Noiz sortua: 2020-03-11 00:30:00

Guillem Gisbert. Manel taldeko kantaria

«Iradokizunaz ere goza daiteke, azalpen argi bat gabe»

Manel urbanoago bat, hasierako pop-folketik orain arteko urrunen. 'Sampler'-a bere eginda, lehengo zenbait kantari katalanekin elkarrizketa bat sortu dute disko berrian. Iruñean eta Basaurin aurkeztuko dute.

MIREIA GRAU Tamaina handiagoan ikusi

Itziar Ugarte Irizar -

2020ko martxoak 11

Zubiak musika katalanaren garai ezberdinetako ahotsen artean. Kantuaren ofizioari aitortza egiten dioten narrazioak. Melodia borobilak. Eta, batez ere, sampler-aren munduan egindako murgilaldia. Manel osatzen duen laukoaren disko berriak dakartza denak: Per la bona gent (Ceramiques Guzman, 2019). Estreinako Els millors professors europeus (2008) lanarekin lortu zuten sona Guillem Gisbert, Marti Maymo, Roger Padilla eta Arnau Vallvek, eta eutsi diote, gehien saldutako diskoen eta gehien entzundako kantuen zerrenden burura helduta bosgarren honekin. Iruñeko Zentralen aurkeztuko dute bihar, eta Basauriko (Bizkaia) MAZ jaialdian larunbatean.

Ezustekoa eman duzue lan berriarekin, pop-folketik elektronikara egindako azken birarekin.

Lehen diskoko ukelele hura jende askorengan oso grabatuta geratu zen; hura zela taldearen sonoritatea. Baina, ordutik, izan da garapen bat: bigarrenean, ukelelea nahiko bazterrean utzi genuen; hirugarrena rockeroa da; laugarrenetik aurrera sintetizadoreak eta testura elektronikoagoak sartzen hasi ginen, baita ekoizle batekin lanean ere [Jake Aronekin]. Moldaketa kontua da, azkenean. Sampler-ak erabiltzeak harritu du jendea. Konposizio aldetik eta abesti bat zer den ulertzeko orduan ere ezberdina da oso.

Nondik etorri zaizue sampler-arena, autotunearena...?

Gu 2008an hasi ginen diskoak ateratzen, eszena musikalean indie moduan ezagutu denaren amaiera gertatzen ari zela. Ordutik gauza erabat desberdinak etorri dira, eta sampler-arenak zerikusi handia du hip-hoparen eta kultura urbanoaren etorrerarekin. Interesez jarraitu arren, gero zure egiteko modutik pasatu behar duzu, zure testuingurura ekarri, zu zaren horretara. Zentzua izan dezan. Ez geratzeko barregarri, alegia. Horretan saiatzen gara: adi egoten eta gure erara aplikatzen.

Melodia ezberdinak nola josi dituzuen, hor du distira diskoak.

Niretzat hori izan da konplikatuena: melodia ezberdinak ezkontzea eta zentzua izan zezala. Rap kantu batean, esaterako, sampleo melodiko bat sartzea oso ohikoa da, baina gu nekez hasiko gara rapean modu klasiko batean. Mozketekin ere egin daiteke konposizioa, baina gure kultura gehiago izan da puntu eta komen kantuena, puntu eta bereizen kantuena baino. Garapena organikoagoa da horrela. Disko honetan ez, ordea; hemen mozketekin egin dugu lan, estrofa zatikatuekin.

Canvi de paradigma (Paradigma aldaketa) kantuarekin hasteak gordetzen du mezu zuzenik?

Mezu oso irmo bat helarazte horrekin sekula ez naiz eroso egon. Egin genuenean, ez zegoen aurreikusita horrekin hastea. Gero ikusi genuen zentzua zuela, asmoak argi erakuts zitzakeelako. Baina, egia esan, ez dakit zer asmo. Kantuak aitortza publiko bat izan duen pertsona bat du ardatz, ingurua aldatu zaiona eta ez duena harekin aldatzen jakin. Horrek lotura izan dezake gurekin, baina baita denboraren igarotze hutsarekin ere. Paradigma aldaketaren ideia asko esplotatu da azken urteetan, eta bazuen bere grazia disko honetara ekartzeak.

Musikaren industriaz aritzeko ere ez da erabiltzen asko?

Bai. Nik badut irudipena musikaren industria eta estetika askoz gehiago aldatu direla azken hiru-lau urteetan, aurreko hamabostetan baino. Interesgarria da, ohartzen naiz, baina ezin naiteke heldu diagnosi argi batera. «Honek hau esan nahi du» hori ez dut uste beharrezkoa denik inolako kultur produktutan; azalpen horietara guztietara heltzea, esan nahi dut. Iradokizunaz ere goza daiteke, azalpen argi bat bilatu gabe. Askotan, gaininterpretatu egiten da.

