Ricky Ross. Deacon Blue taldeko abeslaria

«Sortzen jarraitzea egindako horri bizirik eusteko modua da»

Iraganean egindakoaz gozatuz baina kontzertu nostalgikorik emateko asmorik gabe, Deacon Blue Donostiako Viktoria Eugenian ariko da etzi. Ricky Ross abeslariak ez du «egindakoarekin bakarrik» gelditu nahi.

BERRIA.
Andoni Imaz.
2019ko martxoaren 3a
00:00
Entzun
Duela 30 urte jo zuen goia, baina aretoak betetzen ditu oraindik ere, «sormen handiko garai batean» baitago. Eskoziako pop rock taldea da Deacon Blue, eta haren ahots bereizgarrietako bat Ricky Ross (Dundee, Eskozia, 1957). Gozoa da kantariaren ahotsa, baita taldeak sortzen dituen melodiak ere. Garai bateko hit-ak eta eragina alde batera utzi ditu taldeak, baina egoera lasaiagoan eroso sentitzen dira kideak, eta salmenta zerrendetan leku onak lortzen jarraitzen dute, gainera. Asteartean, Donostiako Viktoria Eugenia antzokian ariko dira, taldearen osasun ona jendaurrean erakusteko.

Iraganari begiratzearekin batera, etorkizunari begira ere badaudela nabarmentzen du Ross abeslariak. Donostiako kontzertua biltzen duen birari 30 Years and Counting izena jarri diote, hain zuzen, ideia hori jarri nahi dutelako erdigunean: «Hemen gaude iragan bat daukagulako, eta zoragarria da jendeak gure musikarekin bat egin izana, eta bat egiten jarraitzea». Urte hauetako guztietako lanak joko dituzte emanaldian, taldeak egin duen ekarpen osoa jasotzeko, baina nostalgiari eskainitako gaua izateko asmorik gabe.

Duela hiru urte kaleratu zuen Deacon Bluek estudioko azken lana: Believers. Sona lortu zuen Erresuma Batuan, eta hamahirugarren postuan estreinatu zen hango salmenta zerrendan. Ross «gustura eta eskertuta» ageri da azken lanek izan duten harrerarekin. Nabari du diskoak balio izan duela gizartean «onarpena areagotzeko», bi urte lehenago argitaratu zuten A New House lanarekin izan zuten gorakadari jarraituta.

1990eko hamarkadan, Eskoziako pop talderik sonatuena izan zen Deacon Blue, Madonna bera ere garaitu zuena gehien saldutako diskoen zerrendan, When the World Knows Your Name bigarren lanarekin. Steely Dan taldearen kanta batetik hartu zuen izena taldeak, eta 1987an kaleratu zuen Raintown estreinako diskoa. Taldearen sormenaren «gailurretako bat», Rossen ustean: «Disko horregatik izan da posible ondorengo guztia. Hor sortu genuen atmosfera oso berezia da, ez dugu sekula ahaztuko».

Arrakasta handia izan zuen lehen lanak, eta bigarren diskoarekin emandako jauzirako prestatu zituen zaleak. Zerrendako lehen postura igaro zen When the World Knows Your Name, eta taldearen historian arrasto nabarmena utzi dute Real Gone Kid eta Wages Day abestiek, besteak beste.

Talde askoren antzera, banaketa bat izan zuen Deacon Bluek ere, taldearen une gorenean. Kideek beste proiektu batzuei eman zieten lehentasuna, eta 1994an erabaki zuten taldearen bidea etetea. Rossi, dena den, ez diote oroitzapen txarrik ekartzen garai haiek: «Uste dut taldearen mesedetan izan zela, beste gauza batzuk egin eta musikaren beste alde batzuk ezagutu genituelako. Taldea bera baloratu ahal izan genuen».

Bost urteko etenaldia izan zen azkenean, eta Walking Back Home diskoarekin itzuli ziren agertokietara, taldeak aurretik eginak zituen hainbat abestirekin. Haren atzetik etorri zen Homesick (2001), Graeme Kelling gitarristak, ordurako minbiziak jota, hil aurretik grabatu zuen azken lana.

Kantu bilduma bat kaleratu zuten arren, 11 urte eman zituen Deacon Bluek estudiotik kanpo, 2012an The Hipsters grabatu zuten arte. Orduan hartutako olatura igota jarraitzen du taldeak, eta disko horrekin birdefinitutako soinuak gidatu du azken urteotan egin duen bidea. Halere, Rossek ez du alde handirik nabari ordukoaren eta oraingoaren artean: «Dena aldatzen da, eta ez da erraza esatea zein modutan, hasieran egiten genuena egiten dugulako orain ere: musika. Sortzen jarraitzea egindako horri bizirik eusteko modu bat da».

Zaleekin «berdintzea»

Iaz, Deacon Bluek lehen aldiz egin zuen bisita Espainiara, To Be Here Someday. Celebrating 30 Years of Deacon Blue izeneko birarekin. Aurtengoa «berdintze» bat izango da, Rossen hitzetan, «oso eroso» sentitu zirelako iazko emanaldietan, eta «errepikatzeko desiratzen» amaitu zutelako. Hala, Euskal Herrian (Donostia), Herrialde Katalanetan (Bartzelona, Valentzia), Galizian (Coruña) eta Espainian (Madril, Zaragoza) ariko dira 30. urtemugaren ospakizunaren bigarren zatian.

«Badago Euskal Herria eta Eskozia batzen dituen zerbait», Rossen ustean: «Gauzak beste modu batera egiteko nahia». Believers azken diskoan, aurreko lanetan baino karga politiko handiagoa sumatu du zenbaitek, baina abeslariak uste du lehen baino «lasaiago eta begirada zabalagoarekin» idazten duela kezkatzen duten gauza horien inguruan. Diskoari izena ematen dion kanta, ordea, migratzaileen krisiaren inguruko abesti bat da, esperantzaz betea. «Abeslaria naiz, eta ez politikaria, baina baditut nire kezkak, eta ahots goran pentsatzen dut zenbaitetan. Ez nituen Dignity edo Wages Day idatziko, adibidez, inguruan gertatzen denak kezkatuko ez banindu».

Taldeak kaleratu duen azken lana Live at the Glasgow Barrowlands (2017) da, zuzenean grabatutako disko eta bideoa, taldea banandu aurreko azken emanaldia egin zuten areto berean egina. Atzera begirako lan berezia da, baina Ross etorkizunaz ere aritzen da etengabe: «Ez dugu egindakoarekin bakarrik gelditu nahi». Abesti berriak prestatzen ari da Deacon Blue, eta aurten grabatzea espero dute, datorren urtean diskoa kaleratzeko. Taldearen musikaz gozatu duten zaleekin bat egitea lortu nahi dute orain kontzertuetan: «Gauza ederra da zure mezua jendearengana iristen denean eta sentitzen duzunean egindako horrek balioa hartzen duela».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.