Eskuz Banakako Txapelketa

Sasoiak ez du adinik

Olaizola II.ak eta Altuna III.ak buruz buruko finala jokatuko dute gaur, eta ez dago faboritorik. 17 urteren aldea dago bien artean, final batean egon den handiena

Aimar Olaizola eta Jokin Altuna elkarri traba egiten, Labrit Iruñeko pilotalekuan jokaturiko partida batean. IÑIGO URIZ / FOKU.
Imanol Magro Eizmendi.
2018ko maiatzaren 27a
00:00
Entzun
Aimar Olaizolak (Goizueta, Nafarroa, 1979) profesionalen mailako debuta egin zuenean, Jokin Altunak (Amezketa, Gipuzkoa, 1996) bi urte bete berri zituen. Aurrenekoaren elite mailako lehen pausoek bestearen bizitzako lehen pausoekin bat egin zuten. Gutxi faltako zen Altunak lehen pilota eskuetan har zezan, pilotaririk ez baitzitzaion falta familian, baina garai hartan irudika ezina zen biek noizbait topo egingo zutenik. Gero etorriko ziren batek Amezketako plazan eta besteak goraino betetako pilotalekuetan emango zituzten pilotakadak. Bien arteko tartea murriztuz zihoan, baina urrun zeuden oraindik. Altunak 2014an egin zuen profesionalen mailako debuta, Olaizolak bi final galdu zituen urtean. Gertuago zeuden, baina urrun oraindik. Txapelketa eta ferietan barrena topo eginez joan dira, gero eta partida garrantzitsuagoetan, baina egun handietan ez. Gaur arte. Gaur bai, euren artean hamasei urte eta sei hilabeteren aldea egon arren, urteko partidarik handiena jokatuko dute elkarren aurka: buruz buruko finala.

Bilbon ariko dira, Bizkaia pilotalekuan, eta harmailak lepo beteko dira. Duela bi aste saldu zituzten denak. Ikusmina logikoa da, partidak oso ikusgarria izateko traza duelako ez ezik, bi belaunaldiren arteko talka delako ere. Buruz buruko final batean inoiz ez da izan halako adin alderik bi finalisten artean. Olaizola 1970eko hamarkadan jaiotako pilotarien azken alea da, buruz buruko bosgarren txapelaren bila arituko dena bere hamargarren finalean. Guztira, 24 final jokatu ditu hogei urteko ibilbide profesional loriatsuan.

Olaizola iragana eta oraina da, eta Altuna, berriz, oraina eta etorkizuna. 22 urte ditu, eta Olaizolak bere adinarekin zuen baino palmares eta ibilbide askoz hobea. Gaurkoa hirugarren finala du, baina buruz buruko aurrenekoa. Aurreko biak lau eta erdian jokatu zituen: bat galdu zuen, eta beste bat irabazi. Alderatzen jarrita, Olaizolak ez zuen Lehen Mailako finalik jokatu 23 urteak bete arte. Pilotaren etorkizuna, besteak beste, Altunaren esku dago, eta, Olaizolak auskalo noiz erretiroa hartzen duenean, hark hartuko du Goizuetakoak urte luzez bere gain izandako zama.

Faboritorik ez

Olaizolak Albisu (22-7), Rezusta (22-8) eta Elezkano II.a (22-13) kanporatu ditu finalerako bidean; Altunak, aldiz, Retegi B (22-13), Urrutikoetxea (22-16) eta Ezkurdia (22-17). Bere finalerdia irabazi berritan, apustuak Altunaren alde zeuden: 100-80ri. Baina, denbora pasatu ahala, apustuzaleen ustea orekatuz joan da, eta gaur parean irtengo dira. «Olaizolaren eskarmentua eta fidagarritasuna oso gustuko dute apustuzaleek», azaldu du Benjamin Lazkano artekari beteranoak.

Partidari dagokionez, ez batak eta ez besteak ez du hausteko adinako kolperik, eta biak oso trebeak dira airez. Biek esana da sakea oso garrantzitsua izango dela, eta biek bilatuko dute sake-errematea. Behin bakarrik jokatu dute buruz buru elkarren aurka, duela bi urte, eta Olaizolak 22-8 irabazi zuen. Altunak, baina, asko egin du gora hartaz geroztik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.