Musikari gazteen bidean mugarri

Berrehun ikasle inguruk parte hartu dute Euskal Herriko Gazte Orkestran sartzeko probetan. Modu birtualean egin dituzte, egoerara egokituz. EGOn parte hartzea aukera garrantzitsua da haientzat, ikasten ari direna beste gazte batzuekin konpartitzeko eta ibilbidean aurrera egiteko.

Euskadiko Gazte Orkestrako kideak, entseatzen, 2017an. JON URBE / FOKU.
Ane Eslava.
2020ko maiatzaren 22a
00:00
Entzun
Errepertorioa entseatu. Hitzordura joan. Urduritasuna menperatu. Epaimahaikideen begiradaren presioari eutsi. Eta, azkenik, landutako guztia erakutsi. Horrela hasi eta bukatzen dira edozein orkestratan sartzeko probak. Aurten, ordea, ezin da aurrez aurreko kontakturik eduki, eta horrek ezinezko bihurtu ditu entzunaldiak. Baina egoera berrietara egokitu beharra dago, eta Euskal Herriko Gazte Orkestrak (EGO) irtenbide bat aurkitu du: titular postuak betetzeko probak bertan behera utzi edo atzeratu beharrean,modu telematikoan egin ditu. Apirilaren 14tik 19ra, 16 eta 27 urte bitarteko 193 gaztek errepertorioa prestatu, etxean grabatu eta orkestrari bidali zioten, hautatuak izateko helburuarekin. Gazteentzat, esperientzia «berezia» izan da, «arraroa», baina, zailtasunak zailtasun, positiboa.

Marina Manterola da entzunaldietan parte hartu duten ikasleetako bat. 20 urte ditu, gasteiztarra da, eta bigarren aldiz aurkeztu da EGOn sartzeko probetara; iaz ordezko moduan hautatu zuten, eta aurten, berriz, titular moduan, flauten taldean. Proba etxean, bakarrik eta epaimahairik gabe egiteak abantailak dituela adierazi du: «Etxean lasaiago zaude, ahal duzu hainbat proba egin, grabatu nahi duzun guztietan...». Hala ere, gaineratu du nahi bezainbeste saiakera egin ahal izateak estresa sortu diola: «Ez duzu akatsik egin nahi, behin baino gehiagotan egiten duzu bideoa, eta zorrotzagoa zara zeure buruarekin».

Antzeko iritzia du Aitor Aburtok. 21 urte ditu, Lezamakoa (Bizkaia) da, eta harentzat ere ez zen lehen aldia entzunaldietan parte hartzen, baina aurten hautatu dute, klarinete titular gisa. Pozik dago lortu duelako, baina harentzat ere bitxia izan da. Nahi adina proba egin ahal izatea abantaila izan daitekeela onartu arren, alde negatiboa ere baduela adierazi du: «Arraroa da: kontzertu baten modukoa da, baina publikorik gabe, zuzenekoaren bizitasunik gabe; grabatzen duzun guztia hor geratzen da, perfektu irten behar du, eta pixka bat frustragarria da».

Hautatutakoan, Manterola eta Aburto urtebete egongo dira orkestran, baina berritzeko aukera izango dute. Biek Musikenen ikasten dute, eta zentro horretakoak dira, hain zuzen, entzunaldietan parte hartu duten gehienak; ondoren doaz Nafarroako eta Aragoiko (Espainia) goi mailako musika kontserbatorioetakoak. Parte hartzaileen artean badira, halaber, ikasketak nazioarteko ikastegietan egiten ari diren musikariak.

Epaimahaikideen artean, berriz, Bilboko eta Euskadiko Orkestra Sinfonikoetako kideak izan dira, baita nazioarteko orkestra eta erakunde garrantzitsuetakoak ere; besteak beste,Espainiako Orkestra Nazionalekoak, Reina Sofia musika eskolakoak, Londresko Orkestra Sinfonikokoak eta Vienako Orkestra Filarmonikokoak.

Lander Etxeberria da horietako bat. Bilboko eta Londresko orkestretako kidea da, eta aurten lehen aldiz parte hartu du EGOren entzunaldietan. Haren ekimena txalotu du: «Egoera berezi honetan, buruari eragin behar diogu, eta gazte orkestra egiten ari dena izugarri garrantzitsua da». Harentzat, Internet bidezko metodo berriak abantaila asko ditu: «Normalean, musikari asko entzuten ditugu jarraian, eta ez da erraza kontzentrazioa mantentzea eta azkenekoa lehenengoa bezala entzutea; baina horrela, bideoa behin baino gehiagotan ikus dezakegu, eta ongi aztertu».

Hala ere, traba bat ikusten die bideo bidezko probei: zuzenekoa desagertzen dela. «Ikasleek erakutsi behar dute zer jarrera duten momentuarekin eta zer arma dituzten epaimahaia konbentzitzeko». Garrantzitsua da hori ere lantzea, kontzertuak beti zuzenean egiten baitituzte.

Edonola ere, egokitzat jo du bideo bidezko probetara jotzea, eta helduen orkestrak ere bide bera hartuz joango direla uste du: «Orain bidaiatzeko arazoak daudenez, Londresko orkestran, adibidez, pentsatzen ari dira lehenik proba telematikoa egitea, eta ondoren soilik hautatutakoak joatea zuzeneko proba egitera. Horrela, gainera, proba egitera doazenek jakingo dute epaimahaikideei zerbait gustatu zaiela euren jotzeko eran». Halere, badaki orkestren funtzionamendu tradizionala aldatzea kostatuko dela, eta uste du bidea izan daitekeela malgutasun handiagoa duten gazte orkestretatik hastea.

Uda sasoia, kolokan

EGO 1997an sortu zuten, Euskal Herriko gazte instrumentistei orkestrako trebakuntzarako bide bat emateko. Bi lan sasoi egin ohi dituzte, neguan eta udan, eta, horietan, 80 gaztek ibilbidea duten hainbat musikarirekin lan egiteko aukera dute. Amaieran, zenbait kontzertu antolatzen dituzte, egindako lana erakusteko. Aurten, ordea, egoera berezia da, eta orkestra aukerak aztertzen ari da jarduerak aurrera atera ahal izateko, baina oraindik ez du erabakirik hartu. Manterolak eta Aburtok argi ikusten dute zailtasunak egongo direla, baina espero dute, moldaketekin bada ere aukera baliatu eta ikasi ahal izatea.

Izan ere, argi dute gazte orkestran parte hartzea irakaspen handia izango dutela musikari gisa. Aburtoren ustez, beste instrumentista batzuekin jotzea eta ikasten ari direna praktikara eramatea oso onuragarria izan daiteke haientzat: «Gure adinekoekin kalitatezko musika egiteko aukera ematen digu, eremu akademikotik kanpo eta mundu profesionalera hurbilduz». «Eta etorkizunean orkestra batean jo nahi badugu, aukera bakanetakoa dugu hau esperientzia hori bizitzeko», gaineratu du Manterolak.

Etxeberriak ere azpimarratu du Euskal Herrian halako proiektu bat izatearen garrantzia: «Musikari gisa, gauzarik garrantzitsuenetakoak dira norekin ikasten duzun eta gaztetatik lantzen dituzun kontaktuak, eta hor bide bat egin behar da». Hark ez zuen EGOn parte hartu, oraindik ez zegoelako sortua, baina bai beste batzuetan, eta esperientzia horiek bizitza aldatu ziotela aitortu du: «Gaur mundu profesional honetan banago, gazte orkestra horietan egindako lanarengatik da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.