Ana Mari Marin

Baztanek elikatutako unibertso bat

Olioz zein akuarelaz egindako koadro ugari utzi ditu Ana Mari Marinek, Baztango paisaiatik edaten dutenak horietako asko. Andre gisara, aurrendari izan da artetik kanpoko jardunean ere. 87 urterekin hil da.

JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Ane Eslava - Itziar Ugarte Irizar
2020ko abuztuaren 25a
00:00
Entzun
Ana Mari Marin margolaria Elizondon jaio zen (Nafarroa), 1933an. 3 urteko umea zen 36ko gerra piztu zenean. Aita errepublikazalea zuen, eta familiak Frantziako muga zeharkatu behar izan zuen, inguruko askorekin batera. «Horregatik ez dakit euskaraz», esan izan zuen margolariak geroago, gerrako eta gerraondoko urteak gogoan hartuta. Ume zen, halaber, pintzelei aurrenekoz heltzen hasi zenean: 7 urterekin hasi zen margotzen, bolada bat ohean igaro behar izan zuenean, gaixotasun bat tarteko. Frantzian ziren artean, eta Marin jada nerabe bat zela egin zuten etxerako itzulera. Sorterriarekin berriz elkartu izana erabakigarria izan zen harentzat, eta bizitza osoan lotura sendoa izan zuen Baztanekin: ibarra, bertako herriak, mendiak eta magalak izan dira haren margolanen agertoki nagusiak, baina Euskal Herriko beste lurralde asko ere irudikatu ditu, bai eta kanpokoak ere.

Horiek guztiak pintura espresionista eta bitalista batekin eman ditu argitara; Marinen hitzetan, bere izaera bezalakoa zen lengoaia batekin. Kolore biziak erabiltzen zituen, eta olioa eta akuarela, batik bat. Zenbait kritikariren arabera, haren obra «ordenatua, harmoniatsua, arina, freskoa eta intimoa» da. Kolorearen defentsa irmoa egiten zuen berak, kolorerik gabe margotzea ezinezkoa dela esanez.

23 urterekin jarri zuen lehen erakusketa, Iruñean, eta harreman estua izan zuen beste artista batzuekin, hala nola Mentxu Gal margolari irundarrarekin, zeinarengandik eragin handia jaso zuen. Jorge Oteizarekin ere lotura estua izan zuen; bere «aita espiritualtzat» zeukan. Marin: «Jorge nire lanaren gainean egoten zen beti, ez niezaion gauzak egiteari utzi. Oso lagunak izan ginen; adiskidetasun oso espirituala izan zen gurea. Behin, goitik behera beltzez jantzita etorri zen, oso serio eta ilun. Argazki bat egin behar genuen, eta nik neraman bufanda gorri bat jarri nion gainetik. Orduz geroztik, Londresera nindoan aldiro, bufandak eta galtzerdiak ekartzen nizkion».

Aitzindari, margotik at ere

Osasunak utzi zion bitartean margotu zuen, eta asaldatu egiten zen oraindik margotzen jarraitzen ote zuen galdetzen ziotenean. «Noski, ez diot inoiz margotzeari utziko!», esan zuen, esaterako, duela hiru urte, Igantziko Irrisarri Landeko begiratokian (Nafarroa) bere azken lanak ikusgai jarri zituenean, Artea, amesteko eta bizitzeko erakusketan. Pedro Lantz, Javier Sagarzazu, Lesagibel, Juan Carlos Pikabea eta Iñigo Manterola artisten lanarekin batera jarri zuten ikusgai Marinena. Pikabeak egin zituen komisario lanak, eta «inguruko artearen ordezkaritza garrantzitsua» batu izana goraipatu zuen.

Denbora asko ematen zuen estudioan; urte luzez ia egunero aritzen zen hainbat orduz segidan. Amaiurren (Nafarroa) zuen lanerako tokia atondua, baina medikuak gidatzea debekatu zionetik, hara joateari utzi zion, eta Elizondora lekualdatu zuen estudioa. «Egunero margotzen, ezin naiz bestela bizi», berretsi zuen duela hilabete gutxi. Baina ez zen pinturan bakarrik aritu: etxekoengandik musikazaletasuna jaso zuen, eta Elizondoko abesbatzen elkarteko kide izan zen hainbat urtez. Eta Baztandarren Biltzarraren sorrera ere sustatu zuen, 1963an. Ibarrarekin zuen loturak eta kezkak bultzatu zuen politikagintzan ere aritzera: 1967an udal hauteskundeetara aurkeztu zen lehen aldiz, eta Baztango Udaleko zinegotzi izan zen 1967 eta 1974 artean, eta, ondoren, zinpeko alkate, 1975etik 1977ra. Emakume modura, aitzindarietako bat izan zen jardun horietan, eta hori aitortu zion, hain justu, Blanca de Navarra emakumeen elkarteak, iaz egin zioten omenaldi baten bitartez. Marinen izaeraren erakusle gehitu zuten: «Egun guztiz ohikoa zaigun arren, Baztanen galtzak janzten aurrenekotako emakumea izan zen Ana Mari, bere amarekin batera».

87 urterekin zendu da, Iruñean, gaixotasun luze batengatik ospitaleratuta zegoela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.