Joseba Intxausti. Kulturgilea

«Eten batetik nator, baina nire bizitzak euskal kulturan ez du izan etenik»

1956ko belaunaldiko kide eta eragile da Joseba Intxausti. 'Jakin' aldizkariaren birfundatzaile; euskararen historia sozialaren eta Euskal Herriko historia erlijiosoaren ikerlari... Idatzi duen guztia eskuragarri jarri berri dute 'jakin.eus'-en.

Amagoia Gurrutxaga Uranga.
Donostia
2017ko azaroaren 19a
00:00
Entzun
36ko gerrak eragin zuen kultur transmisio etenaren emaitza da Joseba Intxausti (Segura, Gipuzkoa, 1936). 12 urterekin garbi omen zeukan fraide frantziskotar izan nahi zuela. Arantzazuko santutegiak zentraltasun nabarmena izan du bere bizitzan, bertan garatu zuen bere bizitza markatu zuten euskaltzaletasuna, historiazaletasuna eta lankidetasuna. Jakin aldizkariaren zuzendaritzan, UEUren sorreran eta UZEI Terminologia eta Lexikografia Zentroaren zein Kulturarako Euskal Fundazioaren gidaritzan aritu izan da, besteak beste. Lan horien lekuko da Jakin.eusgunean asteon ireki dioten ataria.

1959an, Illobira bultzaka artikulu haustailea argitaratu zenuen, Jakin-en 9. zenbakian. Euskara hiltzetik salbatua ikusten al duzu gaur?

Hori oso problematikoa da, baina ni ez naiz hasiko itxaropenei gainera izotza botatzen. Hori piztuta dago, bidea egin dezala. Daukaguna gabe, ez da salbatuko. Daukagunarekin, zenbaiten ustez, ziurki salbatuko da; nire ustez, beharbada.

Euskara garbiaren eta kultura klasiko antimodernoaren ereduaren aurka jo zenuen. Haserretu zitzaizkizun batzuk.

Bai. Eztabaidak gogorrak ziren. Euskararen batasunaren inguruko hitzaldiak eman behar izan ditut, eta norbaitek nire kontrako panfletoak bota zituen Tolosan, bizi nintzen herrian, «komunistekin» omen nenbilelako. Tolosan hainbat euskaltzale historiko bizi zen, eta ni baino zaharrago haiek, momentu hartan behintzat, batuaren asmoaren kontra egon ziren. Nik sekula ez dut pentsatu gerra aurreko apaizek euskara ona egin ez zutenik. Aurrekoen lana baliagarri izan zait. Nola ez! Ez zidan balio, baina, teologia egiteko. Dotrinarako bai, baina teologiarako ez. Beste egitura bat behar genuen, alde guztietatik.

Euskara batuaren borroka horretan, Jose Luis Alvarez Txillardegi aldeko izan zenuen.

Arantzazutik izandako nire lehenengo harremanetako bat, euskal idazleen artean, harekin izan zen. Ez zen nire modukoa justu-justu, baina helburu batzuetan bat egiten genuen. Hizkuntzaren modernotasunean eta euskara batuaren gaian erabat ados geunden. Aliatuak ginen hor. Jakin-ek digitalizatua eta sareratua du haren obra guztia, eta garrantzitsua da hori.

Zure lana ere sareratu berri du Jakin-ek. Asteon aurkeztu du emaitza. Gai askotaz idatzi duzu.

Bai. Eta, batzuetan, oso baldintza eta momentu gordinetan.

Behar zenuelako idatziko zenituen.

Bai. Baina nik askotxo hitz egin dut nere buruaz eta nire ingurukoaz. Ikertzaileak etorriko dira, eta egin eta esan dezatela nahi dutena. Batek mila gauza egin ditu. Ataunera joan, esaterako, foruei buruz hitz egitera, jurista izan gabe eta euskal historiatik gehiegi jakin gabe. Niri inork ez zidan euskal historiaz hitz egin, izan ere, unibertsitatean!

Ez zuri, ez 1956koa deitzen zaion zure belaunaldiko ia inori. Eten batetik zatozte.

Ni eten batetik nator, baina nire bizitzak euskal kulturan ez du izan etenik. Hori continuum bat izan da. Pixka bat poliedrikoa, egoerak berak ere hori eskatzen zuelako. Denetik ukitu behar izan dut zerbait. Askotan, ez zenuen zuk erabakitzen, kanpoko dei edo eskaera batek baizik.

