Atenporala eta betierekoa

'Rigoletto' obra historikoa eskainiko du Opus Lirika opera konpainiak ostiralean eta igandean Donostiako Kursaalean

Paola Cigna eta Miguel Angel Lobatok operaren lagin txiki bat eskaini zuten atzo. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
gorka erostarbe leunda
Donostia
2015eko maiatzaren 13a
00:00
Entzun
Hiruzpalau aldamio dorre eta, erdian, lorategi txiki bat, zuhaitz bat eta maindire batzuk, zintzilik. Lorategi horretan bukatuko dute etzanda, amodio jolasean, Paola Cigna sopranoak —Gildaren paperean— eta Miguel Angel Lobato tenorrak —Duca Di Mantovarenean—. Rigoletto opera entzutetsuaren aurkezpenean, bost minutuko lagin bat eskaini dute; hots asteburuan ikusi ahal izango denaren erakusgarri txiki bat.

Erakusgarri txiki bat entseguak ez duelako gehiago iraun, eta Opus Lirica Donostiako opera konpainiako arduradunek ere ez dutelako argibide askorik eman nahi izan muntaketa berriak izango dituen ezaugarrien inguruan. «Jatorrizko obra Italiako Errenazimentuan kokaturik dago, baina guk ez dugu garai zehatz batean kokatu, ez iraganean, ezta gaur egun ere. Atenporala da gure obra, baina keinu batzuk egin dizkiogu Errenazimentuari», azaldu du Ainhoa Garmendia Opus Liricako zuzendari artistikoak. Bi emanalditan eskainiko du konpainiak obra, Donostiako Kursaalean; etzi lehena, 20:00etan, eta maiatzaren 17an, igandearekin, bigarrena, 19:00etan.

Opus Lirica konpainia sortu zenetik, Donostian eskainiko duen hirugarren opera da. Iazko apirilean egin zuten estreinaldiaGaetano Donizettiren L'elisir d'amore emanez Kursaalean bertan; ondoren, Gioachino Rossiniren Sevillako bizargina eman dute aurtengo otsailean Viktoria Eugenia antzokian. «Donostian opera denboraldi egonkor bat sortzea da gure helburua, etaantzoki batean edo bestean egingo dugu operaren arabera. Oraingo honetan ere, obrara egokitzen saiatu gara».

Ia 100 laguneko lan taldea

Giuseppe Verdiren Rigoletto-k «ahalegin berezia» eskatu dio konpainiari baliabideei eta ekoizpenari dagokienez. Obran parte hartuko duen orkestrako musikari taldea 45 lagun ingurukoa izango da, eta beste 20 bat izango dira abesbatzako kideak, guztiak konpainiak berak hautatutakoak. «Orotara ia 100 laguneko lan taldea osatzen dugu», zehaztu du Garmendiak.

Sevillako bizargina obrarekinbezala, Diego Garcia izango da orkestra zuzendaria, eta Nicola Zorzi italiarra eszena zuzendaria. Biek ala biek nabarmendu dute «ezusteko» asko dituela obra berriak, nahiz eta istorioa ezaguna den. «Lantzen dituen gaiak oso dira gaur egungoak. Opera ia perfektua da alde askotatik, obra betiereko bat. Gu saiatuko gara ezusteren bat ematen, eta uste dut aurreikusita genuen guztia egin ahal izango dugula», adierazi du Zorzik.

Gilda eta Duca di Mantova pertsonaiez gain, Giulio Boschettik (Rigoletto), Jose Antonio Lopezek (Sparafucile), Anais Masllorensek (Maddalena), Nika Guliashvilik (Monterone), Mikel Zabalak (Marullo), Jagoba Fadriquek (Conte di Ceprano), Ana Otxoak (Contessa de Ceprano eta Giovanna), Igor Peralek (Borsa) eta Dario Mayak (Carceriere) jokatuko dituzte beste pertsonaien paperak. Rigoletto Mantua kondearen bufoia da. Kondeari emakumeak seduzitzea eta bortxatzea gustatzen zaio, eta bufoiak lagundu egiten dio kontu horietan, baina gainera bizitza paralelo sekretu bat bizi du, ezkutuko alaba batekin. Konturatzeke, bere alabaren bahiketa eta heriotzaren konplizea izango da... Drama, pasioa eta mendekua biltzen ditu Victor Hugoren Le Roi s'amuse antzerki obran oinarrituriko lanak. Italierazko liburuxka Francesco Maria Piavek idatzi zuen, eta musika Giuseppe Verdik, hiru ekinalditan. 1851n estreinatu zuten Veneziako Le Fenice antzokian.

Jende gaztea erakarri nahi du Opus Lirica konpainiak, eta, horregatik, 25 urtetik beherakoentzat 18 eurotan jarri dituzte salgai sarrerak. Gainerakoentzat, 35 eurotik gorakoak izango dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.