Sufritzen ere badakite

Zeelanda Berriak estu eta larri irabazi dio Hegoafrikari (20-18), eta laugarrenez jokatuko du Munduko Kopako finala.Finalerdi motel eta taktikoa izan da

Zeelanda Berriko jokalariak garaipena ospatzen, epaileak atzoko partidaren amaiera adierazi zuen unean. GERRY PENNY / EFE.
Imanol Magro Eizmendi.
2015eko urriaren 25a
00:00
Entzun
Zeelanda Berriak sufritzen ere badaki. Askorentzat inoizko errugbi selekzio onena den horrek, partida deserosoei konponbidea aurkitzen era badakiela erakutsi zuen atzo Twickenhamen. 20-18 irabazi zion Hegoafrikari, ondo sufrituta hori bai. Aurkariak komeni zitzaion erritmoa ezarri zion jokoari, eta errugbi dema bainoago xake partida itxura hartu zuen finalerdiak. Joko taktikoa, motela, itsusia...Zeelanda Berriak kate horiek ordu laurdenez bakarrik hautsi zituen, bigarren zatiaren hasieran, eta horri esker irabazi zuen. All Blacks-ek laugarrenez jokatuko dute Munduko Kopako finala, gaur zortzi, Londresen.

Partida itsusia izan zen. Gero eta itsusiagoa, are hobea zen Hegoafrikarentzat. Zeelanda Berriak ere lagundu zion, lehen zati osoan motzean jokatzea erabaki baitzuen, aurkariaren aurrelarien aurka talka eginez. Lehen zatian Hegoafrikak Zeelanda Berriak adina bi plakaje egin zituen.

Joko motel hori ondo ustiatu zuen Hegoafrikak, Zeelanda Berriaren hutsak eragin zituelako. Alboko sakeetan eta uztartze itxietan maisua da Hegoafrikako aurrelari multzo gotorra. Uztartze itxietan bereziki Zeelanda Berriaren gainetik pasatu zen. Geldikako jokaldiak bilatu zituen etengabe zigor kolpeak eragiteko. Lehen zatian lau aldiz pasatu zen zelai erditik, eta lauretan zigor kolpe bana atera zuen. Pollardek laurak hagen artean sartu zituen. Zeelanda Berriak, aldiz, Kainoren entsegu bati esker hartu zuen arnas (6. min). Atsedenaldian Hegoafrika merezita zen aurretik (12-7).

Zeelanda Berriak aldatu beharra zuen irabazteko, eta bigarren zatian oldarkor eta ausartago zelairatu zen. Carterrek drop batekin zigortu zuen lehenbiziz Hegoafrikaren estrategia kontserbadorea (12-10, 46. min.), eta sei minutu geroago baloia hegalera zabaltzea lortu zuen Barrettek zelaiaren ertzean entsegua lor zezan (12-17, 52. min). Zeelanda Berriaren unerik onenak izan ziren.

Oldarraldiak ez zuen segidarik izan, jokoa berriz moteldu zelako. Hegoafrikak aurrelarien bidetik jarraitu zuen, baina hutsak ere egin zituen. Zigor kolpe inozoa oparitu zuen lehenbizi (15-20, 60. min.), eta azken minutuetan baloi garrantzitsu pare bat galdu zituen aurkariaren zelaian, tartean alboko sake bat. Hegoafrikak eskura izan zuen ezustekoa, baina azken txanpan rolak aldatu ziren, eta Zeelanda Berria izan zen jokoa amaierara arte lokartu zuena.

Argentina ezustearen bila

Argentinak eta Australiak gaur jokatuko dute Munduko Kopako bigarren finalerdia, Londresen (17:00). Izenei erreparatuz gero, Australiak beharko luke faborito, baina final-laurdenetako partidak ikusita Argentina sasoi hobean dago. Argentinak 43-20 irabazi zion Irlandari, Australiak, aldiz, kostata kanporatu zuen Eskozia. Halere, Australiak Pocock eta Fulau berreskuratuko ditu gaurko. Irabazten badu Munduko Kopako hirugarren finala izango du, Argentinak, aldiz, aurrenekoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.