Etenaren kontzientzia hartzea Arantzazuko santutegian gertatu al zitzaizun?

Gerrateak 150.000 lagun erbestera bota zituen. Hori mugimendu oso garrantzizkoa izan zen. Isildu zen herriak isilpean hitz egiten zuen. Nik amaren bitartez jakin nuen gerra egon zela, eta gerra horrek bere biktimak egin zituela. Arantzazun, beharbada, oso isilean, ekintza oso esanahitsuak egon ziren. Niri Garoa-ren gerra aurreko ale bat eman zidaten irakurtzera. Laster jakin genuen Euskal Herria zer zen, karreran zehar lagunduz joan zitzaizkigunei esker. Haiek ez zuten politika egiten. Irakaskuntza egiten zuten, eta ez ziguten ezkutatu euskal literatura bat bazegoela. Arantzazun euskarazko biblioteka zegoen. Gerra aurreko produkzio guztia han zegoen, eta hori gure eskura zegoen. Guk Campion irakur genezakeen. Maite nuen haren literatura. Eta egun batean ikusi genuen Gero irakur genezakeela. Euskara zoragarri harekin gozatu genuen. Horrek denak egin egiten zaitu barrutik. Salbatore Mitxelena oso garrantzitsua izan zen horretan.

Mitxelenaren Arantzazu poemari buruz idatzi zenuen testua da zure lehenetako bat.

Nahi baduzu, Bitoriano Gandiaga hura baino poeta hobeagoa da, baina Mitxelenak markatu egin ninduen Arantzazu poemaren hirugarren partearekin. Azkenean, buruak ez, bihotzak egiten zaitu pertsona. Beste norbaitek esango zuen beharbada umekeriak zirela haiek, baina ez ziren umekeriak. Bizitzarako konpromiso batzuk ematen zizkizun, eta sortzen zenituen, inguruaren laguntzarekin.

Mitxelena atzerritik etorri zen batean, nolabaiteko rola banuen jada Arantzazun, eta harekin joan nintzen hitz egitera.

Zein zen rol hori?

Gidaritza moduko bat egitea tokatu zitzaidan, maiuskularik gabe, eguneroko gauza txikietan. Nire izaeraren barruan dagoen ezaugarri bat da. Ez dauka meritu berezirik. Nire bokazio euskaltzalea errespetatu egin zitzaidan beti. Beti. Lagundu ere egin zitzaidan.

Zure ibilbidean, idazle, ikerlari eta ekintzaile tituluak eman izan dizkizute. Hiruotatik, zein iruditzen zaizu egokien?

Ni ekintzailea naiz batez ere. Eta elkarlana maite dut. Norberak egindako lanek askoz muga handiagoak dituzte. 1985eko Euskal Herria liburuan 125 lankide izan nituen. Jakina, gauza hauek ez dira bakarrik egiten, eta halakoak aurrera ateratzeko, dirua behar izaten da. Ia beti. Diru hori inguratu ahal izateko suertea izan dut. Juan Zelaiarekin esker onez beteta nago. Laguntza ekonomiko bat eman zuelako Euskal Fundazioan, alde batetik; eta, bestetik, neurekin trataera pertsonal oso eskuzabala izan zuelako.

Historialaria zara ikasketaz. Historia erlijiosoaren ezagutzaren beharra aldarrikatzen duzu.

Kalkulatzen da duela 1.000 bat urte gertatu zela Euskal Herriaren kristautze orokorra, eta horren arrastoan egin dugu gure historia. Gaurko gizarte sekulartu honetan, antenak falta dira historiako gertakari haiek ezagutu eta baloratzeko, eta uste dut hori ez dela ona gure memoria historikorako. Hori ere eman beharra dago. Eta ez du inork ematen. Eta ez zaio inori -edo ia inori- interesatzen.

Latzak gertatu dira erlijioaren izenean historian zehar.

Erlijioak instituzio moduan antolatzen direnean, argi ibili! Boterea sartzen da jokoan, eta erlijioa pertsonen barru-barruraino iristen denez, arrisku handiko gauzak daude tartean. Kontuz joan behar da pertsonari eta kulturei dagozkien lanetan. Ameriketako indigenismoak kritika handia egiten die misiolariei. Arrazoiarekin. Katolikoek zein protestanteek berdin jokatu zuten. Eta ez ziren beste erlijio batzuen oso desberdinak izan.