Beste garai batzuetako kantari katalanekin sortu dituzuen zubiek zeharkatzen dute diskoa: Maria Cinta, Lluis Llach, Els Pets...

Hip-hopak badu elementu oso interesgarri bat: sampleo-aren bitartez tradizio bat bizirik mantendu, eta aitortza egiten dio. Gure kasuan, logikoa zen katalanez egindako musikaren mozketak erabiltzea. Gauza asko probatu genituen, eta hor agertu zen Maria del Mar Boneten Alienar [Per la bona gent kantuan dator]. 1970eko urteetan abiatu, eta badaude 80koak, 90ekoak... Baina asmoa ez zen errepaso bat egitea, argi geneukan-eta egiten ari ginena, azkenean, gure disko bat zela. Omenaldian geratzeko, hobeto da playlist bat.

Zer sentsazio ekarri dizue soka horretan zeuen burua jartzeak?

Alde artistikoa alde batera utzita, niri gustatu zait sampleatu dugun jende honekin hitz egitea. Zertan ari garen kontatzea, belaunaldien arteko elkarrizketa bat egotea. [Jaume Santi] Sisak duela urte asko esan zidan musikariok jende nahiko bakartia garela oro har, bakoitzak bere aldetik egiten duela gerra. Eta uste dut zuzen zebilela. Polita iruditzen zait diskoak nolabait izatea lotuko gaituen hari bat; umiltasunez diot. Bai, egiteko polita izan den ariketa bat izan da.

Kantuak egiteko langintza ere omendu duzue.

Uste dut tradizioarena eta ofizioarena direla diskoaren argumentu ildo nagusiak, lotuta daudenak. Ofizioari keinu egiten dioten esaldiak han-hemen daude, baina batez ere Les estrelles-en geratzen da agerian, Nina Simonerekin, Janis Ianekin. 25 urte ez izatea ere bada. Lehen diskoan ez zara hasten pontifikatzen kantuak egitearen ofizio nobleaz; orain ere ez gara adituak, baina har dezakegu lizentzia. Sisak kantatzen duen El vell music ere inspirazioa galdu duen musikari baten inguruan da.

Bitxia da nola ixten duen diskoa horrek, aurreko oinarri urbanoari festa giro herrikoia emanda.

Bai. Kantu horretako giro soinua Gato Perezen 1970eko urteetako zuzeneko disko batetik atera dugu. Ez dakigu Sala Zelesten grabatu zen, baina gertu. Bartzelonako orduko kontrakulturari oso lotutako areto bat izan zen hura. Idatzita neukan letra laburtxo bat, eta Sisa imitatzen kantatzen nuen, aire berbenero horrekin. Estetika horretan barruraino sartu ginen, eta Sisari berari eskatu genion kantatzeko. Grabazio zaharrean entzuten da Gato Perez Sisa aurkezten, parte hartu zuelako kontzertu hartan: «Zuekin guztiekin Santi Sisa». Eta sartu dugu kantuan: metaforikoki, berriz ateratzen da Sisa agertokira, eta 2019an kantatzen du.

Zuen kantuak beti egon dira jendez beteta. Manelen marka da?

Manelengan pentsatzean zaila zait hitzak eta musika bereiztea. Kantuak egiten ditugu. Nik idazten ditut ia denak, eta musika laurok egiten dugu. Musika ulertuta moldaketa modura, emozio bat transmititzen duena. Moldaketa hori, kantariaren jarrera... hori dena ezinbestekoa da. Lanean konturatu naiz: hitz berberak hiru modutan kantatuta, hiru kantu ezberdin dituzu. Hiru emozio ezberdin dituzulako. Moldaketak baldintzatzen du bai hitzak eta bai abestia.

Nola egin duzue diskoa zuzenekora eramateko?

Disko sampleatu bat ezin duzu jo rock talde batek bezala. Sampler-a bosgarren musikari bat da, baina ez duena hutsik egiten. Zu gaizki bazoaz ere, bera ongi sartuko da. Errail moduko baten gainean jo behar dugu. Hasieran, zaila izan zen ulertzea, agertokian lasai egotea. Baina listo, hartu diogu.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Apirilaren 7an eguneratua, 14:00etan. ©BERRIA

Koronabirusaren azken datuak

Berria

Euskal Herrian 12.401 gaixok eman dute positibo koronabirusaren proba eginda. 790 hil dira. COVID-19 gaitza izandako 4.149 pertsonari eman diete alta. Grafikoak, albiste barruan.

Saltoki txikiak itxita Iruñean. ©Iñigo Uriz / Foku

Kontrolak indartuko dituzte Aste Santuan

Berria

Martxoaren 21az geroztik SARS-CoV-2 birusaren kasu berri gutxien atzeman duten eguna izan da atzokoa Euskal Herrian. Testa egin gabe ari dira sendagiria ematen gaitzak jotako osasun langileei.

Urkullu lehendakaria eta Artolazabal sailburua ©Irekia
Etxeko Leihotik: Formol

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna