Herrian egin dute geldialdia. Lehen aldia du hemen, eta «oso toki ederra» iruditu zaio. Kanpin dendarekin bidaiatzen ohituta dago familia, baina aurten karabana hartzea erabaki dute.

Inguruko bisitariak nagusi

Hain zuzen ere, autokarabanen lursailetan eta bungalowetan izan dute eskaririk handiena Igeldon, eta betetzea ere lortu dute egun askotan. Kanpin denden lurzatietan, aldiz, apalagoa izan da mugimendua. Azken urteetako joera dela azaldu du Aranak: «Motxiladunak asko etortzen ziren lehen, baina, urtez urte, gutxiago ikusten dira. Jendeak erosotasuna nahi izaten du geroz eta gehiagotan». Iragan urte zailaren ostean, negua ere gogorra izan da kanpinarentzat; agintariek ezarritako neurriak zirela eta, ezinezkoa izan baitzaie irekita eustea. Halere, baikor daude udako hobekuntzarekin.

Pandemiak ez du lortu uda zapuzterik Iratxe kanpinean (Aiegi, Nafarroa), abuztu ona izaten ari baitira. «Uda hau besteak bezalakoa izaten ari da. Iaz bete zen, eta aurten ere bai», azaldu du Iñigo Vicente kanpineko arduradunak. Alabaina, urtea ez da izan hain gozoa. Lehen hilabeteetako murrizketek eragin handia izan dute, eta uda dute urtea ondo ixteko aukera. Etxeko bezeroekin lan egiten dute bereziki, eta horrek lagundu die bisitari kopuruari eusten. Gipuzkoarrak dira gehienak, %70 eta %80 artean. Euskal Herritik kanpoko jendea tantaka baino ez zaie heltzen. Kanpinak pandemia garaiko lehen aukera bilakatu dira herritar askorentzat, eskaintzen duten lasaitasunagatik, eta antzeman dute: «Seguruago sentitzen dira, aire zabalean daudelako».

Uda hau hobeto doakie Ibarron kanpinekoei ere (Senpere, Lapurdi): beteta dute kanpalekua abuztuan, eta iaz baino bezero gehiago izan dituzte, pandemia aurreko zenbakietatik urrun dauden arren. «Urte normal batekin alderatuta, %25 gutxiago lan egin dugu» azaldu du François Makirriain arduradunak.

Era berean, Frantziako Gobernuak ezarritako COVID-19aren ziurtagiriak izan du eraginik. Uztail amaieratik, Ipar Euskal Herrian derrigorrezkoa da txertoa hartu izana, PCR test negatibo bat edo gaitza pasatu izana berresten duen ziurtagiria erakustea ekitaldi jendetsuetarako, eta, egun, baita jatetxe eta ostatuetan sartzeko ere. Ibarron kanpinera sartu aurretik ere, bezeroek ziurtagiria erakutsi behar dute. Hala eta guztiz ere, beldurra igartzen dute: «Bi txertoak izanik ere, badira gibelatu eta etorri ez direnak».

Iazko kolpe latzaren ostean, berrekiten ari dira Endaiko kanpinean (Mendexa, Bizkaia). Ziurtasun ezak eraginda, ateak ez zabaltzea erabaki zuten joan den udan, eta uztailean hasi zuten aurtengo sasoia. Lehen hilabetea, ordea, hala-nolakoa izan dela azaldu du Maritxu Gabiola arduradunak: kasuen gehitzeak eta eguraldiak baldintzatu dute. Abuztuko aurreikuspenak baikorragoak dira: «Jende asko etortzen ari da, eta ia egunero betetzen dugu». Haatik, lurzati kopurua mugatu egin dute aurten: «Kanpin denden lurzati batzuk libre uzten ditugu, distantziak hobeto mantendu ahal izateko».

Atzerriko bisitariekin lan egitera ohituta zeuden Endain, baina uda honetan hurbilagotik datozen bisitariak gailendu dira; bereziki, Euskal Herritik bertatik, Kataluniatik eta Madrildik datozenak. Oporrak antolatzeko moduak aldatu direla ere antzeman dute: egun batetik bestera egiten dituzte erreserba gehienak, baita egunean bertan ere.

Egokitzen, aurten ere

Murrizketekin eta segurtasun neurriekin bizitzera ohitu dira azken urte eta erdian kanpineko arduradun eta bezeroak. Iaz, zailtasun handiagoak izan zituzten egoerara egokitzeko, baina aurten ondo moldatzen ari direla dio Aranak: «Jendeak barneraturik dauka dagoeneko». Komunetan eta garbitokietan edukiera mugak ezartzeaz gain, igerilekura sartzeko erreserba sistema bat ere ezarri dute, jende pilaketarik gerta ez dadin.

Jende asko elkartzen den tokiak diren arren, kanpinak gune seguru bilakatzen jardun dute arduradunek. Iratxe kanpinean, ordua hartu behar da kirol pistak erabiltzeko, gune publikoetan garbiketa indartu dute, eta, igerilekuan, guneak banatu dituzte: eremu bakoitzean elkarrekin etorritako lagunak soilik elkartu daitezke.

Neurri horiek ezartzeak, baina, gastu handiagoak ekarri dizkie, eta ohi baino inbertsio handiagoa egin behar izan dute materialean eta langileetan. Horregatik, udako martxa onak lasaitasun ekonomikoa eman die, baina baita emozionala ere: «Poza ematen du irekita eta lanean gaudela ikusteak».

Iaz itxita izan zirenez, hutsetik hasi behar izan dute Endain, eta zeharka ere eragin die gaitzak. Lekeitioko (Bizkaia) festarik ez izateak udako sasoia laburtzera behartu ditu, eta irailean ez dute zabalduko: «Duela bi urtetik hona, asko nabarituko da eragin ekonomikoa». Ibarronen, COVID-19aren ziurtagiria eskatzeaz gain, maskararen nahitaezko erabilera ezarri dute, baina espazio komunetan soilik. Gaitzak mugaturik jarraitzen duten arren, iazko zauria sendatzen hasi zaie apurka.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.