Gurean ere izan dira halakoak.

Elizak ekarri zituen Euskal Herriaren bizitzarako balio batzuk, baina jokabide praktikoan ez ziren ispilatu behar bezala, kasu askotan. Horrek drama pertsonal eta kolektibo asko ekarri zituen. Eta antolamendu politikoak, noski. Ikusi besterik ez dago XIX. mendearen bigarren partetik aurrera zer-nolako alderdiak zeuden eta jendeak nori ematen zion botoa. Oso eskuineko partiduak eduki ditugu. Horrek ez du esan nahi denak berdinak zirenik. Alderdietan ere, denak ez ziren berdinak.

Zu jaio zinen urtean ere, 1936an, «gurutzada» bat hasi zen.

Eta drama bat izan zen. Baita elizako hainbat kiderentzat ere, gertatzen ari zena ikusten ari zirelako eta ez zeudelako ados inolaz ere. Frankismo garaiko ordena erlijiosoak, emakumezkoenak batez ere, total kolaborazionistak izan dira. Egoera zelebreak daude: Euskal Herriak frankismo urteetan emakumezko kongregazioetan egin zuen ekarpena ikaragarria izan zen. Etsaiaren etxeko mirabe izatea zen hori.

Memoria historikoa, gertakari historikoak ezagutzeko eta baloratzeko antena falta... Historia kontakizun gatazka etengabea al da?

Alemaniak autokritika instituzional inportantea egin zuen, eta, hala ere, erregimen naziarekin konplize izandakoetako zenbati ez zitzaion ezer gertatu? Erregimen hartako jende garrantzizkoa irabazleen zerbitzari bihurtu zen. Gerraondoak horrelako gauzak uzten ditu. Eta arazo politikoa: nor eraman behar da tribunaletara, nor ez? Hori aukera politikoa da, ez juridikoa. Legeak beti dira komenentzia eta interes batzuen zerbitzurako tresnak. «Legea horrela da» esatea falazia bat da.

Espainiaren legea zedarritzen duen legea ere «horrela da».

A, noski! España Una, Grande y Libre hori. Librea norentzat, baina? Irabazlearentzat. Erakundeetan gorputz hartzen du botereak. Eta erakunde guztiak dira botere. Erakundeen mundua oso zurruna da. Libertatea norberak irabazi behar du.

Baikorra zara etorkizunari buruz?

Historialari moduan, asko interesatzen zait bereiztea epe motza, erdia eta luzea. Ez ito epe motzaren perspektibarekin. Eman gauzei eta prozesuei beren denbora, eta hortik begiratu gauzak. Egia da ez dela beti etorkizuna neurtzen erraza. Nik uste dut krisi gogorrak etorriko direla, baina mundu politikoak luzarora —ez datorren urtean derrigor, ez datozen hamar urteetan derrigor— bere bidea egingo duela. Zentzu horretan, optimista naiz. Epe motzera, ordea, ez naiz batere optimista. Nahitaez, faxismoak edo antzeko zerbaitek Europan gora egingo duela uste dut. Europa ez da gauza, segur aski, gaurko egoeran, munduko erronkak bereganatu, ulertu eta gobernatzeko. Hain izugarriak dira kolonialismoaren ondoren dauden aldeak, Ekialdea eta Europaren artean adibidez... Gauza latz asko gerta daitezke oraindik, eta gertatzen ari dira dagoeneko.

Bukatzeko, Arantzazuko santutegiari buruzko azken galdera bat: zer gertatuko da hango kultur ondarearekin?

Kongregazio eta ordena erlijiosoek ez daukate etorkizunik gurean. Ez dago gazterik komentuetan eta. Problema serio bat dago. Ez bakarrik erlijiosoena, baizik eta gure herriaren kulturarena. Horri heldu egin behar litzaioke. Egin dezaketenak egiten ari dira. Ezinean dabiltza. Arantzazuko fraideek, Euskal Herriko frantziskotarrek, Euskal Herrian sortu dituzten ondareak Euskal Herrian eta Euskal Herriari lotuta utzi behar dituzte. Beren obligazio historikoa da, eta badoan azken belaunaldi honi dagokio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.