Baiona 21. Aurillac 16

Onenekin jokatuko du berriro

Baionak esperientzia eta kontrola baliatu ditu Bigarren Mailako finalean Aurillaci irabazi eta Top14ra itzultzeko. Bustos Moyanoren lana erabakigarria izan da, baionarren puntu guztiak lortu baititu
Baionako jokalariak, Frantziako Bigarren Mailako ligako koparekin, atzo, Tolosako (Okzitania) Ernest-Wallon estadioan, Aurillacen aurkako finala amaitu berritan.
Baionako jokalariak, Frantziako Bigarren Mailako ligako koparekin, atzo, Tolosako (Okzitania) Ernest-Wallon estadioan, Aurillacen aurkako finala amaitu berritan. AVIRON

Eneritz Zabaleta -

2016ko ekainak 5
Baiona. Iginiz, Arganese (Labouyrie, 59. min), Choirat (Peikrixvili, 12. min); Huete (Taele, 56. min), Gayraud (Huete, 70. min); Monribot (kapitaina), Van Lill (Marmouyet, 48. min), Chouzenoux; Rouet, Du Plessis; Jane, Lovobalavu, Thiery (Whitelock, 35. min), Poki; eta Bustos Moyano.

Aurillac. Fournier (Escure, 51. min), Leiataua (Pelissie, 51. min), Taukeiaho; Maninoa, Datunashvili; Maituku, Nouhaillaguet (Briatte, 48. min), Roussel; Boisset (Nanette, 63. min), Petitjean (kapitaina); Gaston (Valentin, 50. min), Shakiradze (Kempe, 69. min), Lilomaiava, Luatua; eta McPhee.

Markagailua. 3-0, 6-0, 9-0, 9-3, 12-3, 15-3, 15-6, 18-6 (atsedenaldian); 18-9, 21-9 eta 21-16.

Epailea. Cyril Lafon. Txartel horia Baionako Whitelocki (41. min) eta Taeleri (58. min).

Bestelakoak. 17.000 ikusle inguru Tolosako (Okzitania) Ernest-Wallon estadioan, tartean Baionatik joandako 3.000 zale baino gehiago.

Jada ofiziala da. Hurrengo sasoian Baiona Top14an ariko da. Sasoi bakarra pasatu du Bigarren Mailan, eta berriz ere errugbiko elitean jokatuko du. Finala irabazita, bide batez, Bigarren Mailako txapeldun izan da. Sekulako lorpena da sasoia nola hasi zen ikusita. Izan ere, duela urtebete eskas, erabat hautsita eta berriro osatzen zegoen taldea. Presidenterik ez, entrenatzailea kalean, hamazazpi jokalari bakarrik… Proiektu berri bat hutsetik hasi behar izan zuten baionarrek. Jokalariak fitxatzeko epea bukatuta, langabezian zeuden jokalariekin eta utzita etorritakoekin osatu zuten taldea. Munduko Koparen ondotik, bizpahiru jokalari on ekarri zituzten. Nola edo hala osatutako talde horrek lortu du Top14ra igotzea.

Emaitzak kontrakoa pentsatzera eman dezake, baina Baionak kontrolpean izan zuen lehia, hasi eta buka. Azken minutuan McPheek entsegua sartu zuen, eta markagailua itxuratu, baina ordura arte Baiona izan zen nagusi.

Lapurtarren esperientzia nabaritu zen. Ez zuten joko handirik egin, eta kontraerasoan haien klasea erabili zuten arriskua sortzeko. Lovobalavu, Poki eta Bustos Moyano nabarmendu ziren ariketa horretan, haien kalitatea eta talentua erakutsiz. Irabazteko, aski izan zitzaien Aurillacen falten zain egotea eta defentsan zulorik ez uztea. Hori maisuki egin zuten baionarrek. Estrategia horrek lehen zatian zuloa egiteko balio izan zien (18-6), eta bigarren zatian Aurillacen oldarraldiei erantzuteko indarra eman zien.

Frantziarrak oldarkor jardun ziren. Oldarkor, baina urduri. Lehen zatian, nerbioek eragindako zigor kolpe anitz egin zituzten. Batik bat, uztartze irekietan hormona gehiegi erakutsi zuten, eta epaileari txistua jotzeko hamaika aukera eman. Martin Bustos Moyano baionarren ostikatzaileak ez zuen gutxiagorik behar. Aukera guztiak puntu bihurtu zituen argentinarrak: sei ostikotik sei hagen artera bidali zituen.

Parean, Maxime Petitjeanek aukera gutxiago izan zuen, eta bi ostikada huts egin zituen. Baionarrek ere faltak egin zituzten, baina ez ziren falta inozoak izan, zentzuz egindakoak baizik: arriskurik gabekoak jokoa moteltzeko egindakoak. Tarteka-marteka erasora jo zuten, baina desordena gehiegirekin.

Zuloa eginda joan zen aldagelara Baiona, eta tarte hori kudeatu zuen gero. Aurillac partidan sartu zen orduan, eta arriskua sortu. Orduan, Baionaren defentsa agertu zen. Faltak desagertu ziren, Whitelocki eta Taeleri txartel hori bana atera zieten arren. Hamalaurekin ere, Baiona ez zen arriskuan egon, eta Aurillac, hurbildu bai, baina ez zen Baiona harrapatzera iritsi.

Gakoa 60. minutuko jokaldi batean egon zen. Aurillac 18-9 zen atzetik, eta entsegu aukera nabarmena ukan zuen. Horren ordez, Baionaren kontraerasoa etorri zen, eta, ondoren, zigor kolpea. Bustos Moyanok 21-9koa ezarri zuen, eta partida erabaki. Lehia amaitzearekin batera lehertu zen festa Tolosara (Okzitania) joandako 3.000 zaleren baino gehiagoren artean, baita Baionan ere. Ospakizunek segida izanen dute gaur.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna